Denboran atzera egitearen xarma

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ots. 16a, 07:52

Foto Laso ikus-entzunezkoa aurkeztu du Arrasate Zientzia Elkarteak, Iban del Campo zinema-zuzendariarekin elkarlanean ondu duten dokumentala, hain zuzen, eta, funtsean, Pedro Sologaiztoa Laso argazkilari arrasatearrak 60ko eta 70eko hamarkadetan Super 8 bideokamerarekin grabatutako irudiekin osatuta dago lana.

Aste honetan aurkeztu dute ikus-entzunezkoa. Edozelan ere, Arrasate Zientzia Elkarteak 2018an eman zituen lehen pausoak ikus-entzunezkoa egiten hasteko. "Zientzia elkarteko kide Pedro Mari Narbaizaren iloba bat etorri zitzaigun esanez garai bateko irudiak zituela gordeta etxean. Hala, egun batean Super 8 kamerarekin grabatutako hainbat bobinarekin etorri zitzaigun lokalera. Jakin-min handia sortu zitzaigun, baina hasieran arazoak izan genituen irudi horiek ikusteko, ez baikenuen proiektorerik; gero, gainera, proiektorea lortu genuenean ere, ez genuen lortu martxan jartzea", azaldu du elkarteko kide Jose Angel Barrutiabengoak. Beraz, irudi horiek digitalizatzea erabaki zuten. "Bideoak ikusten hasi ginenean, argi ikusi genuen irudi horiek altxorrak zirela, ondare garrantzitsua, baina konturatu ginen 40 ordu inguru zeudela grabatuta eta aukeraketa-lana egin beharko genuela herritarrei erakusteko".

Askotariko ekintzak grabatuta

Garai hartan oso ezaguna zen Laso argazki denda, Jose Mari Lasagabasterrek eta Pedro Sologaiztoak ireki zutena –bi abizen horietatik dator, hain zuzen, Laso izena–. "Lasagabasterrek argazkiak ateratzen zituen, nagusiki, eta arlo horretan profesionalizatu zen. Sologaiztoak, aldiz, argazkiez gain, bideoak ere grabatzen zituen".

Grabazio horien baitan, askotariko ekintzak zeuden. Izan ere, herrian egiten zituzten ekitaldiak grabatzen zituen Sologaiztoak, eta garai hartan ez zen batere ohikoa hori. "60ko hamarkadan oso etxe gutxitan egongo zen bideokamera bat. Gaur egun pentsaezina badirudi ere, orduan argazkilariek etxeko helbidea eskatzen zieten herritarrei, eta haiei ateratako argazkiak etxera bidali", dio Barrutiabengoak.

40 orduko grabazioak zirenez, aukeraketa egin behar izan zuten, eta irizpideetako bat izan zen "desagertutako Arrasate hori" erakusten zuten grabazioak aukeratzea. "Izan ere, batetik, Arrasatek aldaketa handiak izan ditu 60ko hamarkadatik hona, eta, bestetik, ohitura asko ere bidean galdu dira. Beraz, hori aintzat hartuta, irudiak aukeratzen hasi ginen", dio elkarteko kide Jabier Bengoak. "Era berean, Iban del Campo zinemagilearekin harremanetan jarri ginen, eta hortik aurrerako guztia haren lana da".

Hamabost zatitan banatuta

Aukeraketa eta muntaia egin ostean, 62 minutuko ikus-entzunezkoa da emaitza. Hamabost zatitan dago banatuta: 1964ko euskal jaia; urte bereko Vasco-Navarro ziklo-kros txapelketa eta 1965eko gazte mailako ziklo-kros proba; Santa Ageda abestaldearen antzinako ohiturak; Arizmendiarrietari eta beste elizgizon batzuei egindako omenaldia; hainbat urtetako San Juan jaiak; 1967an Mesedeetako ikastetxea eraikitzeko lehen harria jarri zutenekoa; 1969an erretiratuei egindako omenaldia; euskal dantzak, 1971ko liburu azoka, 1977ko ikurrinaren eguna, Seber Altuberi egindako omenaldia eta plazari bere izena jartzeko ekitaldia; EAJren mitin nazionala Gurea zineman; parrokiako abesbatzak Erromara egindako bidaia eta Udala auzoko baserritarren aisialdia.

Bengoaren esanetan, zati hunkigarrienetako bat erretiratuei egindako omenaldia da. "Gure aitona guztiak han zeuden, alkandora zuriarekin eta txaketarekin. Harrera egin ostean, Union Cerrajera lantegiko jatetxean egiten zuten bazkaria eta zozketak ere egiten zituzten". Barrutiabengoak zera gehitu du: "Lehen omenaldia ez bazen, lehenengotarikoa izango zen 1969ko hura".

Kart proba bat Arrasaten, 60ko hamarkadan.

Vasco-Navarro ziklo-kros proba, Arrasaten.

Arrasateko mojak, Seber Altube plazan.

Sokamuturra, Iturriotz kalean, 60ko hamarkadako San Juan jaietan.

Audioa ere, ezinbestekoa

Del Campok nabarmendu du pelikulan agertzen diren irudiak zoragarriak direla. "Gaur egun, halako bideoek ez dute hainbesteko baliorik, herritar gehienek dutelako grabatzeko aukera eta ikus-entzunezkoen gaindosi bat daukagulako, nolabait. Baina garai hartan oso aukera gutxi zegoen halako irudiak grabatzeko. Beraz, badauka balio gehigarri bat material horrek guztiak". Hala ere, zinemagilearen ustez, audioak ere ezinbesteko garrantzia du pelikulan. Izan ere, Sologaiztoak zuzeneko soinuak grabatzen zituen eta muntaia bidez lokuzioak ere eransten zizkien irudiei.

Horrez gain, Del Campok Ahotsak.eus-eko hainbat ahots ere gehitu dizkio ikus-entzunezkoari. "Pentsatu nuen polita izango zela garai hartako Arrasateko testigantzak gehitzea, eta horrelaxe egin dut. Kontakizunari erritmoa eman diote ahots horiek eta oso polita izan da ikustea testigantzak ondo uztartu direla irudietan ikusten denarekin. Hori da muntaiaren magia, oso ezberdinak diren bi elementu elkartu eta ikus-entzunezkoak indarra hartzen duela ikustea", azpimarratu du zinemagileak.

Estreinaldia, otsailaren 23an

Foto Laso ikus-entzunezkoa 2020rako prest zeukaten, eta aurkeztu ere aurkeztu zuten, urte hartako martxoan. Edozelan ere, COVID-19aren pandemia etorri zen eta ez zuten aukerarik izan egindako lana herritarrei erakusteko. Gero, gainera, etenaldia aprobetxatuta, beste hainbat aldaketa ere egin dizkiote azken urteotan, Barrutiabengoak adierazi duenez, eta egindako lana fintzeko baliatu dute. Beraz, orain bai, iritsi da lana pantaila handira eramateko unea. Hasiera batean, behintzat, doako bi emanaldi egingo dituzte, Amaia antzokian: lehena otsailaren 23an izango da, datorren egubakoitzean, eta bigarrena, martxoaren 1ean; biak ala biak, 19:30ean. "Zoritxarrez, Amaia antzokiaren edukiera erdira murriztuta dago, segurtasuna bermatzeko. Edozelan ere, arrasatearrak dokumentala ikusteko gogoz geratzen badira eta eskaria badago, emanaldi gehiago egingo genituzke", nabarmendu du Bengoak.

Lekeitioko kaxarranka dantza, Arrasateko kaleetan, euskal jaian.

Lasori egindako omenaldia

Pelikula hori Lasori egindako omenaldi bat dela dio Del Campok, azken batean, haren begiradatik jasotako Arrasate erakusten baitu. "Edozelan ere, Erromara egindako bidaian emaztearekin batera agertzen den arren, oro har, oso irudi gutxitan agertzen da. Horregatik, Arrasate Telebistan Jose Ramon Elorzak Lasori berari egindako elkarrizketa bat erabili dut pelikularen hasieran, ikusleek lehen momentutik jakin dezaten nor zen, hasieratik identifikatu dezaten", azaldu du zinemagile arrasatearrak. Arrasatearrentzako oparia Gaineratu du Arrasate Zientzia Elkartearen ekimenez gauzatu duten ikus-entzunezkoa ikustea merezi duela, eta "herritarrentzako oparia" dela argudiatu. "Zinemagintzan, oro har, gehien disfrutatzen duzun unea prozesua bera da. Kasu honetan, prozesua plazer hutsa izan bada ere, helburu nagusia da altxor hori arrasatearrei erakustea. Arrasatearrentzako opari bat daukagu esku artean, eta, beraz, denboran bidaiatzera animatzen ditut arrasatear guztiak. Amaia antzokian, gainera, bidaia sakonagoa da, pantaila handian".

Haurren danborrada, Herriko Plazan, oraindik parrokiako arkupea zegoela.

Iban del Campo: "Proiektu bitxia eta berezia izan da, atzerako bidaia zoragarri bat"

Foto Laso presenta ikus-entzunezkoari forma emateaz arduratu da Iban del Campo zinema-zuzendaria (Arrasate, 1971).

Nola bizi izan duzu prozesua?

Oso proiektu bitxia eta berezia izan da niretzat, denboran egindako bidaia zoragarri bat. Funtsean, Lasoren grabaketa amateur horiek hartu eta ordubeteko filma egin dugu. Arrasate Zientzia Elkarteak digitalizatutako material guztia ikusi nuen osorik, eta, Arrasateko kontuak ez ezik, Lasoren bidaia batzuk ere bazeuden. Beraz, hainbeste material izanda, Arrasateko grabazioetan zentratu ginen, eta, nolabait, kronologikoki egituratu ditugu.

Ezagutzen zenituen grabazio horiek aurrez?

Egia esan, ez. Laso dendara joaten nintzen, arrasatear asko bezala, nortasun agirirako argazkiak ateratzera. Gero, argazkilari amateur gisa hasi nintzenean, karreteak ere hara eramaten nituen, baina ez nekien irudiak grabatzen zituenik. Horregatik, sorpresa handia hartu nuen AZEkoek proposamena egin zidatenean.

Haiek altxor gisa definitu dituzte irudiak; hala uste duzu?

Zalantza barik. Batetik, arrasatearra izanik, nire umetasunera bidaiatzeko balio izan didalako; bestetik, zinemagile bezala, halako materialarekin lan egin ahal izatea ederra izan da.

Irudiak bai, baina audioa ere harribitxia dela diozu.

Bai. Batetik, oso deigarria egin zitzaidan Lasoren bobina originaletan zuzeneko soinua egon izana. Izan ere, Super 8 kamera askok ez zuten aukerarik ematen zuzeneko audioa grabatzeko, eta aparte grabatu behar izaten zen garai hartan. Lasok, gainera, zuzeneko soinuari lokuzioak gehitzen zizkion. Irudiak altxorrak dira, baina baita jatorrizko bobinetan dauden soinuak eta musikak ere, garaiko abestiak ere jasota baitaude.

Garai hartarako, "pribilegio hutsa"

Super 8 bideokamera 60ko hamarkadan sortu zuten, eta, hain zuzen, 8 milimetroko zabalerako filma erabiltzen duen formatua da. Garai hartan, oso jende gutxik zuen halako kamera bat Arrasaten, eta, Del Campok adierazi duenez, bazen zinema amateurra egiteko modu bat. "Gainera, familia bati goi mailako estatusa ematen zion bideo kamera hori edukitzeak, ez zelako batere merkea. Horrez gain, zinema ez zegoen horren demokratizatuta. Beraz, pribilegio hutsa zen", dio. "Nik betidanik izan dut gustuko zinema analogikoa, Super 8, Super 16 edota Super 35 kamerekin grabatutakoa. Digitalizazioaren aroan bizi garen arren, zineman ere badago analogikoarekiko miresmen hori, eta analogikoan lan egiteak, zailtasun gehiago ere badituen arren, badu xarma berezi bat. Beste pisu bat ematen dio irudiari, beste kalitate bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak