Ane Odriozola (Legazpi, 1979) idazleak beste salto bat eman du bere ibilbidean. Gibola-ko trilogia amaitu ostean, NdeNovela argitalpen-zigiluarekin batera El valle del hierro liburua argitaratu berri du.
Jaioterritik gertu kokatu duzu liburu berria, Mirandaolan.
Bai, hori da. El valle del hierro Mirandaolako gunea da. Horrela deitzen zaio, XIV. mendean hogei burdinola zeudelako. Han kokatu dut, 1580. urtean mirari bat gertatu zelako, eta mirari hura kontatu nahi nuen. Hala ere, nobela honetan kanpora ere irteten naiz: zati garrantzitsu bat Gasteizen gertatzen da eta beste bat, Errioxan.
Intrigazkoa izan arren, nobela historikotik ere badu lan horrek?
Nire asmoa ez da inoiz nobela historiko bat idaztea izan. Thriller bat idatzi nahi nuen, baina istorioa XVI. mendean kokatzen duzunean anbientazio historikoa beharrezkoa da; bestela, eleberria erren gelditzen zaizu. Horrenbestez, dokumentazioa lan garrantzitsua izan da, baina biak fusionatu ditut, zati historikoa eta intrigaren zatia.
Bi istorio paralelo daude, baina abiapuntua Arria familia izango da.
Thriller kutsua eman nahian, liburua desagerpen batekin hasten dut. Desagertua Domingo Arria da, ikazkina. Plazaolatarrentzat egiten du lan, burdinolako jabeentzat. Gau batean, bilera bat du haiekin, baina etxetik Mirandaolara dituen hiru-lau minutuetan desagertu egingo da. Hor sartuko da haren emaztearen istorioa, senarra aurkitu nahian.
Asencia emazteak pisu handia du liburuan, ezta?
Beti pentsatu izan dugu XIV. mendean emakumeek ez zutela ahotsik
Bai. Asencia guztiok ezagutzen dugun emakume baserritar indartsu eta langile hori da. Izaera indartsua du, oso emakume bizia da. Buruan sartzen zaio senarrarekin gertatu dena argitu behar duela, eta nobela osoan erakutsiko du indar hori.
Baina Gasteizko kaleetan beste emakume bat, Jurdana, agertuko da, eta hark ere badu indarra.
Beti pentsatu izan dugu XIV. mendean emakumeek ez zutela ahotsik, baina ni ziur nago emakume indartsuak bazirela. Horregatik, nire nobelan bi daude protagonista bezala. Domingo Arria desagertu bitartean, Gasteizen lau-bost urteko Jurdana gazte bat agertuko da. Han zapatagile batekin egingo du topo, Gines izenekoa. Biek batera egingo dituzte urte batzuk, baina, Gines hildakoan, gauza gogorrak bizitzea egokituko zaio. Bi istorioak, Asenciarena eta Jurdanarena, elkartu egingo dira puntu batean, eta bien artean talde garrantzitsua osatuko dute.
Zelakoa izan da sortze prozesua?
Gibola-koarekin alderatuta oso ezberdina izan da. Trilogia hura autoargitaratu egin nuen, eta oraingo honetan argitaletxe batekin argitaratu dut. Gainera, ez edonolako argitaletxea, Planetak argitaratu du, NdeNovela argitalpen-zigilu berriarekin. Abentura bat izan da. Zigiluaren inaugurazioa, lehenik, eta argi- taratzaile zein marketineko eta komunikazioko pertsonak izatea ostean. Kolpetik pertsona ugari dituzu zure liburuarentzako lanean, eta sentsazio oso ezberdina da. Autoargitaratzean, dena nik egiten nuen, eta orain egin egiten didate.
Aske izan zara idazteko orduan?
Istorioa idazteko, egia esan, bai. Argitaratzailearekin istorio osoa lantzen duzu, eta askotan entzun izan da istorio osoa aldatzen dizutela, baina ez da nire kasua izan. Hori mito hutsa dela esan- go nuke. Iradokizunen bat egin dit, gehiago ez. Ni oso libre sentitu naiz. Egia da kontrol pixka bat galdu dudala. Liburua zelan saltzen den galdetu didatenean, adibidez, ez dut eran- tzuten jakin, alor hori beste batzuek eramaten dutelako.