Doke Antzerki Taldearen ibilbidea, liburu batean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko mai. 21a, 18:01

Doke Antzerki Taldearen 'Hemen ez du inork ordaintzen' antzezlaneko une bat.

Antzerki taldeko kide Josemari Velez de Mendizabalek idatzi du Doke antzerki taldearen historia (Barnetik azaldua) liburua; bihar, maiatzaren 22an, herritarren aurrean aurkeztuko dute, Amaia Antzokian,19:00etan, eta liburua dohainik banatuko dute.

2002an hasi eta hurrengo hogeita bi urteetan egindako ibilbideari balioa emateko, Josemari Velez de Mendizabalek sinatutako liburua argitaratu du Arrasateko Doke Antzerki Taldeak. Izenburuan adierazi duten moduan, barrutik idatzita dago, eskualdeko ondare eta historia kontuen zalea eta aditua izateaz gainera, Dokeko kidea ere bada-eta Velez de Mendizabal idazlea. Argitalpeneko hitzaurrean aitortu duenez, ez da lan samu- rra izan liburu hori idaztea, "bihotzak buruaren gainetik agintzeko arriskua" aipatuta.

Liburua eskuetan, baina, argi utzi nahi du kontatu duen istorioa Doke Antzerki Taldearen historia dela. "Islatu nahi izan dugu, hurrengo belaunaldiek jakin dezaten, hasiera bat izan zela antzerki talde iraunkor bat egiteko; izan ere, lehenago ere baziren herrian antzerki-esperientzia batzuk, baina gurea izan da talde iraunkor moduan lehenengoa, eta, orain arte, bakarra. Liburuaren bidez, testigantza bat utzi nahi dugu, baina honekin ez dugu adierazi gura taldearen amaiera denik, jarraitzeko asmoa dugu-eta", kontatu du Velez de Mendizabalek.

Dokeren aurrekariak

70 orrialde ditu argitalpenak, guztira, eta, taldearen istorioari heldu aurretik, Arrasateko antzerkigintzaren aurrekarien gainbegiratua egin du idazleak. "XVIII. mendean Aramaion jaio eta Arrasaten bizi zen Pedro Ignazio Barrutiak idatzi zuen penintsulako Euskal Herriko lehen euskal lana, Actto para la Noche Buena izenekoa; obra hori Arrasatek euskal antzerkiari eskainitako ekarpenik sendoena izan da eta guk ere aitortza hori egin izan genion, 2005ean obra taularatuta. Joxe Markiegi Arrasateko apaiza eta alboan izan zuen Benatzio Gastañares ere aipatzekoak dira, buru-belarri ibili ziren-eta herriko euskal antzerki mugimenduan XX. mende hasieran, eta 90eko hamarkadan sortu zen Tunantes del Norte antzerki taldeak ere merezi du aipamena, ibilbide labur baina intentsitate nabarmenekoa izan zuen eta. Ondoren etorri zen Dokeren jaiotza, ekitaldi bat egiteko enkarguz abiatu zena eta dagoeneko hogeita bi urteko ibilbidea egin duena".

Eskuak elkarri', lehenengo lana

Goikobalu abesbatzaren hamabosgarren urteurreneko ospakizunen aitzakian, Arrasateko historiari buruzko testu bat idazteko proposatu zioten Velez de Mendizabali, eta eskaera hori izan zen Dokeren hazia erein zuena; hau da, Eskuak elkarri ikuskizuna. "Sabin Salaberrik konposatu zuen musika, Goikobaluko abeslariek kantatu zuten eta aktore lanetarako SUDCen bueltako jendea fitxatu genuen eta Itziar Rosadori eta Mikel Irastorzari eskatu genien zuzendari lanak egiteko. Emaitzarekin gustura eta antzerkigintzaren harra barruan sartuta, Doke Antzerki Taldea abiatu genuen ondoren".

Ondorengo urteetan sortu zituzten, hurrenez hurren: Actto para la Noche Buena; Iragana Iragan; Paradisuko atean; Galderak; Aingeru ala kurriloi?; Hamaika amaren seme (alaba); eta 2023an estreinatu zuten Hemen ez du inork ordaintzen obra.

Etorkizunera begira, "gogotsu"

Kide berriak batzen joan dira, baina badira hastapenetatik jarraitzen dutenak ere; Mariasun Pagoaga, adibidez. "Gustura ari gara, eta horregatik jarraitzen dugu, baina, aurrera begira, erreleboa behar dugu, eta horretarako sortu genuen Doke antzerki eskola, eta arrakasta handia du. Gure etorkizuna hori da, eta pozik gaude", azaldu du Pagoagak.

Herritarrei oparitzeko

Herritarrekin partekatu gura dute liburua, baina ez dute salgai jarriko; izan ere, doan banatuko dute bihar, eguaztena, Amaia antzokian egingo duten ekitaldian.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak