130.000 euro behar ditu Ointxe!-k LF2 ligan lehiatzeko

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mai. 30a, 10:21

Arrasateko Ointxe! saskibaloi taldeak igoera historikoa lortu zuen joan den asteburuan, Granadan, LF2ra, Estatuko hirugarren mailara. Hala ere 130.000 euro behar ditu maila horretan jokatzeko; kantxetan lan ona egin ostean, bulegoetan egin beharko dute lan zuzendaritzako kideek.

Astelehenean zuzendaritzako bilera izan zuen Ointxe!-k eta Oihane Agirrek, Ointxe!-ko presidenteak azpimarratu duenez, behar duten dirua lortzeko ateak jotzen hasiko dira: "Jokalariak aurrera egiteko prest daude, beraz, gu ere prest gaude. Aurrekontu bat egin dugu eta bi ate jo beharko ditugu. Batetik, erakundeak; Aretxabaletako eta Arrasateko alkateekin egon gara, eta, ikusten dugu bidelagun izango direla. Horrekin batera, Gipuzkoako ateak ere jo nahi ditugu, diru kantitate handia delako, eta, ate pribatuak ere joko ditugu".

Lehiatzea ez da helburu bakarra

Taldea LF2 mailan lehiatzeko gai dela azpimarratuz, Iñaki Ogaran Arri entrenatzaileak jokalariengan sinisten duela adierazi du. "Lehiatu baino gauza gehiago egin ditzake talde onek. Liga disfrutatzea ere bada asmoa, lanean jarraitzea, eta azken urteotan egin dugun lana jarraitu egiten. Gure helburua eta klubarena ez da soilik lehiatzea. Liga hau ezagutzea eta gero beste urrats batzuk ematea da asmoa, neska hauen topea ez dagoelako hemen", adierazi du Iñaki Ogaran Arri entrenatzaileak.

Helburua bete eta aurrera jarraitzeko asmoz

Izar Bedia, Ointxe!-ko kapitaina "pozik" agertu da, eta mailaz igotzeak inplikazio handia eskatzen duela ere adieraziz: "Bi astetik behin kanpora joan beharko ginen, kilometro ugari…, eta gure partetik inplikazio handiagoa jarri beharko dugu. Momentuz baiezkoa da jokalarien partetik, beraz, aurrera. Jokalari bakoitza une ezberdinetan dago, eta, batzuk lanean beste batzuk ikasten…, eta seguruenik gehiago entrenatu beharko dugu, beraz, exigentzia maila ere igoko da".

Hona hemen komunikabidetara helarazitako prentsa oharra:

Guk sinisten dugu: Amets bat, aukera bat

Duela 50 urte baino gehiagotik hona, lan nekaezina egin dugu gure bailaran kirola eta horrek dakartzan balioak sustatzeko, eta kirolaren eta saskibaloiaren kudeaketaren erreferente bihurtu gara Gipuzkoan eta Euskadin.

Gaur egun, gure harrobian 200 haur baino gehiago ditugu; kirol-trebetasunak garatu ez ezik, talde-lanaren, iraunkortasunaren eta konpromisoaren esanahia ere ikasi duten gazte-belaunaldiak hazten ikusi ditugu.

Eskualdearekin eta gizartearekin dugun konpromisoa haratago ere badoa. Inklusio-kirola sustatzen dugu, gaur egun disfuntzionaltasuna duten ia 20 pertsona saskibaloiaren bitartez gizartean hobeto integratzeko helburua duena.

Gaur egun berezia da. Dakizuenez, gure emakumezkoen lehen taldeak igoera historikoa lortu zuen joan den asteburuan, Granadan, LF2ra, Estatuko hirugarren mailara. Mugarri hau, gure jokalarien talentuaren eta dedikazioaren isla izateaz gain, pertsona askoren, haien familien, entrenatzaileen eta klubeko kide guztien baldintzarik gabeko babesaren isla ere bada.

Hala ere, lorpen honek erronka berriak dakartza. Kategoria berrian lehiatzeko, ohiko kudeaketatik kanpo dauden eta ez ditugun baliabide ekonomikoak behar ditugu. Tenerife, Valladolid, Coruña, Castelló, Lleida edo Mallorcako klubekin lehiatuko gara… bidaia-kostuak eta federazioko kostuak esponentzialki hazten dira.

Kirol-merituen bidez lortutako plaza eskuratzeko borondatea dugu, eta gaur dei egiten dizuegu erakunde publikoei, tokikoei, eskualdekoei eta Gipuzkoakoei bidelagun izan zaitezten erronka berri honetan. Eskatzen dugun babes hori ez da gure klubarentzat bakarrik, honaino iristeko lan egin duten neska guztientzat baizik. Gure eskualdean talde kirolean erreferente dira.

Era berean, babesle pribatuen laguntza ekonomiko handiagoa lortzeko gestioak hasi ditugu, amets hori lortzea guztion kontua izan behar baita.

Kirolaria izatea ahalegina da, kirolaria eta emakumea izatea ahalegin bikoitza da, eta maila horretan lehiatzea mugarri bat izango litzateke bailaran.

Duela hiru urte, gure mutilek lorpen bera lortu zuten, baina zoritxarrez uko egin behar izan genion. Une zaila izan zen guretzat guztiontzat, galdutako aukera, kantxan dena eman zutenentzat. Ez dugu historia errepikatzerik nahi. Urteetan emakumezkoen saskibaloian egin dugun lanean sinisten jarraitzen dugu eta ez gara beldurtuko erronka berri honen aurrean.

Badakigu ez garela laguntza behar duten bakarrak, baina ziur gaude emakumeen kirolean inbertitzea gizarte bidezkoago batean inbertitzea dela. Uste dugu aurkezten dugun aukera diferentziala dela eta orain dela momentua. Gure jokalariek erakutsi dute esfortzuarekin eta dedikazioarekin helburu apartak lor daitezkeela. Orain, erakunde publikoei eskatzen diegu bidelagun izan daitezela, amets hau guztiona da, zuen laguntzarik gabe ez baita posible izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak