Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetako Haur Hezkuntza etapako ia 400 profesional inguru elkartu ziren atzo, eguena, Amaia antzokian. Mugimendu Autonomoa oinarri izan duten jardunaldi edo juntadizoa egin dute bertan.
Goizeko lehen zatian, Mugimendu Autonomoaren marko teorikoa aurkeztu zuten Berritzegune Nagusiko hiru kidek: Nere Indak, Ane Fernandezek eta Iratxe Ramirezek. Eta horren ostean, EAEko eskola publikoko arituek edo maisu-maistrek hartu zuten hitza eta ikasturtean zehar jasotako informazioa partekatu zuten gainontzeko profesionalekin.
Arratsaldean, berriz, Arrasate Herri Eskolako Bedoñabe eta Musakolako eraikinak bisitatu zituzten juntadizoan izan ziren 150 profesional inguruk, eta bertako hezitzaileek Mugimendu Autonomoa eskolan nola ahalbideratzen duten azaldu zieten gertutik.
Mugimendu Autonomoa
Haur Hezkuntzako Dekretua aurrera eramateko modu bati deritzo Mugimendu Autonomoa. Honela azaldu zuen Berritzegune Nagusiko Curriculum metodologiako Haur Hezkuntzako Mugimendu Autonomoko arduradun Nere Indak: "Haurra ikusteko eta begiratzeko modu konkretu bat da. Konpetentzian oinarritutako heziketa baten haurraren garapena aintzat hartzen da, eta da eraldaketa bat profesionalontzat, maisu-maistrentzat. Benetan umeari kanpotik eragin beharrean, umeak badauka berezko gaitasun bat, eta gaitasun hori hezteko eta garatzeko gure esku-hartzea zein izan behar den zehazten du". Gaineratu zuen berezko mugimendu intrintseko bat dela eta garapeneko autonomia integral horren –afektiboa, sexuala, komunikatzekoa...– bideratze bat dela.
Azken zortzi urteetan dihardute horretan lanean, baina atzo aurkeztu zuten gaiari buruzko dokumentua.
Aldaketak ekarri ditu
Haur eskoletan ere eragina izan duen arren, momentuz, Haur Hezkuntzan dihardute Mugimendu Autonomoa lantzen, eta hainbat aldaketa ekarri dituela esan zuen Indak: "Aldaketa batzuk ikusi egiten dira; esaterako, geletan hainbat lengoaiatako ekosistemak sortu ditugu: matematika, hizkuntza, jolas sinbolikoa... Baina sustraiak askoz sakonagoak dira".
Juntadizoaren helburua
Mugimendu Autonomoan lan egin nahi duten eskola publikoetako profesionalen formakuntzaz gain, atzoko saioarekin Haur Hezkuntzako hezitzaileak "saretu eta ahaldundu" nahi izan dituzte antolatzaileek. Izan ere, diote Haur Hezkuntzan "eraikitzen" dela pertsonaren oinarria, eta esan daitekeela bizitzako etapa "garrantzitsuena" dela garai hori.