Artea, hausnartu eta mugitzeko

Gontzal Belategi Zubia 2024ko eka. 20a, 15:53

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur eta, palestinar errefuxiatuek bizi duten errealitatea ezagutu eta zabaltzeko, artibismoa izan dute oinarri Arrasate Institutuko Batxiler artistikoko bigarren mailako ikasleek UNRWArekin elkarlanean herrian barrena egin duten ekimenean.

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Arrasate Institutuko Batxiler artistikoko bigarren mailako ikasleek tailerrak egin dituzte, errefuxiatu palestinarren egoeraren berri izan eta haien errealitatea zabaltzeko. Artibismoa, artearen eta aktibismoaren arteko nahasketa, izan dute oinarri egoeraren berri jaso, hausnartu eta ikasitakoa kalera zabaltzeko. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia (UNRWA) izan dute bidelagun prozesu horretan.

Artibismoa

Artibismo ekintza gauzatu ahal izateko sei orduko tailerra egin dute ikasleek, hiru saiotan banatuta. Hasteko, lehen saioan, Palestinako errealitatea ezagutu dute, baita okupazioak dakarrena ere. Bigarren saioan, Irantzu Lekue artistarekin batera artea aktibismorako tresna bilakatzeko dauden aukerak ikasi dituzte. Horrekin batera, arteak gisa horretako gaiak lantzeko duen erabilgarritasuna ikusi dute hainbat adibideren bidez. Saio horren amaieran, eta azken saioan, ikasleek taldeka ekintza artibista bat diseinatu dute, Palestinako errealitateari buruz jendea sentsibilizatzeko helburuarekin.

PALESTINARREN ERREALITATEA EZAGUTARAZTEKO AKTIBISMO EKINTZA EGIN DUTE IKASLEEK

Eguraldi txarrari aurre eginez, lan horiek ikasgelatik atera dituzte gaur, Arrasateko kaleetan barrena egindako artibismo ekintzaren bidez. Lanak Arrasateko hiru gunetan jarri dituzte ikusgai: alde zaharrean, Ferrerias kalean eta Nafarroa hiribidean, kolarekin paretetara itsatsita. 10:30etik 12:00ak arte inguru iraun du ekintzak.

Ikasleak gustura ibili dira prozesu osoan zehar. "Ondo egon da prozesua; ezberdina izan da, batez ere", adierazi du Naroa Sanzek, Arrasate Institutuko ikasleak. Kritikarako ere aukera izan dute parte-hartzaileek, eta hasiera batean "talka" batzuk izan zituztela onartu du Noa Iglesias ikasleak. Hala ere, behin tailer guztiak eginda eta lanak kalean ikusita, "amaierako emaitzarekin pozik" dagoela esan du Iglesiasek. "Gure pribilegiotik zerbait aldarrikatzeko aukera ona izan da", gehitu du Sanzek.

UNRWArekin lanean

Palestinar errefuxiatuei eta haien ondorengoei laguntzeko asmoz sortutako erakundea da Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia, UNRWA izenez ezagunagoa. Agentzia hori izan da Batxiler artistikoko bigarren mailako ikasleen bidelagun artibismo ekintzak gauzatzeko. Miriam Amubieta UNRWA Euskadiko Gipuzkoako Hezkuntza teknikariak adierazi du sarri egiten dituztela horrelako ekintzak, errefuxiatuen egoera ezagutarazteko asmoz: "UNRWA Euskadik 2006a ezkero lan egiten du sentsibilizazio eta herritartasun globalerako hezkuntza proiektuetan. Gure lana jendeak Palestinako errefuxiatuen errealitatea ezagutzea da, haien egunerokoa azaltzea eta errealitatearen inguruan herritarrak sentsibilizatzea".

Ikasleen jarrerarekin pozik dago Amubieta: "Esango nuke adi entzun dutela jasotako informazioa. Gazako sarraskia presente dago albistegietan, eta, beraz, gelara iristerako, jada informazio pixka bat badute. Gu saiatzen gara haiek eduki dezaketen informazioa areagotzen, errefuxiatuen errealitatea sakonago ezagutu dezaten eta datuen atzean dauden pertsonen istorioak ezagutarazten". "Esperientzia positiboa izan da, ikasleek interesa agertu dute errealitate honi buruz gehiago jakiteko eta arte diseinuak egiteko orduan ere iniziatibarekin eta gogotsu aritu dira lanean", gaineratu du UNRWAko kideak.

Datuen atzeko pertsona horietako bat Arrasate Institutuko ikaslea da, eta, gazteagoa izan arren, harekin ere egon dira. "Arrasateko ikastetxean bada palestinar jatorria duen ikasle bat. Honen berri izanda, saiatu gara ikasle horren testigantza saioetan txertatzen, eta herrian egindako ekintzan parte hartzera gonbidatu dugu. Palestinar errefuxiatuen testigantzak zuzenean eta lehen ahotsetik entzutea beti oso aberasgarria da, gertuago sentitzen dute ikasleek azaltzen zaien errealitatea".

Palestinarren errealitatea

Urriaren 7ko gertakarien ostean Israelek palestinarren aurka abiatutako ofentsibak haien errealitatea irauli du, eta milaka hildako, zauritu eta erbesteratu utzi ditu. Hala ere, palestinarren aurkako jazarpena ez dela berria gogorarazten du UNRWAk, Nakba izenez ezagutzen den 1948ko maiatzaren 15eko gertakarien eraginez sortutako lehen 700.000 errefuxiatu palestinarrei laguntzeko sortu zuten-eta UNRWA.

ERREFUXIATU PALESTINARREN KOPURUA 5,9 MILIOITAN ZEHAZTU DU UNRWA-K

Errefuxiatu kantitateak, behera egitetik urruti, gora egin duela azaldu du Amubietak. Barne-desplazatuak ere aipatu ditu; hau da, etxea uztera behartutako pertsonak, euren herrialdeko mugen barruan mantendu arren. "Palestinako errefuxiatuak mundu mailan errefuxiatu izaten denbora gehien daramaten biztanleak dira; aurten 76 urte bete dira errefuxiatu bilakatu zirenetik, eta gaur egun ia 5,9 milioi errefuxiatu daude Ekialde Hurbilean: Libanon, Sirian, Jordanian, Zisjordanian eta Gazako Zerrendan".

Lekuaren arabera errefuxiatuek errealitate ezberdina bizi dutela gogorarazi du Amubietak. Egun palestinar lurraldeetan bizi diren desplazatuen muturreko egoera aipatu du: "Bizi diren tokiaren arabera, haien errealitatea eta egunerokoa ezberdina da. Zisjordaniaren eta Gazako Zerrendaren kasuan –okupazioak, blokeoak, harresiak, kontrolak eta abar–, egunerokoan muga eta oztopoak dituzte, euren oinarrizko giza eskubideak maiz urratuak dira eta azken hilabeteetan Gazan gertatzen ari den erasoaldiak bertakoen egoera aurrekaririk gabeko larrialdira eraman ditu".

Gazan bizi duten egoerari aurre egiten dion talde nagusienetako bat da UNRWA. Hala ere, Israelek jarritako traben eraginez, haien lana modu egokian gauzatu ahal izatea ia ezinezkoa egiten zaie. "Gazako larrialdi humanitarioaren testuinguruan, herritarren beharrei erantzuna ematen saiatzen ari den agentzia humanitario nagusia da UNRWA. Momentu honetan, lan hori burutzea oso zaila da, gaur egungo baldintzak kontuan izanda eta Gazara laguntza humanitarioa sartzeko jartzen ari diren oztopoak kontuan izanda", adierazi du Amubietak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak