Visesa sozietate publikoak eraikitako etxebizitza berrietako 33k bi logela dituzte –hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak– eta gainerako hemezortzi etxebizitzak hiru logelakoak dira.
Etxebizitza berrien giltzak jaso dituzten 51 bizikidetza-unitateak baldintza batzuk betetzen dituztenei esleitu dizkietela adierazi dute Jaurlaritzatik: "Etxebiden herrian bertan edo inguruko batean (Debagoieneko eremu funtzionalean) alokairuko etxebizitza-eskatzaileak izatea, Arrasaten erroldatuta egotea (eskatzaileetako bat gutxienez), aurreko bi urteetan jabetzan etxebizitzarik ez izatea, urteko diru-sarrera haztatuak 9.000 eurotik 39.000 eurora bitartekoak izatea (mugikortasun urria edo ezintasun psikikoa duten pertsonen, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen kasuan izan ezik) eta bizikidetza-unitateak sei pertsona baino gehiago ez izatea.
Horiez gain, hemeretzi etxebizitza 36 urtetik beherako gazteen kupoari erantzuteko utzi direla adierazi dute. Era berean, Etxebizitza Sailak babes ofizialeko beste 70 etxebizitza ditu alokatzeko eremu berean.
Halaber, alokatzeko hamabi zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari dira, lehentasunez gazteentzat, sindikatuen etxea izenekoan, Garibai kalean, eta eraikuntza lanak aurreratuta daude. "Eusko Jaurlaritzak alokatzeko 356 etxebizitzako parke publikoa du Arrasaten, eta horiei batu behar zaizkie partikularrek, hileko kanon baten truke, eta alokairu eskuragarrian etxebizitza behar duten pertsonen eskura jartzeko, Bizigune programaren bidez utzitako beste 125. Etxebide etxebizitza-zerbitzuak etxebizitza publiko bat eskatzen duten 635 eskatzaile ditu bere erregistroan, horien % 87 alokairu-erregimenean".