Zuzeneko musikarekin kontatutako ipuina

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko api. 26a, 08:13

Familiendako sortutako Euskelelea ikuskizuna egingo dute Euskal barrok Ensemble musika taldeak eta goikobalu txiki abesbatzako haurrek, arrasateko bibliotekak gonbidatuta, gaur, egubakoitza, kulturateko areto nagusian, 18:00etan hasita.

Orain dela hiruzpalau urte Portugalgo Braga hirira kontzertu bat ematera joan zenean ezagutu zuen Enrike Solis Euskal Barrok Ensemble taldeko kideak cavaquinho izeneko instrumentua. "Gitarra txiki bat da, Hawaiiko jatorria duen ukelelearen antzerakoa, eta orain dela mende asko katedrala eraikitzera etorri ziren Bizkaiko langileek ekarri zuten musika tresna baten aurrekaria zela kontatu zioten. Familia bereko instrumentuak mundu osoan daudela ikusi zuen gero, hango museo batean. Etxera itzulitakoan istorioarekin txundituta, euskal instrumentu zahar hori berreskuratzea proposatu zigun", kontatu du Euskal Barrok Ensemble taldeko Miren Zeberiok.

Gasteizen bizi den luthier batekin harremanetan jarri ziren ondoren, eta elkarrekin sortu dute Euskelelea izena jarri dioten tresna; hain justu, gaur Arrasaten eskainiko duten ikuskizunaren protagonista. "Enrike Solisek joko du tresna hori, eta alboan izango gara: Lore Zeberio eta Leire Berasaluze abesten; Iraide Ansorena perkusioan; Mixel Etxekopar txirulekin eta abesten ere bai; eta biolin barrokoarekin eta arrabitarekin ni", gaineratu du Zeberiok.

Juan Kruz Igerabideren ipuina

Musikarekin eta ilustrazioekin jantzitako ipuin kontaketa da Euskelelea. "Itziar Saenz de Ojerrek kontatuko du Juan Kruz Igerabidek idatzi digun istorioa gaur Arrasaten. Euskal mitologiako pertsonaiekin musika tresna horren historia da ikuskizuneko kontakizuneko oinarria; istorio sinplea da, baina oso lasaia eta polita".

Liburu formatuan ere badute Euskelelea, non ipuina, ikuskizuneko abestien partiturak eta Irrimarrak egindako ilustrazioak batzen dituzten; marrazki horiek agertokian erakusten dituzte kontakizunean zehar.

Goikobalu Txikikoak, abeslari

Ikuskizuna tokian tokiko artistekin eskaintzea dute hasieratik helburu, eta, oraingoan, Goiko- balu Txikiren atea jo dute. "Halako ikuskizunik egin bakoak ginen arren, materiala partekatu ziguten eta segituan engan- txatu ginen proiektura. Aste Santu aurretik hasi ginen prestaketekin, eta serio heldu diogu ondoren. Oso motibatuta egon dira denak. Ekainean, urtero moduan, ikasturte amaiera jaialdia egingo dugu, eta hori prestatzen ari gara, baina halako proiektuetan parte hartzea oso aberasgarria da guretzako. Esperientzia oso polita izan da denontzako", kontatu du Goikobalu Txiki abesbatzako zuzendari taldeko Maialen Gonzalezek. Gaurko ikuskizunean 6 eta 13 urte bitarteko abeslariak izango dira kantuan eta tarteka dantzan ere bai. "Kantu oso politak dira, eurek normalean entzuten ez duten musika estilo batekoak. Zati batzuetan kantatu baino gehiago egingo dute, eta inprobisatu beharra izango dutela ere aurreikusita dute".

Publikoa ere kanturako prest

Oso gustura egiten duten ikuskizuna dela aitortu du Miren Zeberiok: "Arriagan egin genuen estreinaldia formatu nahiko handian, eta tokian tokiko aretoetara moldatutakoak eskaini ditugu ondoren. Familia giroan gozatzeko ikuskizun polita da, askotariko osagaiak dituelako. Agertokian gaudenez gain, publikoak ere parte hartzen du; izan ere, abesten eta dantzan jartzen ditugu gurasoak eta haurrak; hala, momentu polita pasatzeko aukera paregabea da".

Gonbidapenak hartzea komeni

Dohainik da sarrera, baina aurrez gonbidapenak eskuratzea gomendatu dute antolatzaileek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak