Arrasaten Elkarrekin Podemosek egin duen mitinean Pilar Garridok adierazi du ekarpen "handiagoa" egin behar zaiola emakumeen ekonomiari, ongizatea eta aberastasuna sortzeko, halaxe mintzatu da: "Gizarte-ekonomian asko dugu esateko eta emateko. Ekonomiak, eredu ekonomikoak, asko esaten du eraiki nahi dugun gizarteari buruz. Gizarte berdinzaleagoa, bidezkoagoa, feministagoa... nahi badugu, ezin dugu ekonomia espekulatibo eta oldarkorraren aldeko apustua egiten jarraitu, begirada patriarkal batean oinarrituta".
Ildo horretan, hainbat datu eman ditu: euskal kooperatibismoa osatzen duten pertsonen erdia baino gehiago emakumezkoak direla esan du –% 53–; hamar kooperatibatik lauk emakume bat dutela lehendakaritzan; zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia heren batekoa dela, eta kopuru hori igotzen ari dela pixkanaka. Eta hau gaineratu du: "Zalantzarik gabe, oraindik bide luzea dago egiteko, baina euskal kooperatibismoak berdintasun-maila eredugarriak eskaintzen ditu beste edozein arlorekiko. Kooperatibismoa aitzindaria izan da emakumea lan-merkatuan sartzen. Kooperatibak historikoki berdintasun-guneak izan direlako".
Miren Echevestek, bestetik, hauxe esan du, besteak beste: "Egia da Euskadi lidergo ekonomikoaren eta berrikuntzaren eredu izan dela, eta, hain zuzen ere, gure tradizio kooperatibistari esker izan da hori, ekonomiaren motor gisa puntako industria baten alde egin dugun apustuari esker; ekonomiari bere alde sozial eta produktibotik begiratzeari esker. Eta ez ekonomia espekulatibo eta tertziarizatu gisa. Eta, tamalez, azken ikuskera horretara garamatza EAJren gobernu guztien politika neoliberalak".