Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur eta egun seinalatuarekin zabaldu dute lehen hezkuntzako ikasleek egindako lana jasotzen duen erakusketa Arrasaten. Bi ikasturteko ikuspegiarekin egindako lanketa da, eta herri diagnostikoa zein hiru arazo ekosozialetan –mugikortasuna, energia kontsumoa eta argiteria publikoa– zentratutako proposamenak eta konpromisoak jasotzen dira bertan.
Natur Eskolako kideek egin dute lehenengo bisita gidatua gaur. Egindako lanketa azaldu dute eta horrekin batera bisitariek ezagutu dituzte tximisten zuhaitza, heresuge handia, haize-erroten maketak, hausnarketa txokoa eta erein eta hazi diren zuhaitz landareak.
Lehen bisitan izan dira Arrasateko Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasuna Saileko zinegotzi Garazi Etxeberria zein D2030 ekimeneko koordinatzaile Aritz Ameztegi.
Erakusketa zabalik izango da hilaren 15era arte eta lehen hezkuntzako 50 bat ikasle taldek bisitatuko dute. Herritarrei begirako beste bisita gidatu bat ere izango da; ekainaren 12an izango da, 18:30ean. Interesatuek aurrez eman behar dute izena ieskola@arrasate.eus helbide elektronikora idatzita.
D2030 ekimenaren erakusketa ere ikusgai
D2030 ekimenaren Iraunkortasunari hamaika begirada erakusketa ibiltaria ere gaur jarri da ikusgai Kulturateko klaustroan. Hala, jasangarritasunarekin lotutako bi erakusketek bat egingo dute espazio berean.
Sei panelek eta ikus-entzunezko batek osatzen dute Iraunkortasunari hamaika begirada erakusketa. Bertan Debagoieneko energia diagnostikoaren nondik norakoak ikus daitezke. Arrasatearrek jakin behar dute hilaren 6an (10:00-13:00) eta 11n (16:30-20:30) Teknikerreko teknikari bat egongo dela energiarekin lotutako gaien inguruan aholkularitza emateko. Interesatuek txanda hartu behar dute aldez aurretik ieskola@arrasate.eus helbide elektronikora idatzita edo 943 77 04 88 telefono zenbakira deituta.