Arrasateko Udal Gobernuak 2023-2027 Gobernu Plana lehen aldiz herritarrekin partekatu zuen astelehenean. "Horrez gain, oposizioko alderdiekin ere partekatu zen lehen aldiz, eta ekarpenak egiteko aukera ireki zitzaien, hau ere lehen aldiz. EAJk ekarpenik egingo ez zuela adierazi zigun. Gobernu Plana aurkeztu eta biharamunean Gorostiza auzoko proiektua planteatzeak, Udal Gobernua zigortzea baino, herritarrak eta politikagintzaren sinesgarritasuna kaltetzen dituela uste dugu", dio Gobernuak.
Hori dela eta, salatu dute orain arteko erabakigune eta batzordeetan EAJk ez duela Gorostizako igogailua proposatu, "ez, behintzat, berriki onartutako Gobernu Planean, ezta ere 2024ko aurrekontuen negoziaketan ere", haien esanetan. "2024ko aurrekontuan aurkeztutako 20 proposamenen artean ez zen igogailurik agertzen, eta orain aldiz, 2024rako gastu proposamena egiten dute. Horrek adierazten du inprobisazio hutsean kokatzen dela beraien proposamena eta argazki huts bat bilatzera joan direla".
Gobernuak gogoratu du, azkenik, EAJren aurreko bi agintaldietan Gobernuak ez ziola aukerarik eman oposizioari, ezta herritarrei ere, Gobernu Plana ezagutu eta ekarpenak egiteko. "Gobernu berriarekin abiatu den eredua da gobernantza parte hartzaile eta hurbilarena, eta jasotzen ari garen iritziak positiboak izaten ari dira".