Arrasatera etortzeko "gogotsu" zaudete. Plaza berezia da?
Hala da, bai; azkenaldian inguruko herrietan izan garen arren, urteak dira Arrasatera etorri ez garela; bada, ilusio berezia dugu gaurko emanaldirako.
Urte asko daroazue taularen gainean; osasuntsu dago taldea?
Bai, horixe. Urte oso eroak izan ziren hastapenekoak, handi samarra zen dena, ez genuen ondo dastatzeko aukerarik izan, eta urteetako esperientziak gozatzeko ahalmena eman digu.
Azkenaldian, gazte asko izaten dira erromeriatan dantzan.
Eta pozgarria da, zalantza barik! Pandemiaren ostean hasi ginen joera hori igartzen. Esango nuke azkeneko urteetan berreskuratu dela festa egiteko modua. Pribilegiatu hutsak sentitzen gara gure musikaren inguruan aitona-amonak, gurasoak eta seme-alabak elkartzen direlako.
Zein da zuen sekretua?
Esango nizuke Gozategiren ezaugarri nagusia kantak direla, ez da sekula izan irudia zaindu duen talde bat. Talde batek horrenbeste urte jarraitzeko atzetik duen indarra uste dut kantuetan dagoela.
Ez da samurra izango errepertorioa zehaztea, ezta?
Helburua plazan dagoen jendearekin komunikazioa sortzea da; hortaz, ez gara aspertzen Kalanbreak, Nork, Nori, Nor edo Korrikarena abesten. Kanta bat komunikatzeko instrumentu bat da, eta publikoarekin komunikatzeko beste aukera bat ematen digute aldiro.