Opera postdramatikoa
Mauriziak Ez Du Inor Hil taldeak ekoiztu du obra eta taldekide dira Ines Osinaga arrasatearra eta Amaia Castañeda oñatiarra. "Ez da musika emanaldi bat, zuzeneko musika badu ere; ez da ohiko antzerki bat, baina dramaturgiatik ere badauka. Era berean, asko gustatzen zaigu jantziteriarekin eta argiekin jolastea; eta zuzeneko bisualak pintxatzen ditugu. Superprodukzio bat dela esaten dugu guk gure artean [Barre]. Hamabi lagun gara biran eta hogeita hamarretik gora izan gara sorkuntza eta bestelako lanean elkarrekin", dio Ines Osinagak.
Istorioa laburbiltzea ez da samurra: "Ez ditu, ipuinetan moduan, hasiera, korapiloa eta bukaera bat. Euskal iruditerian atentzioa eman diguten kontuak irudikatzen ditu, eta operak ematen zigun hori adierazteko modua".
"Sentitzeko" obra
Pozik daude izan duten harrerarekin. "Feedback oso onak ditugu; ikusi gaituzten lagunek behin baino gehiagotan ikustekoa dela esan digute. Ikuskizuna askorik ulertu ez dutela ere esan digute batzuek. Eta bai, ulertzen dut batzuetan ulertu behar horrek gain hartzen gaituela eta batzuetan ezerosotasuna eragiten duela. Nire gomendioa da ez arduratzeko istorioa zenbateraino ulertzen duzun, baizik eta sorrarazten dizun hirretan jartzeko arreta. Zentzumen guztiak zabalik etorri, gu zaintzeko prest, ikusteko eta sentitzeko eta gurekin jolasteko prest".