Arrasateko Udalak Amaia antzokia guztiz eraberrituko du

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ots. 15a, 15:44

Proiektuaren erredakziorako lizitazioa irekiko du, lehenik, eta erredaktatu ostean obrak egiteko lizitazioa. Lanak 2025eko bigarren seihilekoan hastea espero dute udal ordezkariek, eta agintaldiarekin batera amaitzea.

Arrasateko Udalak eskatutako kanpo txosten teknikoak adierazi duenez, Amaia antzokiak eraberritze lanen premia du. Garazi Etxeberria Hirigintza zinegotziak esandakoaren arabera, txostenak azterketa teknikoa jasotzen du; hau da, egin beharreko lanak zerrendatzen dira bertan. Kanpo txosten horrek zerrenda luzea erakusten du, ugariak dira eta zaharkituta gelditu diren instalazioak.

Txostenean jasotzen diren lan tekniko guztiak gauzatzeko aurrekontua 2.674.425 eurokoa da. Hala ere, eraberritze lanek bestelako esku hartzeak beharko dituzte, eta horrek aurrekontua handiagoa izatea ekarriko du. Aurrekontu zehatzaren zenbatekoa ez da jakingo proiektua erredaktatzen den arte.

Erredakzio hori burutu ahal izateko lizitazioa irekiko du Udalak, eta 2025 hasieran prest egotea espero dute. Ostean, obren lizitazioa etorriko da, eta udal ordezkariek lanak 2025eko bigarren seihilekoan hasiko direla aurreikusten dute. Maider Morras alkateak adierazi duenez, obrak agintaldiarekin batera amaitzea espero da.

Aldaketa askoren beharra

Txostenak aldatu edo berritu beharreko elementu asko jasotzen ditu. Kalte nabarmenenak hall-ean ageri dira. Gune horrek intsonorizazioa eta suteen babeserako sektorizazioa behar ditu, gaur egun indarrean dagoen araudiak ezartzen duen babes mailara egokitu ahal izateko.

Klimatizazio sistemak ere arazoak ditu, txostenaren arabera. Hark dioenez, galdara aldatu beharra dago, eta aerotermia sistemara pasatzeko aukera egongo litzateke. Sistema hori gas sistema baino jasangarriagoa da eta ikuspegi ekonomikotik alde txikia dakar.

Eraikinaren estrukturan ere arazoak identifikatu dituzte. Esparru horretan egin beharreko lanen artean, eraikinaren estalkiko jarduketak, fatxadan aurkitutako zuloak ixtea, atzeko kanal irekia garbitzea eta erretena garbitzea daude.

Areto nagusirako esku-hartzeak biltzen ditu txostenak, baina esanguratsuena hezetasunak dituzten paretek duten eraberritzeko beharra da. Eustormen eta egurrezko panelen artean zenbait elementu jartzea aurreikusten da, modu horretan drainatze eta inpermeabilizazio egokia egin eta isolamendu termiko egokia ezartzeko. Horrez gain, beste lan txiki batzuk aipatzen ditu txostenak, besteak beste, argiak berritzea edo besaulkiak ordezkatzea.

Agertokirako bi hobekuntza nagusi aurreikusten dira, lur zoruaren errefortzu eta berrikuspena eta instalazio eszenikoak berrikustea. Hobekuntza hauen baitan, ekipoak altxatzeko sistema motorizatu baten ezarpena aurreikusten da besteak beste.

Amaitzeko, erabiltzaile zein langileen komunetan irisgarritasuna bermatzeko lanak aipatzen dira. Honekin batera, langile zein artisten baldintzak hobetze aldera, ekipamenduan hainbat egokitze lan jasotzen ditu kanpo txostenak.

Urtebetez itxita

Andoni Arratibel Kultura zinegotziak proiektu konplexua dela adierazi du, eta sail ezberdinen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia izango duela. Hori dela eta, Hirigintza, Kultura eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze sailek elkarlan mahaia eratuko dute proiektua behar bezala gauzatu ahal izateko.

Horrekin batera, Arratibelek Amaia Antzokia urtebetez itxita egongo dela baieztatu du. Itxiera honek eragingo duen hutsunea nola kudeatu jakiteko proiektuaren erredakzioa egin bitarte kultur azpiegituren mapa egingo dute modu paraleloan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak