Udalak hamazazpi desfibriladore instalatuko ditu herrian zehar

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 13a, 18:47

200 boluntariok osatutako sare bat osatu nahi du Udalak, herritarren inplikazioa "ezinbestekoa" delako sistema honek funtzionatu dezan; formazioa jasoko dute.

Arrasateko Udalak hamazazpi desfibriladore instalatuko ditu herrian zehar, Bexen Cardio enpresarekin; gaur hasi dituzte lanak eta aurreikusten dute hilabete amaierarako bukatzea, Maider Morras Arrasateko alkateak jakinarazi duenez. "Helburua da osasun ekosisteman aurrera urratsak egitea, Arrasate herri osasuntsua izatea nahi baitugu, eta zerbitzu honek bizitza asko salba ditzake". Izan ere, azpimarratu duenez, datuen arabera, bihotz-biriken geldialdi bat jasan duen pertsona bat sei minutu igaro baino lehen artatu behar da bizirik manten dadin. "EAEn, 2018ko datuen arabera, ordea, anbulantzia batek batez beste 11 minutu behar ditu biktimarengana heltzeko".

Desfibriladoreen kokapenari dagokionez, hamazazpi izango dira: San Frantzisko elizaren alboan; Euskal Herria plazaren atzean; Musakolan; Makatzenan; Altamiran; Santa Teresan; Etxeazpian; Udalpen; Uribarri-Uriburun; Arimazubin; Garagartzan; San Andresen; Kataiden; Gesalibarren; Udalan; Bedoñan; eta Meatzerrekan. Horietako batzuk totem laranja batean sartuta egongo dira –Musakolakoa, adibidez– eta beste batzuk, aldiz, eraikinetako paretetan egongo dira.

Boluntarioen sarea

Zerbitzu hau martxan jarri dadin, ordea, boluntarioak behar direla azpimarratu du Morrasek, herritarren inplikazioa "ezinbestekoa" izango delako sistema honek funtzionatu dezan. Horretarako, bada, formakuntza jasoko dute boluntarioek, Oxel Etxebarria Bexen Cardioko zuzendari nagusiak jakinarazi duenez: "Udalak desfibriladoreen eta bihotz-biriken bizkortzean oinarritutako doako formakuntzak jarriko ditu herritarren eskura, eta berrehun boluntario dira erreskatatzaile sarea sortuko duten pertsonak". Hiru ordukoak izango dira saio horiek, eta desfibriladoreak nola erabili erakutsiko dute; praktikak ere egingo dituzte.

Horrez gain, sarearen parte diren herritarrek Reanibex Alert aplikaziorako sarbidea izango dute, desfibriladorearekin konektatuta egon daitezen. Hain justu, aplikazioak herritarren eskuko telefonoetara bideratuko ditu alertak, gertaeren berri emateko eta parte-hartzea koordinatzeko, geolokalizazioaren bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak