ALBISTEAK

Arrasatearrek hasi dute San Juan jaietarako atzera kontaketa

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 19a, 14:47

Egutegiak hala aginduta eta asteburua tarteko, ohi baino luzeagoak izango dira aurtengo sanjuanak, hainbat berrikuntzarekin datozenak. Hala, Udalak zein Arrasateko Txosna Batzordeak (ATX) azken prestaketa lanak egiten dihardute.

Hasi dute ohi baino luzeagoak izango diren San Juan jaietarako atzera kontaketa, eta Udalak zein txosna batzordeak azken prestaketa lanak egiten dihardute. Trafikoan, esaterako, hainbat aldaketa egongo dira jaietan, "segurtasuna bermatze aldera", Andoni Arratibel Kultura zinegotziaren esanetan. Hala, ekainaren 22an, 23an, 24an eta 25ean, 18:00etatik 06:00etara Otalora Lizentziaduna eta Zarugalde kaleak moztu egingo dituzte, Muzibarko biribilgunetik San Frantziskoko biribilgunera arte (irudian ikusten den moduan).

Edozelan ere, garajeetako ibilgailuak eta hondakinen kamioiak salbuetsita egongo dira. Herribusa ere ez da igaroko itxitako eremutik eta egun eta ordu tarte horietan San Frantziskoko biribilgunean eta Muzibarkoan izango ditu behin-behineko geralekuak.

Horrekin batera, nabarmentzekoa da TAO sistema ere bertan behera geratuko dela ekainaren 24an, 25ean eta 26an. Ondorioz, tasa ez da indarrean egongo aipatutako egunetan.

Kale garbiketa zerbitzua indartuko dute

Bestalde, jaietan kale garbiketa bermatzeko, langile errefortzua kontratatu Udalak. Hala, egunerokoan lanean ari diren langileei errefortzu taldea batuko zaie jai egunetan eta, batez beste, 18 garbitzaile izango dira lanean egunero. "Bereziki ekimen jendetsuetan indartuko dira garbiketa zerbitzuak, besteak beste, gazte olinpiadetan edota Zeuk iñ zeuk jan bazkarian. Hauek amaitutakoan garbiketa zerbitzuak sartuko dira ingurua txukuntzera". 

Prebentziorako bitarteko berriak jarriko ere dituzte. Berrikuntzen artean, kaleko komunak jarriko dituzte Zeuk iñ zeuk jan bazkarian eta Gazte Olinpiadetan. "Ekimen jendetsuak dira eta zerbitzu horren beharra ikusi dugu. Ekimen puntual horiez gain, txosnagunean ere egongo dira, ohi bezala. Modu honetan, jendeak kalean pixa egitea ekidin nahi dugu, eta kaleak garbi mantentzen lagundu".

Azkenik, zera gogorarazi dute: "Kaleak garbi mantentzea herritar bakoitzaren ardura ere bada. Zentzun joka dezagun".

Jaiak koloreztatzeko, zapi moreak

Ixotu Euskgarra! leloa duten zapiak dagoeneko salgai daude, bi eurotan, Kajoi, Monte, Taupa eta Osorik tabernetan. "Horrez gain, herri bazkarira doazen gazte guztiei zapi bana oparitu diete, baita Gazte Olinpiadetako parte-hartzaile guztiei ere", dio Arratibelek. 

Indarkeria matxistarik gabeko jaien alde

Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ sailak, indarkeria matxistarik gabeko aldarriarekin batera, hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko ditu. Batetik, indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea jarriko dute Arbolapetan, ekainaren 22, 23, 24 eta 25ean, 20:00etatik 00:00etara. Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazio edota aholkularitza zerbitzua eskaintzeko.

Bestetik, Gazte Bulegoan arreta puntua egongo da. Aurten, ekainaren 22tik 25era, hau barne, 00:00etatik 08:00ak arte. "Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da. Indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan emakume adituak aurkituko dituzu bertan. Horrez gain, espazioa irekita egongo da LGTBI+ komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean".

Azkenik, arretarako telefono-zenbakia ere jarri dute: 688 80 91 37. 20:00etatik 08:00etara egongo da erabilgarri eta laguntza emateaz gain, informazio edo aholkua emango dute.

Txosna batzordearen izen aldaketa

Aurten eraberrituta dator txosna batzordea. "Orain arte Arrasateko Txosna Batzorde moduan aurkeztu izan dugu gure burua. Orain, irudia aldatzearekin batera, izena ere aldatu dugu eta aurrerantzean ATX izena izango du batzordeak", dio Luken Ormaetxeak, batzordeko kideak. 

Ohi moduan, txosnetan emango diete jaiei hasiera, txupinazoarekin. Pregoia egiteko ardura txandatuz joaten da urtez urte eta aurten Gazte Koordinadora Sozialistako kideek egingo dute, performance batekin, gainera. 

Txosnetan ere indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jarriko dute eta arretarako telefono-zenbakia bera izango da: 688 80 91 37.

Urtez urte indartuz doan batzordea da eta, gaur egun, zazpi eragilek osatzen dute. Askapena, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Ernai, Gazte Koordinadora Sozialista, Ttak eta Arrasateko Gazte Abesbatza. "Azken hori izan da taldera batzen azkena eta, datozen urteei begira, herriko gainontzeko eragileei ere dei egiten diegu taldera batzeko, guztiendako lekua dagoela adieraziz". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak