Joan den urtean lehen aldiz, euskal kontalarien izenean aldarri bat idatzi zuten Ahozkotasunaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 20an. Iaz Itziar Zubizarretak irakurri zuen eta aurten, berriz, Juan Kruz Igerabidek izango du ardura hori. "Iaz arrakasta handia izan zuen komunikatuak, eta, beraz, aurten ekitaldi bat egitea erabaki dugu", dio May Gorostiagak, Ahoz Aho jaialdiaren koordinatzaileak. Beraz,
Igerabidek berak idatzitako komunikatua irakurriko du, ahozkotasuna ardatz hartuta. Horrez gain, Kanadako Berceurs Du Temps konpainia ere ekitaldian izango da. "Instalazio poetiko-artistikoa egingo dute. Kulunkari batzuk jarriko dituzte eta horietako bakoitzak bozgorailu txiki bat izango du. Horietan sehaska-kantak entzun ahal izango dira; izan ere, 80 hizkuntza baino gehiagotan grabatutako sehaska-kanten bilduma daukate. Era berean, hona egingo duten bisita baliatuko dute euskarazko sehaska-kanta batzuk grabatzeko".
Ahoz Aho jaialdia martxoarekin batera amaituko dute, eta, Gorostiagak nabarmendu duenez, aurtengo edizioak orain arte eman duena ederra izan da. "Oso pozik gaude, etorri diren kontalariak oso maila handikoak izan direlako eta saioek harrera ona izan dutelako".
'Bizkarsoro' filma bihar Amaian
Ekitaldi hori Korrika Kulturalaren baitakoa izango da, baita Bizkarsoro filmaren emanaldia ere. Azken hori bihar izango da, Amaia antzokian, 19:30ean, eta Manex Fuchs aktorea han egongo da, ikus-entzunezkoaren nondik norakoak azaltzeko prest.