Apirila ez delako edozein hilabete AGAKOrentzat

Gontzal Belategi Zubia 2024ko api. 11a, 19:00

1987ko apirilaren 3an okupatu zuen AGAk herriko lehen gaztetxea izango zena, eta 1991ko apirilean sortu zuten AGAKO; hori dela eta, hilabete berezia izan ohi da hau gaztetxearentzat; aurten ere, urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu dute. 

Aurten 33 urte beteko dira Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua (AGAKO) sortu zutenetik, eta, ohi bezala, egitarau zabala antolatu dute hori ospatzeko, 33 urtez elkartasunaren sarea ehuntzen lelopean.

Festa eta hausnarketa uztartzen ditu programak eta krisi ekologikoa oso presente dago. "Hemendik gertu jarri gura dituzte parke eolikoak eta ikusi dugu AHTak ere zer-nolako sarraskia eragin duen bailara honetan, beste toki askotan moduan. Hori dela eta, pentsatu dugu egitarauan pisua izan beharreko bi auzi zirela", dio Beñat Barrenak, AGAKOko kideak.

Hala, apirilaren 12an, 18:30ean, Krisi ekologikoa aztergai hitzaldia egingo dute Aramaixo Bizirik taldeko Alain Arrutik eta Beñat Arregik, gaztetxean. 20:00etan, berriz, mural margotzea egingo dute eolikoen aurka: Azken ibaia guztiz lehortzean konturatuko gara dirua ezin dela jan.

Apirilaren 13an, zapatua, mendi martxan joango dira Besaidera, 10:00etan irtenda, eta arratsaldean Azpeitian Lurraren defentsan Euskal Herria bizirik lelopean egingo duten manifestazio nazionalerako dei egin dute. Gauean, Neskatasuna eta Yugular taldeek kontzertua emango dute gaztetxean, 22:00etan hasita –sarrera bost euro da–.

AGAKO Eguna, apirilaren 20an

Datorren asteburuan ere egitarauarekin jarraituko dute gaztetxeko kideek. Hala, apirilaren 19an, egubakoitza, mahai-futbol txapelketa izango da, 18:00etan hasita. Izena emateko, bikoteko bost euro ordaindu beharko dira. 22:00etan, bestalde, murala margotuko dute, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean.

Apirilaren 20an egingo dute AGAKO Eguna. Hasteko, Udalatx, ura eta atxa dokumentala proiektatuko dute gaztetxean, 12:00etan. Ondoren, 20:00etan hasita, Xaukena elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, eta, eguna borobiltzeko, kontzertuak egingo dituzte gaztetxean, 22:00etan: No Somos Cicatriz, Chuleria, Joder! eta Kaparrak. Kasu horretan, doakoa izango da sarrera. Hurrengo egunean, garbiketa egingo dute auzolanean, 17:00etan.

Aurrerapauso esanguratsurik ez

Iaz, Kokoteraino gaz! kanpaina egin zuen AGAKOk, Udalaren partetik "konpromiso falta" sumatzen zutelako gaztetxearekiko. Aurten, egoera "zertxobait hobean" daudela aitortu du Barrenak. "Gogotsu gaude eta zerbait lortzeko bidean gaudela esan daiteke, nahiz eta oraindik ez dugun aurrerapauso esanguratsurik ikusi auzi horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak