ARTko emakumeek emozioz ikusi dute Goienak egindako erreportajea

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mai. 20a, 15:09

Arrasateko emakumezkoen errugbi taldeak 30 urte bete ditu eta urtemuga ospatzeko zenbait ekitaldi egiten ari dira. 1991-1992ko denboraldian egin zituzten lehenengo entrenamenduak, Arrasateko errugbi taldeko emakumezkoek, eta, entrenamendu haien ostean 1993-1994 denboraldian ligako lehen partida jokatu zuten.

Urtemuga ospatzeko, omenaldi eguna ospatu zuten, zapatuan. 12:00etan batu ziren Mojategin poteoa egiteko, eta, ondoren Herri Gain elkartean Arrasate Rugby Taldeko emakumezkoek 30. urteurreneko bazkaria egin zuten; baita GOIENAk egin duen dokumentala ikusi ere. Ikus-entzunezkoak Arrasateko Errugbi Taldearen emakumeen historia jasotzen du, eta, garai hartako irudiak gogoz eta emozioz bizi zituzten bertaratutakoek. "Asko gustatu zait, batez ere aurreko garaietako taldeen irudiak-eta ikustea. Erabiltzen zituzten kamisetetan-eta jarri dut arreta: ordu hartan, mutilen neurrikoekin-eta ibiltzen ziren, baina orain ja baditugu neskenak. Irudi horiek ikustea miresgarria iruditu zait", azpimarratu du Irene Dolara Balanzategik, Arrasate Rugby Taldeko jokalariak.

Oroitzapenak gogoratzearekin bat hunkituta agertu ziren orduko jokalariak ere zapatuko ospakizunean. "Oroitzapen oso polita dut. Errugbia nire kirola izan da, bizitzako etapa batzuetan albo batera utzi arren; beti izan dut bihotzean, eta hura oroitzean emozionatu egiten naiz", adierazi du Elisabeth Perezek, Arrasate Rugby Taldeko jokalariak. Are gehiago, Atxabalpen entrenatzen zituzten garaiko irudiak ikusteaz batera, giro onean berriro ere gogoratzea "ederra" izan zela dio Ainhoa Diazek, Arrasate Ruby Taldeko jokalariak: "Gauza bat da argazkiak ikustea, eta beste bat bideoak. Hori bizitza da, eta emozionatu egin naiz. Gainera, oso ondo dago, azken batean, errugbia hau delako: gazteak eta ez hain gazteak, mutilak, neskak... eta, azkenean, denok elkarrekin egotea giro onean eta oroitzapenak izatea, oso-oso polita da".

30 urteren ostean, beraz, beste hainbesteko egiteko gogoz daudela azaldu dute zapatuan bildutakoek, esaterako, Dolarak: "Espero dugu baietz. Oraindik neskok ere jarraitzen dugu, edonor animatzen dugu guregana gerturatzera, eta iraun dezala".

Gaur, 'Harmailatik' saioan

Herritarrek ere izango dute ikus-entzunezkoa osorik ikusteko aukera; hain justu, gaur izango da hori, Harmailatik saioan, Goiena telebistan, 19:30ean, 21:30ean eta 23:30eran. Bihar, berriz, Goiena.eus atarian ikusi ahalko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak