Herrikideen aurrean aurkeztu du Josu Arteagak bere bigarren liburua

Txomin Madina Milikua 2024ko ots. 10a, 17:00

Kulturateko Jokin Zaitegi gela jendez bete zen egubakoitz iluntzean arrasatearrak idatzi duen Memorias de la mar ciega liburuaren aurkezpena jarraitzeko.

Josu Arteagaren lehen liburua, Historia universal de los hombres gato, irakurri eta arrasatearraren bigarren lanaren zain zeudenei bukatu zaie itxaronaldi luzea, kalean da-eta Memorias de la mar ciega. Hilaren 9an aurkeztu zuten Arrasaten Madrileko Desacorde argitaletxeak ateratako liburua, eta Kulturateko Jokin Zaitegi aretoa jendez bete zen ekitaldirako. Idazlea eta era berean Arteagaren laguna den Patxi Irurzun izan zen aurkezle lanak egin zituena eta biek ere ederki erabiltzen duten umore fina, edo beltza, erabilita, eleberri berriaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertaratu zirenei.

Lehenengo lana bezala, bigarrena ere benetan existitzen ez den Olariz herrian kokatu du bere lan berriena atzoko aurkezpenean jasotako babesarekin oso eskertuta dagoen Arteagak. Bertan kontatzen duenaz xehetasun gehiegi eman gabe, istorio asko batzen dituen lana dela dio: "Pasadizo pila bat daude, batzuk etxean entzun izan ditudanak. Euskal Herrian azken urteetan indarkeriagatik-eta bizi izan dugun egoera berezia ere islatzen da. Eta beste alde batetik, Olariz herrian gertatzen den zerbait ere kontatzen da, herritarrak horren kontra jendea borrokatzera daramana. Istorioak pilatzen doaz, eta hasieran kontatzen dudan gezur potoloa egia borobila bihurtzen da amaieran".

"Ni ez naiz idazlea, nire ogibidea ez da hau eta ez dut horretarako tresnarik ere. Hala, ezkutuan, isilean idazten dut. Ni irakurle amorratua naiz batez ere, eta tarteka, ez dakit zergatik, argitxo bat piztu eta idazten hasten naiz", gaineratzen du Arteagak, eta liburu berrirako ideia duela hamar urte inguru izan zuela zehaztu. "Duela hamar edo hamaika urte hasi nintzen ideiari buelta ematen, eta hasieran presio barik. Bukatu takarraran bukatu behar izan dut, etxeko ordenagailuarekin ordenagailuarekin arazo bat izan nuelako".

Josu Arteaga, bere bigarren liburua eskuetan duela.

Orain arte irakurri dutenek liburua iritzi ona izan dutela dio, eta esker oneko hitzak ditu liburua kaleratzeko lan egin duten guztientzat: “ Liburuaren azalean norbere izena agertzen bada ere, atzean daude atzean daude  itzultzailea, zuzentzailea, maketatzailea, argitaletxekoak… eta horiek ere sekulako lana egiten dute. "Lehen liburua bezala bigarrena ere frantsesera itzuliko duten galdetuta, horretarako bidean dela erantzuten du La Banda del Abuelo musika taldeko kidea ere baden Josu Arteagak. "Itzulita dago, eta orain Frantziako argitaletxeetan ari dira mugitzen ea norbaitek kaleratzen duen".

Liburua, "mucho bueno"

Egubakoitzeko ekitaldian aurkezle lanak egin zituen Patxi Irurzunek Memorias de la mar ciega goraipatzen du. “Josuren ahotsa oso berezia da, niri betidanik gustatu zait bere literatura eta bere Olariz herriko mundua. Beti gomendatzen diot jendeari Josu idazlea, eta gaurko aurkezpenean esan dudan bezala, Josuren liburua da mucho bueno. Horrelako esango lukete Olariz herrian”. Eta hitz ederrak ditu baita ere arrasatearrak darabilen estiloarekiko: “Zuzena da eta zuzena izateaz gain, poesia eta filosofia apur bat ere sartzen ditu, baita umorea ere. Badu zerbait ezberdina, gomendagarria da oso".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak