Martxoaren 8ari begirako kartela eta egitaraua aurkeztu dituzte gaur Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak. Horretarako, besteak beste, Eva Abuin Feminismoa eta LGTBI+ Saileko zinegotzia, Esther Lizarralde Emakume Txokoko teknikaria eta kartelaren egile Helena Azkarragaurizar artista arrasatearra bildu dira prentsaurrekoan.
Elkar zainduz aurrera goaz izango da aurtengo leloa. "Hausnarketa feminista sustatu eta zaintzaren garrantzia aldarrikatzeko helburuarekin aukeratu dugu", adierazi du Abuinek.
Aurten, lehiaketarik ez
Helena Azkarragaurizar artista arrasatearrak egin du aurtengo kartela, eta nabarmentzekoa da, beste urte batzuetan ez bezala, aurten ez dela lehiaketarik egin. "Izan ere, azken urteetan emaitza ez zen nahi bezalakoa izaten ari, eta kartela Arrasateko emakume artistei enkargatzea erabaki genuen batzordean. Horregatik, aurrerantzean, herriko emakume artistekin lan egingo dugu", zehaztu du Abuinek.
Gaia zaintzan zentratuta egonik, ideia hori ohiko elementu batekin islatzen saiatu dela dio artistak. "Elementu hori poltsa beroa da eta emakume bat poltsa bero handi batekin doa kartelean. Poltsa beroak zaintza pertsonal edo kolektiboak irudikatu ditzake, eta, ibiltari izanda, norbait zaintzera doan pertsona ere izan daiteke; baita, leloari eutsiz, aurrea goazen irudikapena ere", azaldu du.
'Emakume izoztua' Kulturaten
Egitarauari dagokionez, hainbat ekintza egongo dira, "hausnarketa feminista sustatzeko asmoz eta zaintzaren garrantzia aldarrikatzeko". Hala, martxoaren 7an egingo dute lehen ekintza: Emakume izoztua liburuaren aurkezpena, hain zuzen, AEDk, Udal Bibliotekak eta Emakume Txokoko irakurketa feministen guneak elkarrekin antolatuta. 18:30ean izango da, Kulturateko Loramendi gelan.
Egun handia, egubakoitzean
Martxoaren 8an bertan, askotariko ekintza eta mobilizazioak izango dira: batetik, 11:30ean, Sasoibideren eskutik, Lilabide martxa egingo dute, bost kilometrokoa, emakumeei zuzenduta –Biteri plazatik–; bestetik, Neska* Gazteak eta Ikama taldeak kontzentrazioa egingo dute Herriko Plazan, 12:00etan. 17:30ean, Seber Altube plazan, Arrasateko emakume sahararrek tea eskainiko diete herritarrei, eta gero, 18:00etan, Emakume sahararren borroka hitzaldia egongo da. Azkenik, 19:00etan Seber Altube plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute, Arrasateko Mugimendu Feministak deituta, Gure bizitzekin negoziorik ez lelopean. "Azpimarra jarri nahi diegu ekimen horiei, eta herritarrei dei egiten diegu bertan parte hartzera", diote.
Apirilera arte iraungo du egitarauak
Egun handiaren ostean ere izango da zertaz gozatu. Izan ere, martxoaren 9an, emakume artisauen eta ekoizleen azoka egongo da Seber Altuben, 10:00etatik 14:00etara. Leku berean, 12:30ean, Kalean otso etxean uso antzezlana eskainiko du Patata Tropikala antzerki taldeak.
Martxoaren 13an, bestalde, Ez dadin bizitza eten liburua aurkeztuko du Miren Aranguren Etxartek, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian.
Martxoaren 17an, era berean, Emakume Master Cup txapelketako finala jokatuko dute Uarkape pilotalekuan, 12:00etan.
Egitaraua apirilean borobilduko dute, 12an, hain zuzen. Modu horretan, Trapu zikinak antzerki emanaldia egongo da Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean, 19:00etan, Lore More taldearen eskutik.