Teknologiari zabalkundea ematen ospatu ditu Ikerlan enpresak 50 urteak

Hasier Larrea 2024ko mai. 25a, 17:44

Egun osoan zehar robotika, errealitate birtuala eta komunikazio aurreratuko proiektuak eskura izan dituzte arrasatearrek Seber Altuben eta Biterin. Ikerlan ikerketa enpresak mende erdiko ibilbidea pertsonak eta teknologia ardatz hartuta ospatu du.

Magaletik herrira izenburupean, Ikerlaneko lankideek ekitaldi ireki eta herrikoia garatu dute gaur erdigunean. Aurkezpena 11:00etan egin dute, gonbidatu berezi batekin: Iker robota. Txantxetan, zuzendari nagusi izatera heldu gura duela aipatu du, eta bueltan jaso duen erantzuna izan da horretarako euskaraz ikasi beharko duela gutxienez.

Horren ostean zabaldu dute Seber Altubeko karpa. Scalextric-a, roboten erakusketa eta jokoak, errealitate birtualeko ariketak... denetik probatu ahal izan dute haur, gazte zein helduek. Bestalde, Biteri plazan hainbat jarduera egon dira, besteak beste, Joselontxos txarangaren musika animazioa, Tor magoaren eta Mikel Bermejo bakarrizketariaren emanaldiak, puzgarriak eta txapen zein laser inprimagailu tailerrak.

Ikerlaneko zuzendari nagusi den Ion Etxeberriak esan moduan, "pertsonak eta teknologia" dira enpresako zutabeak. Teknologia oso bizkor doan arren, Ikerlanen sorrerako esentziak hor dirauela adierazi du: "Ikerketa oinarri, teknologia geureganatzeko eta enpresei transferitzeko sortu ginen, eta berdina egiten jarraitzen dugu, enpresei produktu lehiakorrak merkaturatzeko baliabideak ematen".

Jaia gazteak hurbilarazteko ekimena ere izan dela nabarmendu du: "Etorkizuneko lan munduan ingeniari, fisikari eta matematikarien behar handia egongo da. Mundu hau gustuko dutenek haien karrera hortik enfokatu dezatela gustatuko litzaiguke".

Teknologia modu ludikoan bertaratu ez ezik, musika, magia eta bakarrizketa ikuskizunak ere izan dituzte, baita dantza bertikaleko saio ikusgarri bat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak