12.616.417 euroko soberakina da 2023koa eta, Udal Gobernuak aurreratu bezala, 2024ko aurrekontuetako proiektu batzuk gerakinetik eratorritako partidekin finantzatuko ditu.
Hiru proiektu nagusi nabarmendu ditu Maider Morras alkateak eta, hain zuzen, gaur bertan sinatuko du hiru proiektu horiek martxan jartzeko beharrezkoa den bi milioi inguruko kreditu aldaketa.
Proiektuei dagokienez, batetik, 600.000 euro bideratuko dituzte Iturripeko proiektua idazteko. Laster lehiaketara aterako dute idazketa eta 2025ean Iturripeko kiroldegi berria eraikitzen hastea aurreikusten dute.
Bestetik, uztaileko asteburuetan Udalara igoko den autobus zerbitzu publiko berria ezarri nahi du Gobernuak. "Proiektu pilotu bezala funtzionatuko du aurten, eta emaitza onak izaten baditu, datozen urteetan mantentzeko asmoa dugu", dio alkateak.
Azkenik, Gorostiza auzorako igogailuen proiektua ere idatziko du Udal Gobernuak. "Martxoan bizilagunekin bildu ostean, igogailuaren proiektua idazteko adostasuna lortu genuen bizilagunekin. Proiektu konplexua da, eta ezinbestekoa izango da udal teknikarien, gobernukideen eta auzokideen inplikazioa bilatzea proiektuaren erredakzioan".
Alderdien arteko adostasunaren bila
Gerakinaren gainontzeko diru kopurua nora bideratu udalbatzak erabakiko duela dio Gobernuak. "Gure asmoa da lau aste barru egitekoa den ekaineko osoko bilkuran proposamen adostu bat eramatea eta, posible balitz, aho batez onartzea alderdi guztien artean". Halaber, alkateak dio Gobernu Planean jasotakoa errespetatu beharko dela eta, ondorioz, "proiektu bateragarriak" izan beharko direla proposatutakoak.
Era berean, gogorarazi du Gobernuaren helburua "efizientziaz kudeatzea" izango dela, gerakinaren "zati handi bat" agintaldian etorriko diren inbertsioetarako bideratuta. Epe motzeko proiektuak Iturripeko kiroldegi berria edota Amaia antzokiaren eraberritze integrala daude, besteak beste. "Horregatik, datorren urtean abiatuko diren obrak finantzatzeko dirua gordeko dugu".
Epe ertainerako aurreikuspeneei dagokienez, Musakolako kiroldegia edota urbanizazio lanak aipatu ditu. "Beraz, zuhurtzia handia beharko dugu".
EAJk sei proposamen egin ditu
Oposiziotik, EAJk "erantzukizunez" jokatzeko dei egin dio Gobernuari, soberakina "modu eraginkorrean" erabiltzea exijituz. Gobernuaren "paralizatuta" dagoela-eta, soberakina "handiegia" dela dio Ander Garayk, jeltzaleek Udalean duten bozeramaileak. "2023rako aurreikusitako diru-sarrerak 200.000 eurotan murriztu dira, baina soberakina 2.200.000 eurotan handitu da. Gainera, hori larriagotu egiten da 2023ko urriko osoko bilkuran zerga eta tasetan %4ko eta % 5eko igoera onartu ondoren. Ez zegoen horretarako beharrik".
Edozelan ere, 12.616.417 euro horiek erabiltzeko sei proposamen egin ditu oposizioko taldeak eta horietako lau, iazko aurrekontuan jasota zeudela nabarmendu dute. Batetik, 300.000 euro bideratu gura dituzte udalerriko hainbat eremutan asfaltatze lanak egiteko. Bestetik, 100.000 euro jarriko lituzkete Zerrajerako parkea, Juan Arzamendi Musika Etxe ondoan dagoena, estaltzeko. Halaber, Santa Barbarako parkea hobetzeko 100.000 euro jartzea proposatu dute eta, azkenik, Iturripeko kiroldegia lehenbailehen eraikitzea. "3.600.000 euroko esleipena proposatzen dugu, diseinurako 600.000 euro eta obrak lehenbailehen hasteko 3.000.000 euro. Gure ustez, finantzaketa partekatua izan behar da Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren artean, baina horretarako lanketa egin behar da", dio Garayk.
Horiez gain, beste bi proposamen ere egin dituzte. Lehena da Gorostizako igogailuak egiteko 2.400.000 euro inbertitzea eta, bide batez, proiektu hori Gobernu Planean sartzea. "2015ean aho batez onartutako plan hura gauzatzeko igogailu horiek bakarrik falta dira. Beraz, 400.000 euroko proiektua egitera bideratzea eskatzen dugu eta bi milioi euro, gauzatzeko".
Azkenik, Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleetarako 2.000.000 euroko dirulaguntza bideratzea proposatu du EAJk, "energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko laguntzetarako, Eusko Jaurlaritzatik aldez aurretik jasotako finantzaketa osatuz", adierazi dutenez. "Eusko Jaurlaritzak laguntza eman zion Udalari aurreko legealdian. Laguntzaren zati bat Santa Teresako eta Doneztebeko 90 etxebizitzatan energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko neurriak ezartzeko bizilagunentzako laguntza-lerro bat zen. 90 etxebizitza baino gehiagok erakutsi zuten interesa, eta asko izan dira dirulaguntzarik gabe geratu diren bizilagunak".