Korrika zapatuan 03:30ean sartuko da Arrasatera, Aretxabaletatik, eta zazpi kilometro egingo ditu herrian, Elorregirantz hartu eta Oñatitik aurrera jarraitzeko. Irunen hasi zenetik 2.249. kilometro egin ostean sartuko da, hain zuzen, Arrasatera, 2.254. kilometroan Oñatiko lurretan sartzeko. Kilometro horietan guztietan, herriko 40 elkarte, eragile eta taldek hartuko dute lekukoa.
Euskararen aldeko ekimena goizaldean iritsiko denez, aurrez motorrak berotzeko egitaraua prestatu du Korrika batzordeak. Hala, arratsaldea girotzeko, askotariko ekintzak egongo dira. Lehenik eta behin, 18:00etan, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren eskutik, kalejira egingo dute. "Badakigu konpartsak nolako arrakasta duen, bereziki txikienekin", adierazi du Itxaro Artolak, Korrika batzordeko kideak. Gero, 19:00etan hasita, Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeek emanaldia egingo dute eta Udalaxpe Txistulari Elkartearen eskutik, kalejira ere izango da. Era berean, Ttakun Txalaparta Elkarteak, Arrasateko Trikitixa Eskolako kideek eta albokariek alaituko dituzte herriko kaleak, kantu afarira bitartean.
Kantu afarirako tiketak agortuta
Itxura eraberritua duen Uarkapen pilotalekuan egingo dute, hain zuzen, Zeuk ekarri, zeuk jan kantu afaria, 21:00etan hasita eta, izenak dioen moduan, herritar bakoitzak bere afaria eraman beharko du. Edozelan ere, txartel guztiak agortuta daude dagoeneko. "Hasiera batean, 300 bat lagunentzako afaria aurreikusi genuen, baina azkar batean agortu ziren eta 460 bat txartel saldu ditugu azkenean". Sei Pistols & Tabuko Bat taldeak girotuko du afaria.
Afalostean, aldiz, Lutto Martin eta Selektah Stepi DJak egongo dira Irati tabernan, 23:00etan hasita. Era berean, gaztetxea DJ Liatu Garetek girotuko du, 00:00etatik 03:00ak arte.
Korrika Txikia, bihar goizean
Era berean, txikienei zuzendutako Korrika Txikia bihar, egubakoitza egingo dute. 10:00etan abiatuko da San Isidro elizatik eta ikastetxez ikastetxe joango da, herrigunetik pasata, Bedoñaberaino, ibilbidea Seber Altube plazan bukatzeko. "Korrika Txikia ere beharrezkoa da. Umeendako bizipen indartsua da, gozagarria, eta arrakastatsua da. Deseatzen egoten dira korrika egiteko, ikastetxeetan egindako petoak jantzita".
Aldapako Korrika ere bai
Bestalde, Aldapako Korrika egingo dute Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, Lagun Arok, Osartenek, Ikerlanek, Mondragon Taldeak eta Laboral Kutxak. 12:30ean Mondragon Goi Eskola Politeknikoko barneko plazatik hasiko dira eta goranzko bidea hartuko dute. Laboral Kutxa eta Mondragon Taldearen eraikinetara iritsi ondoren, berriz beheranzko bidea hartuko dute.