Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea, liburu batean islatuta

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mai. 14a, 12:03

Doke antzerki taldeak hogeita bi urteko ibilbidea batzen duen liburua aurkeztu du Jokin Zaitegi gelan. Hitzak Josemari Velez de Mendizabal historiazaleak jarri ditu, baina berak esan bezala, "historia" antzerki taldekoek "idatzi" dute. Datorren maiatzaren 22an, liburua jende aurrean aurkezteaz gain, urte hauetan taldeko kide izan direnei omenaldia egiteko aprobetxatu nahi dutela adierazi du Mariasun Pagoaga taldeko kideak.

2002. urtean hasi eta hurrengo hogeitabi urteetan egindako bidea omentzeko, Doke antzerki taldearen historiaren liburua idatzi du Josemari Velez de Mendizabalek. Historialari aramaioarrak hitzekin jantzi du antzerki taldeak orain arte egindako ibilbidea, eta, argi utzi nahi izan du, liburuaren "historia" Doke anzterki taldeak idatzi duela: "Aurretik ere egon ziren talde batzuk, baina Doke izan da talde iraunkor bakarra eta hasiera eman diona antzerkiari hemen Arrasaten. Hori islatzea nahi izan dugu liburuan, hurrengo belaunaldiek argi izan dezaten".

Mariasun Pagoagoa da hasiera horretatik gaur egunera arte taldean diharduenetako bat. Aktore arrasatearrak aurkezpenan gogoratu du "eragozpenez beteriko bidea" izan dela, baina Dokek "ahalmena" izan duela "oztopoak gainditzeko", eta, azpimarratu du "lan asko" egin dela urte hauetan. Oso gustora azaldu da liburua egin izanaz: "Une astunak izan ditugu, baina orain batuta gaude denok, eta gogotsu gaude jendeak gure historia ezagutzeko".

Liburua gaur aurkeztu duten arren, ofizialki maiatzaren 22an egingo dute Amaia Antzokian. Bertan liburuaren berri emateaz gain, urte hauetan taldeko kide izan direnei omenaldi xume bat egiteko aprobetxatuko dute, eta, hainbat proiekzio egingo dituzte. "Antzezle izan edo bestelako lanak egin, jende asko igaro da gure taldetik eta guztiek merezi dute omenaldi bat. Gonbidapena luzatu zaie eta oso gustora hartu dute. Herriak ikusiko du duela hogeitabi urte hasi ginen batzuk, oraindik bertan jarraitzen dugula lan berdinak egiten eta kontuan izango dutelakoan gaude" dio Pagoagak.

Doke antzerki eskola

Ibilbide luzea du Doke antzerki taldeak eta liburuan hogeitabi urteko ibilbide batu den arren puntu eta jarrai bat besterik ez dela adierazi dute; izan ere, bertako kideak jakitun dira errelebo baten beharra egongo dela etorkizunean. Hori dela eta, urte hauetan martxan jarri duten Doke antzerki eskola azpimarratu gura izan dute etorkizunera begira berme bat izango delakoan. "Arrakasta handia izan du eskolak eta konturatu gara gure ondoren ere aukera bat badagoela herrian. Oso pozik gaude egindakoarekin" adierazi du Pagoagak. Era berean, eskola indartzeko nahia ere erakutsi dute: "Batzutan jendea Gasteizera joaten da hemen egiten duguna egitera, eta, guk, bertan gelditzea nahi dugu, hemen aukera dutela erakustea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak