Iturripeko proiektua, urtebeteko epean idatzita

Hasier Larrea 2024ko uzt. 11a, 16:16

Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua idazteko pleguak onartuko ditu Udal Gobernuak. Kirol kantxa, frontoi berria, gimnasioa, herri bazkariak egiteko aukera eta taberna izango ditu. Lanak 2025aren amaieran edo 2026ko lehen hilabeteetan hastea da asmoa

Iturripeko kiroldegi berrirako oinarriak, proiektua idazteko pleguak, onartu zituen atzo Udalak Tokiko Gobernu Batzordearen bitartez. Hortaz, instalazioaren edukiak definituta daude dagoeneko. Maider Morras Azpiazu alkateak azaldu duenez, "eremua eraikin huts bat izatetik funtzio soziala izango duen proiektua izatera pasako da; auzokideentzako zein kirolarientzako leku erreferente bilakatuko da, elkargune izateko asmoarekin".

Lehiaketara atera den proiektuaren idazketak hiru interbentzio nagusi jaso beharko ditu: eraikin berri bat egitea gaur egungoa birgaitu eta berriarekin parekatuta, frontoi berriak egitea eta urbanizazio erabilgarri eta jasangarria egitea. Proiektua bere osotasunean NZEB (Kontsumo Ia Nuluko Eraikinak) irizpideekin egingo dute: "Hau da, errendimendu energetiko oso handia bermatuko duen eraikuntza-konplexua izango da, eta behar izango den energia-kopuru urria iturri berriztagarriek bermatuko dute".

Eraikinak, azalera bikoitza

Beste pabilioi batekin osatuko dute gaur egungo kirol-eraikina; hau da, biak integratuko dituzte kiroldegi berri eta bakarrean. Hala, bikoiztu egingo dute azalera: 2.170 metro karratu izatetik 4.206 metro karratu izatera pasako da. Eskubaloia, areto-futbola, areto-hockeya, saskibaloia, badmintona, tenisa eta boleibola uztartzeko kantxak izango ditu, eta sabaitik automatizatutako bi errezelek zeharka hiru eremu sortzea ahalbidetuko dute. "Modu horretan, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu, aldi berean kirol ugari egiteko aukera izanez", adierazi du Garazi Etxeberria San Miguel udal ordezkariak.

Aipatutakoez gain, bi gimnasio izango ditu, herritarrek eta kirol klubek erabiltzeko, eta erabilera askotariko bi areto, barruko kirolak egiteko –arte martzialak, kontaktu-kirolak, kirol aerobikoak, jarduera gidatuak...– edota publiko espezifikoentzako ikastaroak antolatzeko. Kirol klubentzako bulegoak eta bilera gela bat ere batzen ditu proiektuak.

Erabilera soziala

Iturripeko kiroldegi berria inguruko auzokideentzat elkargune izatea nahi du Udal Gobernuak. "Horregatik sartu nahi izan dugu taberna bat gune horretan, kirol lehiaketak daudenerako eta egunerokoan ere bizilagunen topaleku izateko", adierazi du alkateak. Ildo beretik, kiroldegiak herri bazkariak, festak, ekitaldiak, kontzertuak eta ospakizunak jasoko ditu.

Frontoiaren birkokatzea

Aramaio errekaren erribera liberatzeko helburua ere badute; hortaz, ibaiaren gainean dauden frontoiak birkokatu egin beharko lirateke. Gainera, harmaila txiki bat izango lukete.

Edozein pertsonarendako

"Proiektu inklusiboa eta genero berdintasunean oinarritutakoa" izango da. Hala, edozein pertsonak bermatuta izango du espazioak modu efizientean erabiltzeko aukera.

Lanak, urte eta erdi barru

Dagoeneko pleguak atera dituzte, proiektua urtebeteko epean idatzita egon dadin. "Ea datorren negurako dugun aurreproiektuaren erredakzioaren lehen proposamena, maketa batekin lagunduta. Maketa hori herritarren eskura jarriko dugu. Ondoren idatziko dute proiektu osoa. Beraz, eraikuntza lanak 2025 eta 2026 artean hasiko dira", Morrasen esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak