Patologia dualaren zurrunbiloa

Mireia Bikuña 2024ko eka. 25a, 14:24

Mendekotasun bat eta buruko nahasmendua duten pertsonak dira patologia duala dutenak. Diagnostiko zaila duen gaixotasuna da, eta hori sufritzen duten pazienteak eta haien familiak muturreko egoerara eramaten ditu. Arrasateko Katearen Loturak elkarteak horietako batzuk batzen ditu.

Puntua aldizkariaren 416. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Adikzio edo mendekotasun bat duten pertsonen %70ek buruko nahasmendu edo gaitzen bat izaten dute. Patologia dualaz hitz egiten da pertsona berean adikzioagatiko nahasmendu bat eta beste nahasmendu mental bat elkartzen direnean. "Beste buru-nahaste" hori azpimarratu behar da, gaur egun zientziak esaten baitu adikzioa bera nahasmendu mentala dela, izan substantziekiko edo izan portaerarekiko: jokoarekiko, erosketekiko, janariarekiko, sexuarekiko... Orain arte, pertsona horiek gaizkiletzat jotzen ziren, baina gaixorik daude", azpimarratu du Olatzek, patologia duala duen baten amak.

Definizioa irakurrita, erraza dirudi diagnostikoa egitea, baina errealitatea oso bestelakoa da. Are gehiago, patologia duala ez dago gaixotasun gisa katalogatuta. "70eko hamarkadan, adikzioei psikiatriatik eta medikuntzatik heltzen zitzaien, eredu okerrak, faltsuak eta desegokiak erabiliz. Mendekotasunak eta bestelako patologia mentalak baztertzaileak ziren. Okerreko eredu haren ondorioz, adostutako tratamenduak eta laguntza baliabideak ere okerrak izan ziren eta gabezia handitu egin zen", esan du Javier Ogando Rodriguez psikiatra erretiratuak.

MENDEKOTASUN BAT ETA BURUKO NAHASMENDUA DUTEN PERTSONEK DUTE PATOLOGIA DUALA

Diagnostikoaren zailtasuna

Adituek diote profesionalek osasun mentaleko eta adikzioetako prestakuntza egokirik ez badute oso zaila dela diagnostiko egokia egitea. "Paziente nerabeen eta adingabeen kasuetan pediatrak egin beharko luke diagnostikoa, eta beste kasu guztietan, familiako medikuek eta osasun mentaleko profesionalek", azpimarratu du Ogando Rodriguezek. Behin diagnostikoa eginda, nahasmen duala eragiten duten bi gaitzak batera tratatu behar direla aldarrikatzen dute paziente horien familiek. "Osotasuneko tratamendu bat eman behar zaie. Ezin dira ibili noraezean. Espezialista batetik bestera ibiltzen dira, bakoitzak bere arloa baloratzen eta tratatzen baitu. Alegia, bi gaitzak tratatzeko protokoloak eta betebeharrak bateratuak izan behar dutela. Medikuek, adikzioetako adituek, psikiatrek, psikologoek... batera egin behar dute lan", esan du Arrasateko Katearen Loturak elkarteko kide eta patologia duala duen pertsona baten ama Mariak.

Dena den, batzuetan, diagnostikoak ere ez dira zuzenak izaten, horrek dakarren guztiarekin. "Oraindik ez dakigu zein den detonatzailea. Gauza gehiago egon daitezkeelako atzean. Baliteke pertsona horrek aldez aurreko ahultasun bat izatea eta substantzia bat probatzen duenean eztanda egitea edo jatorria kontsumoa bera izatea", kontatu du Juliak.

Zurrunbiloan sartuta

Patologia dualaren zurrunbiloak pazienteak irensten ditu, baita haien eskutik doazen beste guztiak ere: senitartekoak, familiak, gurasoak, anai-arrebak, lagunak... Eta zurrunbilo horretan sartzen direnean arnasa ezin hartuta ibiltzen dira; bereziki, familiak. "Patologia duala osasungintzak ahaztutako patologia nagusia da. Alde horretatik, familiok tratu txarrak jasaten ditugu. Ez dugu espezialisten laguntzarik. Bakoitzak bere lana egiten du, baina ez dute elkarrekin lan egiten pazientearen eta familien onerako. Guk argi badugu zein den gaixotasun hori tratatzeko prozedura, zergatik ez dute horrela ikusten?", esan du Arrasateko Katearen Loturak elkarteko kide Alaznek. Mariak zera gaineratu du: "Psikiatrek esaten digute diagnostiko zehatza egin aurretik garbi egon behar dutela hilabete batzuetan. Baina nola egingo dute, gaixorik badaude? Kanpoko laguntza espezializaturik gabe ez dira aurrera egiteko gai. Gurasoak hor gaude, baina lazgarria da".

HAINBAT MENDEKOTASUN MOTA DAUDE: SUBSTANTZIAK, SEXUA, EROSKETAK, JOKOA, ALKOHOLA...

Horregatik guztiagatik, familiaren egonkortasuna goitik behera apurtzen duen gaixotasun hori sufritzen duten familiek gaixoak artatzeko zentro espezializatuen beharra dagoela aldarrikatu dute. Katearen Loturak elkartearen ekimenez Gipuzkoako Batzar Nagusiek patologia duala sufritzen duten pertsonak artatzeko zentro bat irekitzea adostu zuten 2024ko otsailaren 4an; EH Bilduren, Elkarrekin Gipuzkoaren eta Alderdi Popularraren aldeko botoekin. Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eta Osakidetzari helarazi diote erabakia. "Arreta osoa emateko leku bat behar dute eta behar dugu. Ezin da izan ospitaleratze bakoitzaren ondoren – eta oso laburrak izan ohi dira– etxera inolako kontrolik gabe itzultzea, edo berriro kontsumitzen badute laguntzarik ez izatea. Jausten diren bakoitzean, hutsetik hasten dira berriro. Behin eta berriz. Normalean, borondatezko alta eskatzen dute eta etxera bidaltzen dituzte, non sartu ez dutelako. Itxarote-zerrenda dago Gizakia Helburu programan sartzeko, adibidez".

Haurren neurogarapena

Haurraren bizitzako lehen urteetan osatzen dira gaitasun kognitibo, motor, pertzepzio eta soziokomunikatibo guztiak, ingurunera zuzen eta orekaz egokitzen laguntzeko. Familiek uste dute oso inportantea dela horri arreta jartzea. Haurren neurogarapenaren helburua da nerbio-sistemak eta sistema horrekin zerikusia duten gainerako azpisistemek izan ditzaketen arriskuak eta alterazioak ezagutzea, horiei aurre hartzea eta identifikatzea. "Neurogarapenean gauzak detekta daitezke. Emaitzen arabera, pazienteak jarraibide batzuk behar ditu antsietatea kontrolatzeko. Dena ez da pilulekin konpontzen. Gure semeari arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) diagnostikatu zioten 13 urterekin, eta haurren anfetaminekin medikatu zuten. Baina, 17 urte zituela, esan ziguten ez zela ADHN, eta botikak kendu zizkioten. Jakina, ordurako bazuen mendekotasuna", kontatu du Anak.

Gaixotasun dramatiko bati "kateatuta"

Pedro, Isabel eta A. Miguel patologia dualaren zurrunbiloan harrapatuta daude. Euren semeek gaixotasun hori dute, eta haiekin sufritzen dute. Pedroren semea kartzelan dago. Isabelen eta A. Miguel semeak etxean bizi dira.

Etengabeko zurrunbilo horretatik "ihes egiteko" aukera ematen die bidelagun duten Arrasateko Katearen Loturak elkarteak (613 01 94 27). "Patologia dualaren kasuistika desberdinak izan arren, elkartzen garen eta gure arazoez hitz egiten dugun denborak urrea balio du. Bizia eta oxigenoa ematen digu, borrokan jarraitzeko", esan dute.

Kartzelan

Pedroren semea kartzelan dago egun. Lehenago ere egon izan da. "Kontsumitzen zuela eta lagun gaiztoekin zebilela jakin genuenean, Bergarara joan ginen bizitzera. Baina egoerak okerrera egin zuen. Etxean sartu eta irteten zen, ahal zuen guztia kontsumitzen zuen, kalean bizi izan zen, beste saltzaile batzuekin, kontsumitzen zuen neska batekin... Eta gu, beti alboan. Kartzelatik ateratzen den egunean ezin dugu etxean sartu, egoera jasanezina izango litzateke eta. Suntsitu egin gaitu, buruz eta ekonomikoki". Pedroren emazteak nahiago du semea kartzelan egotea. "Oso gogorra da ama batentzat horrela pentsatzea. Baina hori da onena denontzat. Ezin dugu etxean hartu". Semeak arreta-defizitaren eta hiperaktibitateren nahasmendua eta nortasun- nahasmenduak ditu, substantzien kontsumoarekin lotutakoak.

Ospitaletik epaitegira

Isabelen semeak nortasun- nahasmendua diagnostikatuta dauka, baina ez diote zehaztu zer nahasmendu mota den. "Zuk uste duzu pertsona normal bat duzula etxean, harik eta mendekotasunak hasi eta portaera arraroak ikusten dituzun arte. Ez da normala pertsona batek ohean bakarrik egon nahi izatea, ezer egin gabe. Nortasun-nahasmendurako tratamendua dauka, eta horrek berak sortzen dio adikzioa. Ospitaletik bueltan datorrenean inor ez da arduratzen tratamendu horren jarraipena egiten. Gure semea bi urte egon da tratamendu berarekin, ez aurrera ez atzera".

Isabelen semeak agerraldi psikotikoren bat izan duenean anbulantziari deitu dio, laguntzera etorriko ote ziren jakin gabe. "Agerraldi psikotikoagatik deitzen baduzu, anbulantzia etor daiteke edo ez. Berrerorlea bada, ez da etortzen. Eta etortzen bada, poliziarekin agertuko da, eta erabakiko dute zer egin paziente horrekin. Are gehiago, deiaren ondoren, poliziak salaketa jarriko digu. Epaitegitik deitzen digute, desobedientzia leporatuta. Eta, noski, isuna gurasook ordaindu behar dugu. Nik 10.000 euro ordaindu behar izan ditut".

Laguntza beharra

A. Miguelen semeak nahasmen duala dauka, eta txikitatik hartzen ditu pilulak. "Gaixotasun hau benetako drama bat da. Haur onak dira, eta arreta berezia behar dute, gaixo daudelako. Zer bizi-proiektu izan dezakete? Egun hain dago normalizatuta jendeak kontsumitu eta edan egiten duela, gure seme-alabek dutena normala dela esaten digute. Baina laguntza behar dute".

Iker: "Posible da: ez dut kontsumitu 2018a ezkero"

Eskola 16 urterekin utzi zuen Ikerrek, eta, urtebete geroago, borondatezko ospitaleratzea izan zuen. Gasteizko Santiago ospitalean egon zen, eta eskizofrenia diagnostikoarekin itzuli zen etxera. Patologia duala dauka eta 2018a ezkero garbi dago.

Zelan zaude, Iker?

Esango nuke momentu onean nagoela. Bizitza normala egiten dut: lana daukat, ezkonduta nago... 2018a ezkero ez dut ezer kontsumitu. Beraz, garbi nagoela esan dezaket. Sendatuta, ez. Izan ere, gaixotasun honek ez dauka sendabiderik. Baina, gutxienez, nire bizitza bideratzeko eta zuzentzeko gai izan naiz, eta asko betetzen nau horrek.

Posible da, hortaz, patologia duala izan eta gizartean integratzea?

Bai. Ni naiz horren adibide. Posible da, baina gaixotasun honek erpin asko ditu. Guztiok daukagu patologia duala, baina gradu ezberdinak daude. Gainera, gaixoa bera dago. Bidea egiteko duen gogoa, gaitasuna, laguntza... Ez da bide erraza.

Zure emazte dena izan zen laguntza hori eman zizuna.

2015ean, 40 urte nituela, neska bat ezagutu nuen. Gureak-en egiten genuen lan biok. Lanetik irteten nintzenean, kontsumitzera joaten nintzen eta neska horrek laguntzen zidan. Hark ez zuen kontsumitzen, baina nire alboan egoten zen. Bereziki esaten zidan drogak utzi behar nituela. Eskutik heldu ninduen, eta, haren laguntzarekin eta etxekoen babesarekin, zulotik irteten hasi nintzen. Sei urte daramat garbi. Drogak utzi eta urtebetera, 2019an, ezkondu egin ginen.

Porruak erretzen hasi zinen.

Hori da. Gaztetan hasi nintzen nire bizitzak zituen hutsuneak nolabait betetzen. Porruak erretzen hasi nintzen. Gurasoekin gezurretan ibiltzen nintzen, eta piper egiten nuen eskolan. Herriko jaietan substantzia gogorragoak hartzen hasi nintzen eta 16 urterekin eskola utzi nuen. Sukaldaritza ikastaro batean sartu nintzen, baina porruak erretzea eta anfetaminak hartzea eguneroko bihurtu zen, adikzioa sortu arte.

2017an borondatezko ospitaleratzea izan zenuen.

Gasteizko Santiago ospitalera eraman ninduten eta handik eskizofrenia diagnostikoaren itzuli nintzen etxera. Egun gogorrak izan ziren: 17 urterekin ospitaleko psikiatria-solairuan sartuta, nire bizitzan, sentimenduetan, emozioetan... pentsatzen.

Ospitaleko baraualdiaren ostean, berriro zulora?

Bai, eta zuloa handiago egin zen. Egunero kokaina kontsumitzen hasi nintzen, eta horrek izugarrizko mendekotasuna sortu zidan. Nik zerbait ona egin nahi nuen nire bizitzarekin, eta hiru aldiz eskatu nuen laguntza Forondako Egonaldi Ertaineko Zentro Terapeutikoan. Eguneko terapiak zituen komunitate bat zen: psikologoarekin eta psikiatrarekin elkartzen ginen. Nire arazo bera zuten pertsonak zeuden han.

Substantziez harago, eskizofreniarendako tratamendua daukazu; alegia, pilula gehiago.

Hori da. Eta horiek ere droga dira guretzat. Horiek hartuta sentitzen gara ondo eta lasai. Baina adikzioa ere sortzen dute. Gurpil zoro baten barruan gaude. Ospitaleratze psikiatriko asko izan ditut, Oiartzunen, Aita Mennin, Basurtun, Donostia Ospitalean... Baina denbora laburra egoten nintzen. Borondatezko alta eskatzen nuen. Ospitaleratzeak tratamendua emateko eta pilulak hartzen jarraitzeko ziren.

Atzera begirakoa oso gogorra da; etorkizuna argiago ikusten duzu?

Hasieran esan dut gaixotasun honek ez duela sendabiderik. Hortaz, nire eguneroko borroka da ez kontsumitzea eta duela sei urte markatutako bidetik jarraitzea. Benetan espero dut etorkizuna argiagoa izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak