Arrasateko udalbatzan ordezkatuta dauden lau alderdi politikoak ados jarri dira LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunari begira eta adierazpen instituzionala egin du Udalak. "Historiak erakutsi digu ikusgaitasuna urrats garrantzitsua dela, izendatzen ez dena ez dela existitzen. Horregatik, legealdi honetan Berdintasun Sailaren izena aldatu eta Arrasateko Udalean lehengo aldiz LGTBI+ politikak garatzeko erabakia hartu dugu. LGTBI+ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatu ditugu", dio adierazpenak.
Halaber, sexu eta genero-aniztasunaren ikusgarritasunak gizarte gisa aurrera egiteko aukera ematen duela ere nabarmentzen du idatziak. "Aniztasun hori aitortzea eta ospatzea, justizia-ekintza izateaz gain, komunitate gisa aberasteko aukera ere bada. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa da".
Onarpen soziala handitzen
Udal ordezkariek adierazi dutenez, sexu eta genero-aniztasunaren onarpen soziala "gero eta handiagoa" da, hein batean, "euskal gizarte osoaren elkarlanari esker". Horri lotuta, zera azpimarratu dute: "Lan hori funtsezkoa izan da armairurik eta loturarik gabe, aurreiritzirik eta estigmarik gabe, bizi ahal izateko, komunitatea eraikitzeko. Babes-keinu bakoitzak, ikusarazte-ekintza bakoitzak, mugimendu hori indartzen eta aurrera jarraitzeko gure erabakia berresten laguntzen du".
Eragileekin koordinatuta
Biharko egunez bakarrik ez, urteko egun guztietan LGTBI+ pertsonen eskubideekin duten konpromisoa politikoa adierazi dute udal ordezkariek. "Hitzetatik haratago, gure konpromisoa politika zehatzetan islatu nahi dugu. Horregatik, Arrasateko Udalak, lehenengo aldiz, aurrerapausoak eman ditu LGTBI+ kolektiboarekin daukagun zor historikoa kitatzeko, eta, horretarako, baliabide tekniko eta ekonomikoekin, mugimendu feminista eta LGTBI+ kolektiboko ordezkari eta adituekin, ildo politiko berri hau adosteko eta garatzeko lehengo pausoak eman ditugu", azaldu dute.
Hala, LGTBI+ eta gizarte eragileekin koordinatuta, diagnostiko bat egingo dute, Arrasate LGTBI+ kolektiboaren errealitatearen argazkia zein den ezagutu eta bizi-baldintza duinak bermatzeko talka plan berezi bat diseinatuta eta garatuta.
Mobilizazioetan parte hartzeko deia
Udalak mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak, besteak beste, Morborrek deitutako elkarretaratzean. "Diskriminazio modu guztiak baztertzeko dei egiten diegu, baita LGTBI+ mugimenduak gure herrian deitutako manifestazio eta ekitaldi guztietan parte hartzeko ere. LGTBI+ Harrotasun eguneko ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, espazio publikoa kolorez eta aldarrikapenez betez, Arrasate berdinzaleago eta anitzagoa izan dadin".
Historiari begiratu bat
Adierazpen instituzionala baliatu dute gaia testuinguruan jartzeko. "55 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpenaren aurrean antolatu eta planto egin zutenetik. Gertakari hauen ondoren ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da: borroka disidente luzea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere. Hamar urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa Maria (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabestia izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGTBI+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten lehengo aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz".