Maider Morras Arrasateko alkateak eta udalbatzak eginiko harrerarekin hasi da ekitaldia; Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariari, mahaikideei eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiari, alegia. Ostean etorri dira dantzarien harrera eta zumitzezko uztaia ematea. Klarinek Gipuzkoako ereserkia jo eta gero sartu dira udaletxean, mazadunak aurrean zihoazela, eta lehendakariak, diputatu nagusiak eta alkateak ohorezko liburuan sinatu dute.
Hain justu, Arrasateko udaletxeko osoko bilkuren aretoak gisa horretako osoko bilkura bat hartzen duen hirugarren aldia izan da gaurkoa: 1979an izan zen lehen aldiz –Jose Antonio Ardantza alkate zenean– eta 2001ean bigarrenez –Xabier Zubizarreta Txiron alkate zela–. Berezia izan zen lehena, Foruen aboliziotik mende bat igaro eta gero Batzar Nagusiak biltzen ziren lehen aldia zelako: duela 45 urte, Arrasaten, berreskuratu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta Ezeizabarrenak eta Morrasek, biek, ekarri nahi izan dute hori gogora.
Elkarlanean azpimarra
Morrasek adierazi duenez, "erronka handiak" dituzte parez pare, eta elkarlanaren eredua jarri du mahai gainean: Arrasaten herrigintzan eta elkarlanean aritzen erakutsi dietela txikitatik eta gustatuko litzaiokeela eredu hori Batzar Nagusietan islatzea. "Erronka berrietara egokitu behar gara desindustrializazio garai honetan, industria eta enpresa ereduaren alde jardun behar dugu ezinbestean. Eta Arrasatetik zein Debagoienetik hamarkadatan pilatutako jakintzarekin Gipuzkoari gure ekarpena egiteko prest gaude".
Hala ere, alkateak gaineratu du hori guztia bakarrik edo elkarri bizkarra emanda egiterik ez dagoela: "Elkarrekin lan egin behar dugu, gizartearen gehiengoa errespetatuz. Eta akordioak bilatuz, egunero akordioak bilatuz eta lan eginez. Kultura politiko berriak martxan jarri behar ditugu. Bakarrik azkarrago joango gara, baina batera urrunago joango gara".
Xabier Ezeizabarrenak, bere aldetik, esan du "lehia politiko zentzuzko bat bilatzea" izan behar dela helburu nagusia, eta herritarrentzat gai nagusiak direnetan "elkar hartzeko borondatea" behar dela: "Arazoak eta erronkak antzeman. Konponbideak pentsatu eta erabaki politikoak hartu. Eraikitakoari eutsi, hobetu. Baita autokritika eginez ere. Aukera politikoa bat daukagu herriaren onerako berrikuntzak adostuz. Hori da politika herri ikuspegiz egitea eta behar duguna".
Ezeizabarrenak lehen lerrora ekarri du euskararen gaia ere, azken 40 urtean ikusi gabeko epaiak direla-eta: ezin dugula kostata eraikitako eskubideetan atzera egin esan eta errespetua eskatu du: "Euskararen eremu handiagoa dute gaztelaniak eta frantsesak badakigu. Baina baita ingelesak. Eta baita ingelesak bi hizkuntza horiek baino. Eta inork ikusi al du politikari espainiarrik edo frantsesik esaten hobe dutela ingelesa lehenestea? Lehenbizi ingelesez eta gero gazteleraz? Ez, ala? Horixe ba: guk ez dugu gehiago eskatzen, ezta gutxiago ere euskararentzat".
Estatus politikoa
Biek ala biek estatus politikoari erreferentzia eginez bukatu dituzte hitzartzeak. "Gure erabakien jabe izateko estatuz berri baten beharra" aldarrikatu du Morrasek; eta "herri honen estatus politikoa aske eta demokratikoki erabakitzeko, hitza gipuzkoarrek eta gainerako euskal herritarrek izatea" azpimarratu du Ezeizabarrenak.
Batzar Nagusiak Donostian elkartuko dira urtebete barru: 2025eko uztailaren 2an.