Puntua aldizkariaren 402. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Dagoeneko kalean da zortzi emakume arrasatearren testigantzarekin egin duten Tortura Arrasaten genero ikuspegitik liburua. Lehen kasuak 70eko hamarkadaren bueltakoak dira; azkenak, 2010eko hamarkada baino lehenagokoak.
Zergatik ikusi zenuten liburu hori egiteko beharra?
Nekane Ayensa: Duela urte batzuk, memoria talde bat sortu zen, eta biok parte hartu genuen bertan. Arrasateko Udalarekin elkarlanean Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-2018 liburua egin zuten, eta, gauza asko jasotzen ziren arren, lehenengo liburua izanda gabezia bat zegoela ikusi genuen: emakumeen egoera ez zen behar bezala islatzen. Arrasaten bizi izandako hainbat egoera ikuspuntu feministatik lantzeko ordua zela ikusi genuen; arreta hor jartzea.
Iñaki Barrutia: Nekane bera izan zen gabezia horretaz jabetu zena, eta orduan hasi ginen, Juan Ramon Garairekin batera, hirurok lanean.
Torturatuaren generoaren arabera, tortura ezberdina da?
I.B.: Torturaren definizioa da Estatuko agente batek pertsona bati nahita eragindako min fisiko edo psikologiko larria egitea harengandik zerbait lortzeko; bereziki, aitorpen edo adierazpen jakin bat. Hori da nazioartean erabiltzen den definizioa, baina gehiago gustatzen zait esatea tortura hobekien ezkutatzen den krimena dela, ez dagoelako lekukorik. Eta bai, torturak generoa du; sexu-indarkerian adierazten da, "tortura sexista" esaten zaio eta estatu-inpunitate osoz gauzatzen da. Gizonezkoak torturatzeko erabiltzen diren metodoez gain, badira beste modu batzuk: xantaiak erabiltzen dira, mehatxuak eta kolpeak, zehazki, sexu- eta ugalketa-osasunari, amatasunari eta hazkuntzari zuzendutakoak. Hizkera misoginoa erabili izan da, baita hitzen bidez emakumeen autoestimuan eragin ere. Emakumeak torturatu dituzte modu fisikoan, psikologikoan eta sexistan.
"TORTURAN, NORBERAREN BALDINTZAK BELDURRERAKO TEKNIKA MODUAN ERABILTZEN DIRA"
Emakume torturatzaileak badaude?
N.A.: Arrasateren kasuan, ez dugu horrelakorik entzun, beti izan dira gizonezkoak. Eta nik irakurri eta ezagutu ditudan kasuen ia %100ean gizonezkoak izan dira. Hori bera bada osagarri bat: egoerak berez dakarren botere harremanaz gain, gizonezkoa da torturatzailea, bortxatzailea, emakume izateagatik mehatxatzen duena. Baina ez bakarrik emakumeen kasuan: torturatua gizonezkoa izan eta haren homosexualitate izaera agerian geratzen denean ere sartzen dira osagarri sexistak, bortxatze mehatxuak... Norberaren baldintzak beldurrerako teknika moduan erabiltzen dira; torturatua txiki sentiarazteko nabarmendu egiten da botere harremana.
Erraza izan zitzaizuen liburuan agertzen diren zortzi emakumeak proiektuan parte hartzeko konbentzitzea?
N.A.: Orokorrean, erraz heldu gara libururako testigantza eman duten emakumeengana. Zailtasunen bat izatekotan, ikuspegi praktikotik izan da, harremanetan jartzeko arazoren bat edo beste. Arrazoi pertsonalengatik ezezko pare bat jaso genituen arren, beste guztiek baietza eman ziguten. Dena den, bizpahiruk izan dituzte zalantzak, ez zutelako euren burua torturatu moduan ikusten. Baina denek eman dizkigute eskerrak gertatutakoa idatziz jartzeko asmoagatik, eta ardura puntu bat ere izan dute, lana aurrera eramateko zuten konbentzimenduagatik. Baina badakigu torturatuak izan diren emakume guztiek ez dutela parte hartu.
Garaiari eta militantzia mailari dagokionez, zein profiletako emakumeak dira?
I.B.: Garai askotarikoak dira, nahiz eta atxilotu zituztenean denak ere gazteak izan. Militantzia mailan ere aniztasuna dago.
N.A.: 70eko hamarkadan torturatuak izan zirenak oso konprometituak zeuden momentuko egoerarekin, baina kasu askotan ez zeuden egitura zehatz baten barruan; sarekada orokorretan atxilotu zituzten. Denborak aurrera egin ahala, askapen prozesuaren aldeko hainbat talde sortu ziren eta haien kontrako errepresioa areagotu egin zen. Akaso, esan daiteke duela 40 urte ikuspuntu feminista ez zegoela hain garatua eta gure belaunaldietako emakumeak horretaz kontzienteago zirela. Gehienek espetxealdi oso motzak izan zituzten, eta gero, absolbitu edo epaitu gabe askatu zituzten.
Nekane, zuk zeuk elkarrizketatu dituzu emakumeak; garrantzitsua zen hizketakidea emakumezkoa izatea?
N.A.: Bai, denok ikusi genuen hasieratik oso garbi horrela izan behar zuela. Ukitzen dugun gaia oso delikatua da, barruan gauza asko mugitzen dituena. Esango nuke, gainera, torturatuak izan zirenetik emakume askok ez zutela egin barneratze ariketa bat, sendatzeko prozesua gainetik pasatu dutela. Horregatik garrantzitsua zen elkarrizketatua emakumezkoa izatea eta espazio segurua sortzea. Gainera, hasieratik esan zitzaien irizpide nagusia horixe bera zela: seguru eta eroso sentitu behar zutela; eta momenturen batean ez baziren eroso sentitzen, moztu egingo genuela elkarrizketa. Galdera oso orokorrak egin nituen, gero eurek nahi zuten punturaino askatzeko. Niretzat, pertsonalki, esperientzia aberasgarria, polita eta gogorra izan da, aldi berean.
Behin elkarrizketak eginda, zeuk eman diezu liburu forma, Iñaki; zeren arabera eta zer islatu guran?
"EGON DIRA TORTURAREN INGURUKO EKIMENAK, BAINA JOERA IZAN DA DATU ESTATISTIKOAK JASOTZEA"
I.B.: Prozesua luzea izan da, hiru urteko kontua. Testigantzen transkripzioa egitea oso garrantzitsua izan zen, horrek eman zizkidalako liburua egituratzeko gakoak. Bospasei testigantza jaso eta gero banuen nolabaiteko egitura. Hiru kontzeptu argi geratu zitzaizkidan: torturak generoa duela; indarkeria sexuala; eta inpunitatea. Ardatz ezberdinak agertu ziren hortik. Adibidez, emakumeen ezaugarriekin lotutako ardatz motibazionala: biluztea, ugaltze- eskubidea kentzea... Beste ardatz bat eszenatokiekin dago lotuta: atxilotu aurreko jazarpenean, operatibo polizialean, ibilgailu polizialean, kartzelan, epailetza erakundeetan zein atxilotze-zentroetan gertatzen zen tortura. Beste ardatz batek erakusten du tortura sistemikoa zela, ez funtzionario psikopata baten erantzun inpultsiboa; zenbait kasutan, aurretik planifikatuta zeuden bulegoetatik. Denboraren eta espazioaren ardatza ere badago. Lege Antiterroristak hainbat egunez isolamenduan egotea baimentzen zuen: gosearekin, egarriarekin, mehatxuekin, markarik utzi gabe... Eta, azkenik, kartzela bera dago, tortura zuri eta psikologiko moduan. Bukatzeko, ondorioak jasotzen ditut, ondorio fisiko eta psikologikoak. Liburuaren atal teorikoaren amaieran bertsoak, poemak, gogoetak... jaso ditugu, kontatzen den krudelkeria leuntzeko. Bi gauza azpimarratuko nituzke: testigantzek izandako ausardia eta lanak duen izaera kolektiboa.
Zein ondorio eragin dizkie torturatuak izateak?
I.B.: Psikologikoei dagokienez, trauma baten osteko estresaren sintomatologia eragin izan die gehienei: lo egiteko arazoak, oroitzapen errepikakorrak, beldurra, depresioa... Bakoitzak modu ezberdinean ateratzen ditu barruan dituenak. Nire ustez, ondorio psikologikoen arazo handiena da batzuetan oso zailak direla barrutik ateratzen. Horretarako, behar-beharrezkoa izaten da testuinguru egokia sortzea, eta testuinguru egokiena taldea da: zuk pertsona bat bere bizipenak kontatzen entzutearekin konexio bat sortzen da, eta zureak ateratzera laguntzen zaitu. Baina horretarako aukera oso gutxi egon izan dira.
N.A.: Aurreko batean, Arrasaten egin genuen liburuaren aurkezpenera begira, testigantza eman duten emakume batzuekin bildu nintzen ni bakarrik. Eta elkarri euren esperientziak kontatzen hasi zirenean, pentsatu nuen: "Hau lehenago egin izan banu!". Oso eroso egon ziren elkarrekin, eta batzuk jabetu ziren oraindik ere torturatuak izanari buruzko hausnarketa egin gabe zutela.
I.B.: Taldeko testuinguru batean arrazionalizazio asko desegin egiten dira.
N.A.: Alde horretatik, liburu hau abiapuntu bat izatea nahi dugu, eta esango nuke beste herri batzuetara estrapolagarria ere badela.
Liburuan jasotzen den kasurik azpimarratuko zenukete?
I.B.: Ez, zortziek dituzte ezaugarri oso potenteak: batean xantaia emozionala egon daiteke; bestean, mendeku politikoa; hurrengoan, sexu-indarkeria...
N.A.: Ez, nik ere ez nuke bat azpimarratuko. Esatera noana oso pertsonala da, baina niri arreta eman zidan ikusteak badirela emakumeak egoera horretatik pasatu arren, ez badituzte bortxatu edo ez badiete sekulako jipoia eman, ez direla torturatuak sentitzen. Baina hala eta guztiz sekulako indarkeria psikologikoa jasan dute, egoera oso bortitzak bizi izan dituzte. Eta sentipen hori ez da emakume horiengan bakarrik ikusten, jendearen artean ere torturatuaren iruditeria hori dago zabalduta: gehienetan gizonezkoa den kolpez jositako pertsona bat. Tortura mota asko daude eta denek dituzte ondorioak; batez ere, psikologikoak.
Liburuko emakumeek jo dute epaitegietara?
I.B.: Ez, gehienek egoera horretara bueltatzeko beldurra zutelako: onena etxean geratzea, eta gordeta. Batez ere, hasierako kasuetan.
N.A.: Emakume bat joan zen epaitegira, baina ez zioten kasurik ere egin. Inkomunikazio egoeratik irten eta berehala epailearen aurrean deklaratu zuen, baina zeukan ustezko abokatuak aurpegira ere ez zion begiratu. Gero, Europara jo zuen.
Esango zenukete gizartearen zati batek tortura justifikatu egiten duela?
I.B.: Bai. Torturaren mundua kate luze bat da. Lehenengo lerroan borreroa dago, torturatua jipoitzen, baina badira nola torturatu irakasten dutenak ere: itolarria aplikatzeko kasuan, zenbat denbora egon ur azpian, esaterako. Torturak planifikatzen diren bulegoak ere badaude. Eta, azkenik, ideologoak daude, hedabideetan eta dena ETA dela bezalako mezu sinpleak bidaltzen dituztenak. Modu horretan, gizartea edozer onartzeko prestatzen da. Ikerketek erakusten dute pertsona arrunt bat egoera berezi batean jarriz gero edozertarako gai dela, baita hiltzeko ere.
"LIBURUA ABIAPUNTU BAT IZATEA NAHI GENUKE; BESTE HERRI BATZUETARA ESTRAPOLAGARRIA DA"
N.A.: Estatuen aldetik ez da justifikatu, zuritu egin izan da, eta horrek justifikatu beharrik ez izatea dakar. Jendartean ere, espazioaren arabera justifikatu izan da. Orain gutxi ikusi dudan dokumental batean, torturatua izandako emakume batek azaltzen zuen bere kuadrillan bertan askok babestu zuten arren, batek esan ziola torturatua izateko zerbait egin izango zuela. Norbere kuadrillan hori esaten badute, pentsa zer esango duten ezagutzen ez zaituztenek! Urteetan justifikatu izan da. Deigarria da baita ere Espainian egon diren alderdietako gobernuek elkarri sekulakoak esan izan dizkietela, baina tortura ez diola inork inori leporatu; blindatuta egon den Estatuaren tresna bat izan da.
Erakundeetatik nahikoa egin da torturak aztertzeko? Eusko Jaurlaritzak eskatuta, esaterako, 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua egin zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak.
I.B.: Ez, ezta tortura ekiditeko beharrezkoa zenean ere. Horregatik, liburuko atal bakoitzaren amaieran poema, bertso edo gogoeta erako baltsamo delako bat dago, eta laugarren baltsamoan karratu huts bat dago, salatzeko Espainiako eta Euskal Herriko botere publikoak eta hedabide gehienak konplize pasiboak izan direla, ez dutela behar beste egin torturak argitara eman eta jendea mobilizatzeko. Eta herria, hedabideengandik manipulatua, horren parte izan da baita ere; jendearen isiltasunak errepresioak baino kalte handiagoa egin du.
N.A.: Iñakirekin ados nago. Eta egia da azken urteetan egin direla ekimenak torturaren inguruan, baina joera datu estatistikoak jasotzea izan da, zenbaketa egitea. Zauriak sendatzeko, aitortzaren eta erreparazioaren gabezia handia ikusten dut nik.
Zuek zein hausnarketa nagusi egiten duzue liburuan parte hartu ostean?
I.B.: Nekanek aipatu moduan, emakume batzuk ez direla jabetu torturatuak izan direla.
N.A.: Horri tiraka, gizartean torturaren gainean dagoen iruditeriari heltzeko ordua dela. Baita, esaten den moduan, beste etapa batean bizi nahi badugu, torturarekin gertatu dena hurrengo belaunaldiei transmititu behar zaiela.