Garaia Berrikuntza Gunean egin du aurten Goiena Komunikazio Taldeak urteko Batzar Orokorra. Arlo ekonomikoari dagokionez, urte "ona" izan dela adierazi du bertako zuzendari Iban Arantzabalek: "2023a galera txiki batzuekin bete dugu. Bete dugula diot, izan ere, Goiena Komunikazio Taldea irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da. Baina ekonomikoari dagokionez, urte ona izan da; langileetan inbertitu da, aparatuetan, telebistan, sare sozialetan eta beste hainbat lekutan, eta horrekin pozik egoteko moduan gaude".
Goienaren bueltan dauden enpresak ere ondo doaz: Batu Banatuk, Goiena eta Puntua banatzeaz gain, etxez etxeko banaketa zerbitzuak egiten ditu eta 25 lagun inguruk dihardute bertan lanean; Abao Komunikazio Agentzian merkatu zabala dago eta iaz 17.000 euroko irabaziak izan ditu; eta mugikorretarako aplikazioak egiten dituen Batura enpresarekin Argentinara saldutako aplikazio berezi batekin dabiltza orain lanean, esaterako.
Audientzia datuak
Audientzia datuak ere izan dituzte berbagai: "Geroz eta digitalagoa da mundua eta hedabideak ere bai. Paperak jarraitzen du izaten oraindik oso estimatua den hedabide bat eta ikus-entzunezkoek ere bai. Ez horrenbeste telebista formatua bere horretan, nahiz eta telebista oraindik egunero-egunero 5.000 lagunek ikusten duten. Bai esango nuke ikus-entzunezkoek badutela indarra Goiena.eus-en eta gainontzeko plataformetan", adierazi du Arantzabalek.
Bideogintzan, aurrera
Nobedadea izan da 2023an Goienaren hainbat eduki Primeran plataforman ere badaudela, eta hor nahieran ikus daitekeela, Goienaren aplikazioan bezala. Gainera, ikus-entzunezkoak beste modu batera lantzen ere hasita daude; bertikalean, Tik Tokerako eta beste modu batera. Arantzabalek gaineratu du Zut eta Ttap aldizkari digitalak egiten asko ikasi dutela, eta jarraitzen dutela horiek egiten eta bideogintzan ere aurrera egiten.
Goienakideak mimatzen jarraitzeko asmoa
2024rako kudeaketa plana ere aurkeztu dute, eta aurten oraindik gauza berriak ikusiko ditugula ere aurreratu du Goiena Komunikazio Taldeko zuzendariak: "Esaterako, aurkeztu dugu batzar orokorrean E-paper-a, E-Goiena edo Goiena aberastu bat nola izan daitekeen digitalean. Lehenengo probak egiten gabiltza, ez daukagu hau oraindik erakusteko moduan, batzarrean printza bat baino ez dugu erakutsi, eta pentsatzen dut horrek urte amaierarako ekarriko duela garapen bat".
Garapen hori aplikazioan ikusi ahalko da; izan ere, Goienakideak mimatzea nahi dute, Goienakide gehiago nahi dituzte, horrek babesten duelako Goienaren proiektua eta horrek eragiten duelako komunitate sendo bat, eta hori ekarriko du, besteak beste, batzarrean aurkeztutako E-Goiena paper aberastuak.