Gerra ostean 1940. urtean jaiotakoa da Anton Herrarte Garai arrasatearra. San Andres auzoan, Miravalles baserrian; Olandixotik gora, berak dioen moduan, "Dragoiaren bidetik gora, lehengo bide ofizialetik, Arrasatetik Untzillara, eta Arabako lautadaraino joan zitekeen bidean. Baserria lautada batean dago, Debagoieneko bailarari begira. Miravalles, Mirabañes… deitua izan da; Valles de Artazubiaga kondearena izandakoa ere izan daiteke; gure amandreari entzunda diot kondeari erosi ziotela, hau da, Monterrongo kondearena zela gure amandrearen garaian".
Zazpi anai-arrebako familia
Amak nahikoa lan izan zuela dio Herrartek, zazpi anai-arreba zirelako etxean; sei gizonezko eta emakumezko bat: "Koitaduak nahikoa lan izan zuen. Berrogeita urte gutxiaz hil zen, gazte, eta gure aita eta amandrea geratu ziren gurekin. Ni zaharrena nintzen; 14 urte nituen ama hil zenean". Gerra ostean jaio arren, baserriko bizimodua ez zela hain gogorra ere azpimarratu du Herrartek: "Jateko beti zegoen patata eta garia. Aita oso tradizionala zen, eta garia berandu arte erein zen gurean. Ganadua ere bagenuen, oiloak, frutak… Ez genuen goserik pasa".
Karmelitetara 11 urterekin
Arantzazuko Amarengana joan behar zuen, hasiera batean, apaiz-ikasketak egitera, baina karmelitetara joan zen. "Niretzako Elizak izan duen errore handiena mutikotan apaiz izateko eramatea izan zen. Jesukristok ez zituen mutikoak hartu, gizonak hartu zituen, ezkongaiak edo ezkonduak, baina gizonak. Osaba bat karmeldarra nuen Txilen, behin etorri zen, eta, karmelitetara joan behar nuela esanda, ordaindu beharrekoak hark ordainduko zituela esan, eta hara joan nintzen. Ondo egon nintzen bertan, eta norberak nola izan behar duen jakiteko asko ikasi nuen orduko bizimodurako, baina ez apaiz izateko. Gero, pederastia kasuak-eta hortik datoz; mutikotan joan dutelako askok. 11 urterekin zoaz, eta indar handia behar duzu horri aurre egiteko. Nagusi joan diren apaizak, bestalde, onak dira. Han, 11 urtetik 14 urtera arte egon nintzen. Arrasatera etorri, eta Zarugalden, Tijerasen, hasi nintzen fabrikan lanean, soldaduskara arte".
"Dozena bat lagunen artean kooperatiba txiki bat ere sortu genuen"
Guraizeak egiten lanean
Tijeras fabrikan hasi zen, aprendiz; gero, langile, liman, trokelak egiten… "Artaziak forjatuta egiten ziren, kategoriagoakoak egiten ziren, ez orain egiten diren modukoak, plastikozkoak. Orduan, 1965ean kooperatiben kontua pil-pilean zegoen, eta, dozena bat lagun batu, eta guk ere kooperatiba bat egin behar genuela pentsatu genuen. Kapital apur bat jarri genuen eta Uribarrin tailertxo bat ireki genuen. Ez genuen ezagutzarik, eta urte batzuk egin ostean porrot egin genuen. Gerenteari Afrikara joatea tokatu zitzaion soldaduskan, eta ni jarri ninduten gerente. Sindikatukoek ere esaten zidaten gutxi ordaintzen zela… eta esaten nien: 'Jarri enpresa bat, sortu zuek lanpostuak…'. Izan ere, denok dugu eskubidea lan egiteko, baina nork dauka obligazioa lana emateko? Gobernuak? Gizartean kontraesan izugarriak daude. Bizi izan nuen esperientzia hura aberatsa izan zen, baina esperientzia bakarrik; izan ere, diru barik geratu nintzen, ogia saltzen hasi nintzen arte.
"Baserrikooi kaleko ogia gustatzen zaigu; eta kalekoei, baserrikoa"
Ogia saltzen 36 urtez
Arreba kalera jaisten zela esnea saltzera eta bueltan ogia ekarri behar zuen arren erostera joan eta ogirik ez zegoela gogoan du Herrartek: "Lau okindegi zeuden herrian, eta San Andres auzoa ere kanpotik etorritakoekin handitzen hasia zen. Denontzat ez zegoen ogirik. Gainera, baserrikooi kaleko ogia gustatzen zaigu; eta kalekoei, baserrikoa. Ogia banatzen hasi nintzen, Aramaion ogia egiten zuen bati erosita; gero zabaldu genuen denda San Andresen, Zigarrolan ere ireki nuen beste bat, Santa Marinan, eta gero, ezkontzean, andregaiarekin aritu nintzen ogia saltzen. Okina nintzela esaten zidaten, baina ez dut sekula ogirik egin, saldu egin dut. Horrela, 66 urtera arte. 36 urtean, urte askoan ez oporrik ez jairik eta ezer ez. Goizeko bostetan hasi eta, sarritan, 20:00ak arte. Milioika kilometro egin ditut Arrasatetik Aramaiora".
Beethoven gustuko, ezizen bera jasota
"Beethoven niretzat aurkikuntza bat izan zen. Gasteizera joan nintzen musika denda batera, Arrasaten ez zegoelako, eta bederatzi sinfoniak erosi nituen, baita disko-jogailu bat ere. Gero, koruko kideak Beethoven ezizenez deitzen hasi ziren".
Musika pasio
Karmelitetan ikasi zuen musika Herrartek, eta haren kabuz gustatzen zitzaion musika egitea; poesia irakurriaz, musika jartzen zien letrei. "Beti izan dut musika sortzeko ahalmena, baina ez dut formakuntzarik izan".