2021ean egin zuten Neomak izenarekin lehen kontzertua, eta Arrasateko Pandero Jaialdian egin zuten bigarrena. 2022an argitaratu zuten diskoari zukua atera diote eta askotariko musika-zaleren egarriak asetzea lortu dute. Arrasate Irratiko Zaku bete kontu saiora gonbidatu dute Amets Ormaetxea (Arrasate, 1997).
Ordu erdi eskasean agortu ziren domekako kontzerturako sarrerak.
Bai; sorpresaz hartu genuen. 10:00etan hasi ziren sarrerak saltzen eta 10:20 bueltan zazpi bakarrik geratzen ziren. Eskerrak eman gura dizkiegu sarrerak erosteko ahaleginetan ibili zineten guztioi; webgunea kolapsatu egin zen, gainera.
Sarritan agortzen dira sarrek zuen emanaldietan; ohituta?
Egia da proiektu honen itxiera-kontzertu ia guztietan agortu egin direla, baina ez da beti hala gertatzen. Bira hau hasi genuenean denboratxo bat gindoazen kontzertuak egin barik, eta bukatzen dugunean beste tarte bat hartuko dugu agertokitik kanpo. Hortaz, zerbait puntuala dela esango nuke sold out kontu hori, baina oso eskertuta gaude, sekulakoa ari da izaten.
Bogan zaudete, indarra daukazue; non dago sekretua?
Esango nuke horrenbeste denbora elkarrekin egotean dagoela sekretua, eta denok bide antzerakotik eta denok interes berberak izatea; izan ere, oso ezberdinak gara taldekideak, baina adin eta bizipen antzerakoak ditugu, eta hor dago, nire ustez, sekretua.
Trikitiari eta panderoari helduta jarraitzen duzue, baina hainbat musika estilo uztartuta.
Bai; beti esaten dugu badakigula gure oinarriak eta sustraiak non dauden, baina horrek ez duela esan nahi beti hor egon behar dugunik. Guri gustatzen zaiguna egitea da gure helburua beti, gaur egun ikusiko eta entzungo genukeena egiteko gogoz. Uste dut denok eboluzionatzen dugula, eta gu ere ez gara txapelketatan ibiltzen ziren neskatila haiek; bagara, baina, aldi berean, ez; bada, hortik tiraka ari gara Neomak bideratzen. Egunerokotasunean entzuten dugun musika ez da trikitia bakarrik; egia da folklorezaleak garela, baina bestelako erreferentzia asko ditugu.
Zer jasotzen duzue zaleengandik?
Zorionez, adin askotariko publikoa dugu; alde batetik, publiko oso gaztea dugu, baina baita jende heldua ere, eta, egia esan, oso eskertuta gaude.
Disko bakarraren ibilaldia Kontu zaharrak berri birarekin ari zarete borobiltzen; pozik?
Oso pozik gaude. Zazpi kantuko bildumak askorako eman digu, bai. 30 kontzertu inguru egin genituen iaz, eta ikaragarria da aretoetako biran jasotzen ari garen harrera. Donostian, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Iruñean egon gara eta beste hiru geratzen zaizkigu eskaintzeko: Arrasaten, domekan; Azpeitian, apirilaren 20an; eta Gasteizen amaituko dugu, apirilaren 23an. Kontzertu bakoitzean gonbidatu bat dugu; Arrasatekoan, Galiziako Fillas de Cassandra bikotea.
Herri Urratsen ere izango zarete; zuek egin duzue aurtengo kantua.
Iazko jaialdian, eguraldiak hala behartuta, ezin izan genuen kontzertua osorik eskaini; hortaz, gogotsu goaz arantzatxo hori kentzera. Pozik hartu genuen kantua egiteko eskaintza eta sekulako plazera izan da.
Atseden hartuko duzuela iragarri duzue, baina sortzen jarraituta.
Euskal Herritik kanpo pare bat kontzertu egingo ditugu udan, baina datozen hilabeteetarako gure asmo nagusia sortze-lanetan buru-belarri sartzea da. Ari gara kantu berriak sortzen dagoeneko; horrenbestez, etorriko dira gauzatxo berriak.