Eguenean Eusko Legebiltzarrak lehendakari izendatu ostean, gaur goizean zin egin du kargua Imanol Pradales jeltzaleak Gernikan eta arratsaldean eman dituzte jakitera Eusko Jaurlaritza osatuko duten hamabost sailburuak. Horietatik hamar EAJkoak izango dira, eta beste bostak alderdi sozialistakoak. Inoizko sailburu kopuru handiena izango du Jaurlaritzak; aurreko legegintzaldian baino lau gehiago.
Izenen artean dago Maria Ubarretxenarena (Urretxu, 1980) Arrasateko alkate ohiak (2015-2023) eta egungo Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak hartuko du Eusko Jaurlaritzaren bozeramile kargua eta horrekin batera, Gobernantza, Administrazio digital eta Autogobernu sailburu izango da. Deustuko Unibertsitatean Humanitateetan eta Enpresan lizentziaduna, Ubarretxenak aurretik ere ezagutzen du Jaurlaritzako jarduna, Gizarte Ekonomiako zuzendari izandakoa baita.
Pedrosa, Hezkuntza sailburu
Bestalde, Begoña Pedrosa (Areatza, 1975) izango da Hezkuntza sailburua. Pedrosa Mondragon Unibertzitako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen 2014tik 2020ra bitartean. Azken legegintzaldian Hezkuntza sailburuorde izan da bizkaitarra.
Hamar jeltzale, bost sozialista
EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuan jeltzaleek izango dituzten hamar ordezkarietako bi dira Ubarretxena eta Pedrosa.
EAJkoak izango dira baita ere lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea; Ogasun eta Finantza sailburu Noel d'Anjou; Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi; Segurtasun sailburu Bingen Zupiria; Osasun sailburu Alberto Martinez; Ongizate, gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosa; eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez; eta Elikadura, Landa Garapen eta Arrantza sailburu Amaia Barredo.
Jaurlaritzako kide sozialistak ondorengoak izango dira: Mikel Torres, bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua; Denis Itxaso, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua; Susana Garcia, Mugikortasun Jasangarriko sailburua; Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; eta Maria Jesus San Jose, Justizia eta Giza Eskubideen sailburua.
Asteartean Ajuria Enean egingo duten ekitaldian hartuko dute sailburu berriek kargua.
Arrasateko EAJren mezua
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta sailburu izango dela jakin denean, Arrasateko EAJk zorion mezu bata helarazi nahi izan dio prentsara igorri duen mezu baten bidez: "Maria Ubarretxena zoriondu nahi dugu bere ibilbide politikoko erronka berri eta esanguratsu honengatik. Arrasateko Udalean egin dituen zortzi urteetan, Ubarretxenak konpromiso hautsezina erakutsi du gure udalerriaren eta arrasatearren hobekuntzarekin eta garapenarekin. Bere dedikazioa eta lan ona gure udalerriaren egungo lorpenetan islatzen dira, bere lan nekaezin eta eraginkorraren emaitza baitira”. Era berean, aro berrian "zorterik onena" opatu diote.