'Energia hiri jasangarrian' erakusketa, Kulturaten, ekainaren 4tik aurrera

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 29a, 11:46

Arrasateko hainbat etxebizitza, Otalora Lizentziaduna kaletik ateratako argazkian.

Eskolako 2030 Agenda proiektuaren baitan herriko ikasleek egindako lanaren emaitza da erakusketa, hilaren 4tik 16ra Kulturateko klaustroan ikusgai izango dena, "herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea" helburu hartuta.

Energia hiri jasangarrian erakusketa prestatu dute Arrasateko ikasleek Eskolako 2030 Agendaren baitan. Hiri eta komunitate jasangarriari buruzko erakusketa izango da, eta energia irisgarria eta ez-kutsagarria ere landuko ditu. Horrekin, herritarrak informatzea eta sentsibilizatzea lortu gura dute, "jasangarritasunaren arloan herrian daukagun egoeraz jabetzeko eta eraldaketaren bidean, herritarrak ahalduntzeko".

Arrasateko ikastetxe guztietako ikasleen artean diseinatu, eraiki eta osatu dute lana. Gainera, Udalak eta Ingurumen Eskolak sustatu du eta iaz herriko diagnostikoan antzemandako arazo ekosozialei aurre egiteko ikasleen artean adostu zuten Esku Hartze Planean oinarrituta dago, "zeinetan egoki ikusi zen herritarrentzat kontzientziazio kanpaina egitea energia eta hiri jasangarriaren alorrean".

Aurkezpena, ekainaren 5ean

Erakusketaren aurkezpena eta lehen bisita gidatua ekainaren 5ean egingo dute, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, 18:30ean. Ekainaren 12an, halaber, beste bisita gidatu bat egingo dute, 18:30ean, baina izena eman beharko da aurrez, ieskola@arrasate.eus helbidean. Azkenik, Lehen Hezkuntzako ikasleekin bisitak egingo dituzte astean zehar, goizetan.

Debagoieneko energia diagnostikoaren emaitzak

Era berean, Debagoiena 2030 taldearen erakusketa bat ere ikusgai egongo da, bailarako energia diagnostikoaren nondik norakoak erakutsiko dituena. Gainera, ekainaren 6an (10:00-13:00) eta ekainaren 11an (16:30-20:30) Kulturaten Teknikerreko teknikari bat egongo da herritarrei aholkularitza emateko, energiarekin lotutako gaien inguruan. Horretarako ere aldez aurretik txanda hartu behar da, ieskola@arrasate.eus helbidean edo 943 77 04 88 telefono zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak