Puntua aldizkariaren 410. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Etenak izan dituzte bidean, baina Arrasate Rugby Taldeko neskek hiru hamarkada egin dituzte errugbian. 1991- 1992ko denboraldian hamabost neska hasi ziren entrenatzen, baina ez Garagartzako zelaian; Musakolako kiroldegian zegoen hareazko zelaian hasi ziren kirol hura gertutik ezagutzen. "Sasoi hartan, mutilen partiduak ikustera joaten ginen Garagartzara, eta atsedenaldietan zelaira irteten ginen baloiarekin apur bat jolastera. Ez daukat oso garbi zerk erakarri gintuen, baina bistakoa zen kirol hark bazuela xarma berezi bat", dio gaur egun beteranoekin eta amen taldearekin –Pirolitikak– jokatzen duen Aitziber Zumaldek.
Sorpresa pozgarria klubean
Claudio Merchan Kako izan zen emakume talde gazte harekin lanean hasi zenetako bat. "Sekulako sorpresa hartu genuen, neska talde bat gertu zegoen gure kirola gertutik ezagutzeko; errugbian jokatu nahi zuten! Guretako bonba hutsa izan zen, gauza benetan pozgarria. Kontua da klub moduan baliabide oso murritzak genituela, eta bestelako lanetan ibiltzen ginenok hasi ginen neska haiei errugbia irakasten". Lehenengo bi urteak entrenatzen igaro zituen lagun talde hark joko-arauak hutsetik ikasi behar izan zituen. "Beste kirol jarduera batzuetan gehiago edo gutxiago, baina jendeak ezagutzen ditu arauak; errugbian, ez. Normalean, jendea hutsetik hasten da". Hala, bi urtez entrenatzen ibili ostean, eta zenbait aldaketarekin, 1993-1994ko denboraldian hasi ziren liga txapelketa jokatzen. Zoritxarrez, baina, talde hark ez zuen jarraipenik izan, eta 1995ean desagertu egin zen emakumezkoen errugbi taldea.
Eten luze bat etorri zen orduan; 2007ra arte, Arrasaten gizonezkoek bakarrik jokatu zuten seniorretan, baina urte hartan belaunaldi berri bat batu zen errugbiaren bueltan, eta proiektu bat abiarazi zuten. "Herriko jaiak momentu egokia izaten dira jendea animatzeko. Parrandan sortzen dira halako proposamenak, jendea berotu egiten da, eta halaxe animatu ginen gu ere, San Juan jai batzuetan", dio Izaskun Garciak, barrezka. Ordurako Mojategin jokatzen zuten, eta talde hark beste hiru urte iraun zuen –Mikel Kerejetaren, Igor Erañaren eta Ion Iriaren agindupean–.
Eta hirugarren etapa pandemia baino apur bat lehenago hasi zuten. "Ez zen batere erraza izan lehenengo urratsak egitea: konfinamendua, maskarekin entrenatzea, Osasun Sailak ezartzen zituen mugak...", diote klubekoek. Zailtasun haiek, baina, ez zuten ARTko nesken ilusioa zapuztu, eta, urtebetez entrenatzen aritu eta gero –tartean, lagunartekoak jokatu zituzten–, 2021-2022ko denboraldian lehiatzen hasi ziren, Ordiziarekin batera taldea osatuz. Ikasteko baliatu zuten urte hura, eta ligako azken jardunaldian Bera Beraren kontra lortutako garaipena gogoangarria izan zen. Proiektu horrek bai, jarraikortasuna izan du, eta, egun, Eibarko neskekin osatzen dute seniorren taldea. Eta ez hori bakarrik, inoiz errugbian jokatu ez duten emakumezkoak ere batu dira-eta errugbira; jokalari gazteen amek sortu dute egitasmoa, eta Pirolitikak izena dute.
Aitziber Zumaldek (Arrasate, 1978) Garagartzako errugbi zelai zaharrean erantzun ditu erreportaje honetako galderak –telebistan ere emango du Goienak erreportajea–. Eta, hara gerturatzeaz batera, aurpegian irribarrea azaldu zaio: "Zelako garaiak haiek... Ze baldintza txarretan jokatzen zuten orduan... Zelai hau patatak landatzeko izango zen egokia, baina kirola egiteko... Hori bai, sekulako xarma zeukan, zelaia erabat lokazten zen, eta ni lokatzetan gustura ibiltzen den horietakoa izan naiz beti. Hori pertsonaren araberakoa da, eta horrek ere badu eragina kirol honek gehiago edo gutxiago harrapatzeko".
Zumalde 1991n errugbian lehenengoz entrenatzen hasi zen neska taldean zegoen; lehenengo hazia jarri zutenak. "Gogoan dut gizonezkoen taldean jokatzen zuen lagun batek esan zidala emakumezko taldea sortzekotan zeudela, eta animatu egin nintzen. 14 urte izango nituen; ordurako gizonezkoen partiduak ikustera etortzen ginen Garagartzara, eta kanpoko partiduetara ere joaten ginen. Eta atsedenaldietan gu irteten ginen zelaira baloiaz jolastera. Baina gu ez ginen Garagartzan entrenatzen hasi; Musakolako kiroldegian zegoen hareazko zelaian hasi ginen entrenatzen". Hori bai, 1994an taldea ofizialki sortu zutenean Zumaldek ezin izan zuen elastikoa jantzi.
"NESKAK ERRUGBIAN IBILTZEA EZ ZEN OHIKOA, 'MARIMATXOAK' GINEN; HORI ALDATU EGIN DA"
Errugbian jokatzeko debekua
Zumaldek ondo gogoan du gurasoek errugbian jokatzea debekatu ziotenekoa: "Istripu baten ondorioz paralizatuta geratu zitzaidan bizkarra eta ospitalean eman nuen denbora dezente. Eta, kanpotik ikusita, kirol honek badu zakar itxura. Hala, gurasoek debekatu egin zidaten errugbian jokatzea, eta orduan kasu egin nien; kar-kar". Arantza hura, baina, 2007an atera ahal izan zuen, eten luze baten ondorioz Arrasatek ostera ere emakumezkoen taldea sortu zuenean.
Errugbiak harrapatuta
Zumaldek garbi dauka errugbitik zerk erakarri zuen. "Lehenago ere multikirolean ibilitakoak ginen: atletismoan, boleibolean, saskibaloian.... Baina errugbiak harrapatu ninduen. Kirol moduan oso polita da, ez da bortitza, nahiz eta kanpotik itxura hori ematen duen, baina kontaktuzko kirola da, eta horrek erakartzen ninduen". Eta, alde horretatik, hastapeneko neska haiek muga batzuk gainditu behar izan zituzten. "Tira, gizarte moduan hobeto ikusita dago gizonak kirol zakarretan ibiltzea, eta badirudi neskok femeninoak edo goxoak izan behar dugula. Sasoi hartan hortik irteten ginenok marimatxoak ginen. Estereotipo horiek ez diote emakumezkoen errugbiari mesederik egin, hortik aldendu beharra daukagu. Zorionez, gaur egun, hesi hori apurtzea errazagoa da".
Izaskun Garciak (Arrasate, 1987) azken urteak errugbitik urrunduta eman ditu, baina aste barruan beteranoak eta amen taldea elkarrekin entrenatzen dira, eta horretan harrapatu dugu Garcia. "Banuen ostera ere entrenamendu batera etortzeko gogoa. Ama izan osteko helburuetako bat izan da, eta berriro ere kirol apur bat egiten hasi naizenean konturatu naiz zenbateraino igartzen nuen faltan kirola talde giroan egitea, talde bateko kide zarela sentitzea. Zentzu horretan garbi ikusi dut, errugbira bueltatuko naiz. Seniorrekin probatzeko tentazioa ere izan dut, baina ikusten dituzu orain entrenatzen eta... konturatzen zara denbora ez dela alferrik pasatzen", dio arrasatearrak umorez.
Izaskun Garcia 2007an emakumezkoen senior taldea ostera ere abian jarri zutenen artean egon zen, baina lehenago hasi zen errugbian jokatzen. "Futbola probatu nuen baina ez ninduen askorik erakartzen. Eta, senitarteko batek komentatu zidan errugbia probatzeko. Hala, DBHko bigarren urtean errugbian hasi ginen, eta orduan talde mistoa genuen. Eskolako urte haietan errugbian ibili nintzen jokatzen, baina mutilekin jokatzen genuelako edo... neskak taldea uzten joan ziren, bakarrik geratu nintzen arte. Orduan konturatu nintzen ni ere lekuz kanpo nengoela, eta, penaz, baina errugbia utzi nuen".
"ENTRENATZEN HASI ETA OROITZAPEN MORDOA ETORRI ZAIZKIT BURURA; BUELTATU EGINGO NAIZ"
20 urterekin, baina, ostera ere errugbian hasteko aukera izan zuen, senior mailan. "2007an taldea sortzeko asmoa zegoela komentatu ziguten, eta ez nuen birritan pentsatu. Lehenago errugbia behartuta utzi nuen sentsazioa nuen, eta ostera ere jokatzeko gogoz nengoen. Egia da ez nuela ibilbide oso luzerik egin, Erasmusetik kanpora joan nintzelako ikastera eta ondoren lan kontuak tarteko beste zeregin batzuetan ibili nintzelako, baina bai, oroitzapen oso onak ditut. Izugarri gozatzen nuen, talde giro ederra geneukan eta hirugarren denborak paregabeak ziren; parranda ederrak egiten genituen sasoi hartan".
Zer du errugbiak?
Izaskun Garciak errugbira itzultzeko gogoz egin ditu azken urteak. "Entzun nuen senior mailako taldea sortu zutela ostera ere, eta berotuta ibili nintzen, baina amatasuna dela, hau dela, bestea... Tira, azkenean, animatu egin naiz etortzera, eta amekin eta beteranoekin lehenengo entrenamendu saioa egiteaz batera oroitzapen mordoa etorri zaizkit gogora, jarraitu egingo dut".
Errugbiarekin horrenbeste joan-etorri izan eta gero, Garciak garbi dauka zerk erakartzen duen: "Errugbia giro onaren eta jende onaren topalekua izan da. Amen taldean baditut lagunak, eta badakit giro ederra dutela; horrek erakartzen nau gehien".
Belaunaldi berriekin gauzak dezente aldatu dira, eta gaur egun senior mailara iristen diren jokalari askok harrobitik egin dute bidea, ez dira bat-batean senior mailara iritsi. Haizea Zabalaren (Arrasate, 2006) kasua da horietako bat. "Ni 10 urterekin hasi nintzen Arrasateko taldean errugbian jokatzen. Leintz Eskola Kirolak antolatutako topaketa batera etorri nintzen, eta, ondoren, domeketan entrenamendu saioak antolatzen zituzten guretako". Zabalak aitortu du etxetik ere badatorkiola errugbirako joera: "Aitak senior mailan jokatu zuen urte askoan, eta gaur egun ere beteranoen taldean dago. Ama bera Pirolitiken taldean dabil jokatzen, amen taldean. Baina topaketa hartara joan aurretik niri burutik pasa ere ez zitzaidan egiten errugbian hastea. Eta orain etxean babes handia dut errugbian jarraitzeko".
Eibartarrekin batera
Lerro hauek irakurri orduko, Zabalak eta haren taldekideek liga amaitzear izango dute, eta Eibarko neskekin batera osatzen duen AGT/ERT taldeak lan txukuna egin du Euskadiko txapelketan. Izan ere, durangarrekin, ordiziarrekin, eibartarrekin... Arrasatekoek urte hauetan beste talde batzuetako jokalariekin batu behar izan dituzte indarrak taldea osatzeko. "Hori da errugbi talde batek duen beste erronketako bat, jende asko behar dela taldea osatzeko. Partidu bakoitzean berdegunean hamabost jokalari izaten dira, eta horrekin batera ordezko jokalariak ere behar izaten dira, horrenbestez, jendea behar da".
"10 URTEREKIN HASI NINTZEN, BAINA IKUSTEN NUEN SENIORRETAN EZ GENUELA TALDERIK"
Arrasatekoen ilusioa beti izan da etxeko jokalariekin osatzea taldea, eta horretarako aukera bakarra da ateak Debagoienera zabaltzea. "Erakartze-lan horretan dihardugu, sare sozialetan deialdiak zabaltzen... Debagoieneko neskak animatu nahi ditugu entrenatzera etortzera, ikus dezatela errugbia zer-nolako kirola den. Oso giro polita dugu eta seguru bat baino gehiago gustura ibiliko litzatekeela. Egia da probatzera etortzen diren askok jarraitzea erabakitzen dutela. Jendea animatzeko parrandak ere oso momentu egokia izaten dira; kar-kar".
Argazki zaharrari begira
Zabalak eskuetan du 1994an ligan lehenengoz jokatu zuten neska haien zuri-beltzeko argazkia. "Poztasun handia hartzen dut argazki hau ikusten dudanean; ikustea duela 30 urte ere bazeudela neskak errugbian jokatu nahi zutenak. Eta espero dut aurretik ere emakumezkoen taldeak gutxienez beste horrenbeste urtetan eustea. Nik neuk, behintzat, hemen jarraituko dut errugbian jokatzen, eta ikusten dut ondoren etorri diren eta ni baino apur bat nagusiagoak diren jokalariak ere oso gogotsu daudela".
Arrasateko Rugby Taldean izan den azken berritasuna ez da gazteengandik etorri, eta bai jokalarien amen partetik. 2022an elkartu ziren berdegunean ordura arte harmailetan animatzen egoten ziren jokalari gazteen amak, eta, entrenatzen hasi ostean, 2022ko azaroan jokatu zuten lehenengo partidu ofiziala. Hala, ordutik, Mater Series-etako hainbat torneotan egon dira: Sitgesen, Sevillan, Valladoliden, Bilbon, Bartzelonan... "Nik uste dut klubari falta zitzaion azken ginga izan dela talde hau sortu izana. Hamar ama batu ginen duela bi urte, errugbian jokatu nahi genuela erabakita, eta Gasteizera joaten hasi ginen hango amekin entrenatzera; gaur egun, 28 ama gaude Pirolitikak taldean", dio Belen Aranbarrik.
Errugbia barrutik ezagutzen
Arrasate Rugby Taldeko harrobian talde gazteena 10 urtez azpikoa da, eta, pirolitikek brometan esaten duten moduan, orain momentuan hori da euren maila. "Gure joko maila 10 urtez azpikoen kategoriakoa da; kar-kar. Baina lehen seme-alaben partiduak ikustera joaten ginenean ez genituen joko arauak ezagutzen, epaileak avant bat adierazten bazuen [jokalari batek pasea aurrera ematen duenean, edo baloia erortzen zaionean] ez geneukan ideiarik ere ez zergatik eteten zuen jokoa, eta orain bai, orain ulertu egiten dugu zelaian gertatzen den hori".
"DUELA BI URTE, HAMAR AMA GINEN, ETA EGUN, 28 GAUDE TALDEAN; EDERTO IBILTZEN GARA"
Aste barruan Pirolitikak eta senior mailako beteranoak elkarrekin entrenatzen dira: "Entsalada ederra sortzen dugu, baina giro oso onean ibiltzen gara eta serio entrenatzen gara. Gainera, urte askoan errugbian jokatu dutenekin entrenatzeak hori dauka ona, kirola ondo ezagutzen dutela, eta azkarrago ikasten dugu. Mater Seriesetan gu garapen fasean gaude, eta gero, txapelketa fasea dago. Hala, garapen fasean minik ez hartzeko neurriak hartzen dira, kontaktu gutxiago dago, plakaketak debekatuta daude... Hala ere, ordu berean senior mailako neskak ibiltzen dira zelaiaren beste erdian entrenatzen, eta haiei begiratzen diegunean... Euren adina izango bagenu... Bai, pena dugu errugbira lehenago iritsi ez izanagatik. Baina inoiz ez da berandu, eta orain izugarri gabiltza gozatzen. Hala ere, senior mailako neskak euren entrenamendua amaitutakoan guregana etortzen dira, eta esaten digute euren ibilbidea maila horretan amaitzen dutenean guregana etorri nahi dutela".
Liga propioa etxean bertan?
Izan ere, Mater Series indarra hartzen dabil: "Azken hilabetean zortzi talde batu dira, baina egia da talde gehienak Madrildik beherakoak direla, edo Mediterraneokoak; Bartzelonan, esaterako, 450 jokalari batu ginen. Orain, Euskal Herrian liga propioa sortzeko asmoa dago, maiatzean ditugu batzarrak. Egia da Bizkaiko taldeak txapelketa fasean daudela, maila hobea dute. Gipuzkoan bakarrak gara gu. Ikusiko dugu"