"Benetako salto kualitatibo bat eman behar bada, eta jakinda pertsona gehienok lanean ematen dugula bizitzaren ia herena, heren hori ez bada euskaraz bizitzeko abagune bihurtzen, galera edo oztopo handi bat dugu", azaldu du mahai-inguruan, AED-ko lehendakari Eñaut Muxikak. Ibilbide bat egindako hiru enpresatako ordezkariak elkartu dituzte, bizi duten errealitatea hobeto ezagutzeko eta ikuspuntu diferenteak trukatzeko. "Azaldu dituzten ideiak, erronkak eta ikuspuntuak oso aberasgarriak izan dira. Betikoa ezagutzen dugunez, ez dugu pentsatzen egiteko beste modu batzuk daudenik. Alde horretatik, saio benetan emankorra izan da", esan du Muxikak.
Elay, Ikerlan eta ABB-Niessen enpresetako ordezkariek ere balorazio positiboa egin dute. "Gure arteko esperientziak partekatzea beti da interesgarria; beti ikasten da", esan du Elay enpresako Kristina Elkorok.
Elay aitzindaria bailaran
Antzuolako Elay enpresa aitzindaria izan da euskararen normalizaziorako plan integral bat martxan jartzen. 90eko hamarkada hasieran langileen %35 ez zen euskal hiztuna. Gaur egun, langile ia guztiek dakite euskaraz Antzuolako plantan. "Bide luzea izan da, eta uste dut azpimarratzekoak diren zenbait gako egon direla", esan du kontseilari delegatu Kristina Elkorok.
"Gutxieneko adostasun bat egon zen jabegoaren eta arlo sozialaren artean. Euskaraz lan egiteko erabakia ere hartu egin behar da; izan ere, errotuta ditugun ohiturak aldatu egin behar dira. Azkenik, uztartu egin behar dira ezagutza eta erabilera. Hortik abiatuta, pausoak ematen joan behar da plangintza eta metodologia batekin, euskara enpresaren sisteman integratzeko".
Ikerlanek 30 urteko ibilbidea
Ikerlan kooperatiban 30 urte daramate erakundean euskara normalizatzeko urratsak egiten. "Esango nuke euskarak Ikerlanen izan duen bilakaera gizartean izan duenaren oso antzerakoa dela. Hasieran, alfabetatze eta ikasketa prozesuetan jarri genuen arreta, eta azken urteetan gehiago ari gara erabileran. Hor dugu benetako erronka", azaldu du Ikerlaneko zuzendari nagusi Jon Etxeberriak. Euskarak duen balio sentimentala eta kultura azpimarratzeaz gain, eragiten duen partaidetza eta kohesio sentimendua nabarmendu ditu: "Ikerlanen bada kolektibo bat euskaraz eta erakunde euskaldun batean lan egin nahi duena. Pertsona horiendako euskarak balio erantsi bat du". Bi erronka nagusi azpimarratu ditu Etxeberriak: erronka demografikoaren eraginez hizkuntzaren kudeaketa konplexuagoa dela eta gai sozialen arteko konpetentzia. "Ikerlanen Emun-ekin egiten dugu lan, eta, beste gai askotan moduan, profesionalen laguntza oso garrantzitsua da".
ABB-Niessen, ardura handitzen
Oiartzungo ABB-Niessen enpresan 25 urte daramate eus -kararen normalizazioan. "Pandemia aurretik, aldaketak behar zirela sumatzen hasi ginen. Euskara batzordean jendea nekatuta zegoen, eta heldu genion etengabeko hobekuntza kontzeptuari. Hala, hizkuntza zeharkako elementu gisa jorratzen hasi ginen enpresan", azaldu du Txuss Alonso ordezkariak. "Sinistuta gaude jende kritiko eta arduratsua sortzen dugunean hizkuntzarekiko ardura ere handitzen doala".