ELA eta LABek jakinarazi dutenez, hildakoa Arrasateko udalaren promozio publikoko lan bat burutzen ari zen. Altuna y Uria enpresak azpikontratatutako Proyectos y obras Garci, Galizako enpresarentzako ari zen lanean. Sindikatuek jaso dituzten datuen arabera, igogailu baten instalakuntzan azken erremateak egiten ari zela 3 metroko altueratik erori zen behargina, eta bertan hil zen.
Arrasateko Udalak adierazpen instituzionala egin du. "Udalak atsekabea adierazten du atzo arratsaldean herrian izandako lan-istripu baten ondorioz hil zen langilearen heriotzagatik, eta doluminak helarazi nahi dizkie hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei. Halaber, lan-istripuen aurkako salaketa publikoki egiten du, eta Eusko Jaurlaritzako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea den Osaslani heriotzaren nondik norakoak argitzeko eskatzen dio".
Era berean, adierazpenean zera dio Udalak: "Beharrezkoa da langileen osasun eta segurtasun neurriak bermatzea, horregatik, erakunde guztiei elkarlana eskatzen die hau betetzeko, eta laneko arriskuen prebentzioko jardunbide egokiei buruzko proiektuak bultzatzeko konpromiso garbia erakusten du, lan administrazioarekin eta sindikatuekin eta patronalekin koordinatuta".
Sindikatuen datuen arabera, 2024an gutxienez 15 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripuz, eta lau dira erorketetan hildakoak. Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte biharko, eguaztena: ELAk 11:30erako egin du deialdia eta LAB, STEILAS, ESK, HIRU eta EHNE sindikatuek, berriz, 18:30erako. Kasu bietan, Arrasateko Herriko Plazan egingo dira.
Ezker Anitzak ere istripua salatu du
Bestalde, Ezker Anitza-IUk ere istripua salatu du. "Tamalgarria da hamaika langilek bizia galdu izana Euskadin urtea hasi zenetik". Era berean, gertatutakoa "lehenbailehen" argitzeko eskatu du eta, "beharrezkoa balitz", sor daitezkeen erantzukizunak argitzeko. "Lan-merkatuak pairatzen duen prekarietatea dago, bereziki eraikuntzaren sektoreetan, erregistratzen diren heriotza-tasa jasanezinen atzean".
Era berean, Ezker Anitza-IUk uste du baliabide gehiago eman behar zaizkiela Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari eta Lan Ikuskaritzari, "prebentzioa ezin delako enpresen esku bakarrik utzi".