Debagoiena 2030 lankidetza sareak antolatutako Iraunkortasunari hamaika begirada jardunaldiek aurrera jarraitzen dute. Ekimenak bultzatutako Eraginez piztu estrategiaren baitan antolatu zituzten jardunaldiak, komunitatearen ahalduntzea bultzatzeko lan ildoaren baitan. Helburua da klima larrialdiaren inguruan eskualdean dagoen ezagutza zabaltzea.
Jardunaldi nagusiak
Zabaltze horren baitan, garrantzi handia du gaur Arrasaten, Kulturateko areto nagusian, egingo duten jardunaldi nagusiak. 09:00etan hasiko dute jardunaldia eta 16:15ak arte iraungo du. Bertan, klima larrialdiaren testuinguruan Debagoienak bizi izango dituen errealitate eta erronka berriak izango dituzte aztergai. Horretarako, hainbat esparrutan lanean diharduten zazpi adituren hitzak jasoko dituzte jardunaldi nagusian.
Lehen aditua Euskalmeteko Onintze Salazar izango da. Klima larrialdiak Debagoienean izan dezakeen inpaktuaz hausnartuko du hark. Maila globalean izango diren aldaketa meteorologikoak eta haiek Debagoienean izan dezaketen eraginak izango ditu aztergai Salazarrek.
Bigarrena Iñaki Etxebeste izango da, Erraz eta Tantai kooperatiba elkarteetako kidea. Klima larrialdiaren baitan gertatzen diren aldaketa biofisikoek Debagoieneko biodibertsitatean eta lehen sektorean izango duten eragina izango du hizpide.
Jarraian, Tecnaliako Adriana Aguirrek klima larrialdiak hirigintzan izango duen eragina aztertuko du. EHUko Iñaki Antiguedadek, berriz, eskualdeko ur-sistemaz hausnartuko du.
EHUn eta DC3n lan egiten duen Elisa Sainz de Murietaren txanda izango da ostean. Klima larrialdiaren testuinguruan lehenetsi beharreko arloak zeintzuk izan beharko liratekeen azalduko du hark.
MUko eta Ikerbasqueko Markel Peñalba izango da hurrena oholtzara igotzen. Sortu daitezkeen aldaketek Debagoieneko industrian izan ditzaketen eraginez hausnartuko du Peñalbak, klima larrialdia gelditzeko hartuko diren neurriek industrian izan ditzaketen eraginak azaltzeaz gain.
Ikerbasqueko eta BC3ko Unai Pascual izango da hitza hartuko duen azken aditua. Klima larrialdiak demografian, osasunean eta bestelako arlo sozialetan izango duen eragina aztertuko du. Eragin horiek gutxitu eta horietara egokitzeko gakoak ere azalduko ditu.
Adituak, euren gaia jorratzeaz gain, askotariko eszenatokiak aurreikusten ahaleginduko dira.
Adituen hitzak
Jardunaldietan parte hartuko duten bi aditurekin hitz egin du GOIENAk: Adriana Aguirrerekin eta Iñaki Antiguedadekin.
Hirigintza du oinarri Aguirreren hitzartzeak. "Gure lurraldean ze arrisku klimatiko ditugun ulertu behar dugu. Mehatxuaren eta esposizioaren bidez ulertzen da hau. Mehatxuak, adibidez, uholdeak edo itsas mailaren igoera izan daitezke, muturreko gertaerak. Esposizioa, berriz, hiriak edo azpiegiturak izan daitezke. Beharrezkoa da esposizioko elementu horiek egokitzeko duten gaitasuna zein den jakitea", dio Aguirrek. Haren ustez, beharrezkoa da neurriak orain hartzen hastea, etorkizunean babesgabe ez geratzeko.
Klima larrialdiak eta ur sistemak duten harremanaz jardungo du Antiguedadek. "Sarri, arintzean dugu begirada, eta asko hitz egiten da karbonoaz, gure emisioak gutxitzeaz, baina atmosferan kontuan hartu behar da baita besteek egiten dutena ere. Egokitzapenean jarri behar dugu arreta, hori lurraldean bertan egiten delako, eta horren ardatza ura da", dio hidrologoak. Kexu da akuiferoek instituzioen partetik jasotzen duten gutxiespenaz, eta garbi du haiek gaizki zaintzeak etorkizunean ondorio larriak eragingo dituela.
Agirreren iritziz, oso garrantzitsuak dira horrelako jardunaldiak: "Guk nahi dugun jakintza izan dezakegu, baina gizarteak ez badu ulertzen zein garrantzitsua den neurriak hartzea, ez dugu ezer lortuko. Guztiok ulertu behar dugu zeintzuk diren ditugun arriskuak". Antiguedad harago doa, eta jardunaldiei baino garrantzi handiagoa ematen dio prentsak jardunaldi horiei egiten dien jarraipenari: "Garrantzitsuak dira? Bai, noski, garrantzitsuak dira, baina ez horrenbesteraino bertan izango garenontzat. Garrantzitsuagoa da hedabideek hori gizarteratzeko egiten duten lana".