Goienak lankidetza hitzarmena sinatu du Eusko Ikaskuntzarekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 5a, 10:00

Bost urteko iraupena du akordioak, eta jasotako konpromisoen betetze maila aztertuko dute urtero: Goienak aukera du Eusko Ikaskuntzaren eduki eta adituak kontsultatzeko, baina, era berean, erakundeak egiten dituen ekintzen berri eman beharko du, bereziki urrian egingo duen kongresuarena.

Lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Goiena Komunikazio Taldeak eta Eusko Ikaskuntzak, Debagoienean interesa piztu dezaketen gaiak "sakontasunez lantzeko eta ezagutza partekatzeko", eta, aldi berean, Goienak Eusko Ikaskuntzak bultzatutako egitasmoen berri "informazio zehatzagoa" emateko.

Monika Belastegi Goiena Komunikazio Taldeko lehendakariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzakoak sinatu dute, hain justu, hitzarmena Arrasaten, Goienaren egoitzan, eta horrek ahalbideratuko duena izan dute gogoan. Urkizaren hitzetan, Goienak aukera izango du Eusko Ikaskuntzako landutakoak debagoiendarren artean zabaltzeko eta "bide errazagoan" bideratzeko: "Erakundeak egiten dituen proiektuak eta, batez ere, euskal kulturaren transmisio hori, herritarrengana modu zuzen, hurbil eta erabatekoan egiteko bidea da".

Belastegik, berriz, azpimarratu du Goienarentzat "aberasgarria" dela horrelako elkarlan esparru bat sinatzea, alde batetik, Goienak eskura izango dituelako Eusko Ikaskuntzak landutako gaiak bere edukietan txertatzeko; eta bestetik, erakundearen funtsak ere erabilgarri izango dituelako: "Jakinekoa da, ezta? Eusko Ikaskuntzak ondare oso garrantzitsu bat du, hainbat dokumentazio funts kudeatzen ditu, eta horiek erabiltzeko aukera izango dugu Debagoienarentzat interesgarria den heinean". Horrez gain, Eusko Ikaskuntzako adituei kontsultak egiteko aukera ere izango du hedabideak, lantzen diharduen gaietan sakontzeko.

Babesle izango da Goiena

Era berean, Goienak ere Eusko Ikaskuntzari laguntzeko urratsak egingo ditu; esate baterako, urriaren 2, 3 eta 4an, Herri itunak jendartearen eta lurraldearen kohesiorako izenpean, Gasteizen egingo duten Eusko Ikaskuntzaren hemeretzigarren kongresuan izango da. "Kohesioa izango da giltzarria, eta kohesio horretarako azken sei urtean egin ditugun proiektuen berri emango dugu; baita itun edo balizko itun horien bidez zer proposamen egiten zaion gizarte honi ere, bere garapen sozioekonomikoan zein jendartearen eta lurraldearen kohesioan egin beharko genituzkeen bide edo lanketak zehazteko", azaldu du Urkizak.

Goienaren ardura izango da, horrenbestez, kongresu horren berri ematea eta babesle izatea, Belastegiren hitzetan: "Hemezortzigarrenean ere parte hartu genuen, baina hemeretzigarren honetan beste modu batean egingo dugu. Esango nuke indar berezia jarriko dugula: batetik, kongresua bera babeste; eta bestetik, kongresuaren berri emanez eta zabalkundea eginez".

Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du, eta urtean behin bilduko da jarraipen batzorde bat hitzarmenean jasotako konpromisoen beharrak identifikatzeko eta betetze maila ziurtatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak