Fotokazetaritza feministaz aritu da Maria Gorosarri EHUko irakaslea Goienan

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko ots. 21a, 15:09

Fotokazetaritza ikuspegi feminista batetik aztertu dute gaur Goiena Komunikazio Taldeko langile guztiek. Maria Gorosarrik eskaini du saioa: Gorosarri Zuzenbidean eta Kazetaritzan lizentziatua da eta EHUko irakaslea; bi liburu kaleratu ditu, eta hainbat argitalpen ditu feminismoari eta kazetaritza ez sexistari buruz.

Saioaren helburua izan da feminismoa kazetaritzan nola txerta daitekeen azaltzea. Izan ere, Gorosarrik azaldu du mundua modu androzentriko batetik ikusten dugula eta daukagun "unibertsaltasunaren ideia gizonena" dela, eta ez dela nahikoa emakumeen txertaketa bat, baizik eta ikuspegi feminista garatu behar dela, adibidez, hedabideen kontakizunean. Gizonezkoek dauzkaten bederatzi pribilegio azpimarratu ditu Gorosarrik: "Gizonek gizarte honetan andreen aurkako zapalkuntzatik lortzen dituzten abantailak dira, nahita ala nahigabe, orduan eurek ezin die uko egin, baina bai ikusi behar dugu zeintzuk diren eta kazetaritzatik eta bizitzatik horiek borrokatu".

Jazarpen eta indarkeria kasuak hedabideek nola lantzen duten erakutsi du eta hainbat adibide jarri ditu: beharrezkoak direnak baino "ustezkokeria" gehiago erabiltzen direla adierazi du; sexu indarkeria eta sexu harremana ere batzuetan ez dela desberdintzen azaldu du; edo gizonen neurriz kanpoko agerpena hedabideetan, gainordezkaritza dela, azaldu du, besteak beste. Gaineratu du horrelako gauzek egiten dutena dela sexismoa eta andreen aurkako indarkeria areagotu: "Lehenengo eta behin gu konturatu behar gara, ze nahi gabe ere –nahiz eta hori ez izan gure ideologia eta ez dugu matxismoa zabaldu gura–, baina gura gabe horretan sozializatu gara eta orduan lehenengo eta behin gure begirada garbitu behar dugu eta horrekin batera ikusiko dugu gure inguruan zeintzuk dauden eta kenduko ditugu. Badago datu positibo bat eta da 2013ra arte San Fermin jaietan agertzen ziren irudiak zirela hainbat gizon andre bateri titiak ukitzen eta hori gaur egun dagoeneko ez da toleratzen".

Tokiko komunikabideen lanketa

Ikuspegi feministan nazioarteko eta tokiko hedabideen arteko diferentziak ere jorratu ditu eta esan du orokorrean bertako hedabideek zaintza gertuagotik lantzen dutela: "Adibidez, El Pais-en neurtu nituen ustezkokeriak eta ikusi dugu gizonek salatzen dituzten albisteetan baino bikoitza izaten dela salatzailea andrazkoa denean zenbat ustezko erabiltzen diren. Aldi berean, esan behar da El Pais-ek badaukala zuzendaritza feminista bat edo genero ikuspegia lantzen duen zuzendari bat, baina pertsona bakarra da horretan eta tokiko hedabideek egingo ez genukeen gauza bat egin zuen; Gernikako Lointek kasuaren kontura, salatzailearen datuak eman zituen. Tokiko hedabideek horrelakorik ez daukagu eta zaintza gertuagotik lantzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak