Naturarekiko harremana mantentzea ezinbestekoa delako

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mai. 15a, 10:33

Antolatzaileak eta haurrak, Naturan Jolasean jaialdia iragartzen.

Naturan Jolasean jaialdiaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute Leintz Eskola Kirolak, Besaide Mendi Elkarteak, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanblada, Udalako Ingurumen Eskolak, Guraso.eus-ek eta Txatxilipurdik. Maiatzaren 19tik 26ra arte egingo dute.

Azken hamarkadetako garapen ereduen aurka, naturarekiko harremana mantentzea eta haren sustraietara lotuta jarraitzea du helburu Naturan Jolasean jaialdiak. "Azken hamarkadetako garapen ereduak natur eremuetatik urrundu eta hormigoizko hiri handietara bizitzera eraman gaitu. Honek, naturak eguneroko bizimoduan aurrera egiteko eskaintzen dizkigun baliabideei muzin egitea ekarri du", nabarmendu dute antolatzaileek.

Naturaren balioa aintzat hartzea ezinbestekotzat dute, naturatik urruntzeak, "kultura oso baten galera" dakarrela argudiatuta: "Jakituria, ohitura, erritu, legenda eta kontakizun herrikoiak; zuhaitz, landare eta animalien ingurukoak; landa-eremuaren, urtaroen eta, oro har, lurraren ingurukoak; osasuntsu bizitzen laguntzen zigutenak eta, batez ere, gure bizitzari benetako zentzua ematen ziotenak".

Aldi berean, argi dute natura ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri "agorrezina" dela. "Hori horrela, beharrezko ikusten dugu naturaguneekiko atxikimendua areagotzeko dinamikak sortzea", adierazi dute. Horri erantzuteko helburuarekin prestatu dute, hain zuzen, Naturan Jolasean jaialdiaren bederatzigarren edizioa, askotariko ekintzak jasoko dituena.

Honako hau da egitaraua:

  • Maiatzak 19, domeka:
    • 10:00etan eta 12:00etan, espeleologia txangoa, Montxongo koban barna, LH 3/4ko haurrei zuzendua eta bi txandatan banatua. Izen-ematea ikastetxeetako LEK-eko koordinatzaileen bidez egin beharko da. Euria bada: alertarik ezean ekintza aurrera aterako da.
  • Maiatzak 23, eguena:
    • 17:00etan, murala margotzea, Biteri plazan.
    • 17:30ean, kalejira berdea, Biteritik Monterronera.
    • 18:00etan, natura liburu berrien aurkezpena eta ekintza gidatua, Monterronen, Sua argitaletxearen eskutik. Euria bada: ekintzak Aldai parkean egingo dira.
  • Maiatzak 25, zapatua:
    • 18:00etan, Ziorlako begiratokoria igoera, Zaldibartik abiatuta.
    • 19:30ean, Praktika onak mendian tailerra, Ziorlako begiratokian. Amaia Etxebeste mendi gidariaren eskutik. Izena ematea beharrezkoa da. Euria bada, alertarik egon ezean, gauzatu egingo dute.
    • 20:30ean, afaria, Zeuk ekarri eta bertan jan.
    • 21:30ean, Gaubela mitologikoa sua rol jolasarekin. Ondoren, vivac egiteko aukera, Ziorlako begiratokian. Izena ematea beharrezkoa da.
  • Maiatzak 26, domeka:
    • 08:30ean, herri gosaria. Izena ematea beharrezkoa da.
    • 09:30ean jaitsiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak