Ehun urte bete dituzte Arrasateko Etxe Txikiek, eta, mendeurrena ospatzeko, Etxe Txikiak 100 urte – Casas baratas 1924-2024 liburua ondu dute Juan Ramon Garaik, Jose Angel Barruatibengoak eta Jabier Bengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko partaideek. Etxe horien historia jasotzea izan dute xede, eta, hala, idatzizko dokumentuak ez ezik, grafikoak ere barnebildu dituzte lanean, 118 argazki baitaude orotara.
Hain justu, gaur egin dute liburuaren aurkezpena, eta lanean jasotakoaren berri eman dute historia apur bat azaltzearekin batera. Haien hitzetan, bi arrazoi nagusi zeuden Etxe Txikiak eraikitzeko: biztanleriaren igoera, eta horrek sortutako etxebizitza eskasia; eta etxe merkeak eraikitzeko legeen agerpena. Horrek ahalbideratu zuen, hein batean, Union Cerrajerak etxe horiek eraiki ahal izatea, Arrasateko Udalak 1924ko ekainaren 2an eman baitzion horretarako baimena.
Etxeen eraikitzea
Etxeak eraikitzeko baimena eman eta egun gutxira, ekainaren 16an, Etxe Merkeen Batzarra eratu zen Arrasaten, eta orduan erabaki zuten auzune berriaren izena ere: Maalako auzoa. Liburuaren egileek, beraz, nabarmendu dute proiektua "azkar" garatu zela; esate baterako, urte horretan bertan sortu zuten. Era horretan eraiki zituzten, bada, "ordura arte ezagutzen ez ziren erako" hemezortzi etxe, lorategia eta baratza baitzituzten.
Union Cerrajerak, gainera, etxeak ez ezik bestelako eraikuntza batzuk ere egin zituen herrian obra hauek aprobetxatuz. 1924ko amaieran, adibidez, baimena eman zitzaion udalerriko jabetza publikoko lurrak eros zitzan, besteak beste, tren geltokiko kalea eta Bergarako errepide nagusia lotuko zituen bideko obrak exekutatzeko.
Etxe Txikietako maizterrak
Etxe Txikietako maizterren berri ere eman dute elkarteko kideek, eta 1925-1930 aldian denak Union Cerrajerako langileak zirela adierazi dute, batik bat espezialistak edo peoiak, bulegoko langileren bat, tailerreko ofizialen bat edo enkargaturen bat ere bazegoen arren. 30 pezetako errenta ordaindu behar izaten zuten hilero, eta aldaketarik ez zen izan 1986ra arte, Union Cerrajerak orduan jarri baitzituen salgai etxeak 643.000 pezetetan. Halere, ordutik egoera asko aldatzen hasi zela diote elkartekideek, askotariko arrazoiengatik.