Udaleku irekiak eta baso udalekuak Txatxilipurdiren eskutik

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 6a, 14:37

Urteroko gisan, udaleku irekiak antolatuko ditu Txatxilipurdi elkarteak, uztailaren 1etik 19ra arte. Aurten, gainera, udaleku itxi eta irekiez gain baso udalekuak antolatuko dituzte uztailaren 22tik 26ra bitarte. Zabalik dago bi udalekuetako izen-ematea, eta apirilaren 26ra arte luzatuko da.

Udaleku irekien edizio berri bat iragarri du Txatxilipurdi elkarteak. 2 urtetik 12 urtera arteko haur eta aurre-nerabeentzako hiru asteko eskaintza izango da aurtengoa, uztaileren 1etik 19ra arte luzatuko dena. Udaleku itxien gisara, urtean zehar landutako balioei jarraipena emateko aukera eskaintzen dute udaleku irekiek, besteak beste, euskaltzaletasuna, parte hartzea, autonomia, naturarekin harremana, aniztasuna eta feminismoa.

Arrasateko hiru gunetan izango dira udalekuak: Musakolan, erdigunean eta San Andresen. Auzokako banaketaz gain, adinkako taldeak osatuko dira, hiru adin tarte bereiziz: 2018-2021 bitartean jaiotakoak, 2015-2017 bitartean jaiotakoak eta 2012-2014 bitartean jaiotakoak. Lehen adin tartekoek Bilin Bolonka taldea osatuko dute, bigarrenekoek Bihurrikeixetan taldea eta hirugarrenekoek Erokeixetan taldea. Hiru taldeetako ordutegi nagusia 10:00etatik 13:00ak arte izango da, baina Erokerixetan taldekoek astean bi aldiz 17:00ak arte luzatuko dute ordutegia. Bihurrikerixetan taldearen kasuan, egun osoko talde bat osatzeko aukera egongo da, 10 haurreko taldea osatzen bada. Talde horrek, goizeko ordutegiaz gain, 16:00etatik 18:00ak arteko tarte bat ere izango dute.

Baso udalekuak

Aurten, lehenengoz baso udalekuak ere antolatuko dituzte Txatxilipuriko kideek. 6-9 urteko haurrentzat izango dira udalekuak, uztailaren 22tik 26ra bitarte. Txatxilipurdiko kideentzat horren garrantzitsua den heziketa berdean pauso bat gehiago dira udaleku hauek. "Naturarekiko deskonexio sozialari aurre egiten laguntzen digutelako, erroetara bueltatuz. Osasunean eragiten dituen onurengatik, gozamena eta heziketa uztartzeko ematen dituen aukerengatik eta baita sormena garatzeko eskaintzen duen laguntzagatik ere".

Izen-ematea

Izen-ematea Txatxilipurdiko bulegoetan -Nafarroa etorbidea 23- edo webgunean egin daiteke. Udaleku irekien kasuan karteleko QR kodearen bidez ere egin daiteke. Adin tarteka eta udalekuka prezioak ezberdinak dira. Bilin Bolonka-koena 123 euro izango dira, Bihurrikeixetan-ekoena 146 euro eta Erokeixetan-ekoena berriz, 169 euro. Egun osoko udalekuen kasuan prezioa 169 euro izango da. Baso udalekuek 50 euroko prezioa izango dute. Urtero bezala, AEDko bazkideek eta familia ugariek %5eko deskontua izango dute, biak izanez gero %10ekoa.

Diru laguntzak

Arrasateko Udalak aisialdi eta kirol programetan parte hartzeko diru laguntzak eskainiko ditu eta laguntza horrek matrikularen %90eko deskontua eragingo du, 200 euroko mugarekin. Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak Arrasaten erroldatuta egotea eta urteko gehieneko diru-sarrera kopuru bat dira: 20.000 euro bi laguneko familien kasuan; 26.000 euro hiru laguneko familien kasuan; 30.000 euro lau lagun edo gehiagoko familien kasuan. Eskaerak BAZen edo Arrasate.eus-en egin daiteke eta, horretarako, kide guztien dokumentazioa eta diru-sarreren agiria aurkeztu beharko da.

Hezitzaile eta praktikagile bila

Txatxilipurdik hezitzaile zein praktikagileen zerrenda osatu nahi du aurten ere eta horretarako deialdia apirilaren 19ra arte egongo da zabalik. "Haur eta nerabeekin lan egiteko gogoa baduzu, animatu eta bidali zure curriculuma", diote.

Hezitzaileak trebatzeko saio berezi bat egingo dute maiatzaren 18an, eta hor parte hartzea derrigorra izango da udalekuetan hezitzaile gisa aritu ahal izateko zein praktikak egin ahal izateko. Horrez gain, beste hainbat baldintza ere bete beharko dira: 18 urte edo gehiago izatea, euskara jakitea eta Arrasatekoa edo bailarakoa izatea.

Halaber, aukeraketarako kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izango dira: Begirale titulua izatea (praktikagileen kasuan, praktikak egitea litzateke); ikasketak; esperientzia eta lanerako prestutasuna.

Aurkeztu beharreko dokumentuak, azkenik, honako hauek dira: curriculuma, begirale edo zuzendari tituluen kopiak eta izen-emate orria beteta.

Hori guztia a.osoro@txatxilipurdi.eus helbidera bidali beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak