Emakumeei gaztetatik arlo zientifikoa modu naturalean hurbiltzea du helburu topaketak eta ikasleengana heltzeko profesionalek testigantzak eta hausnarketak partekatu dituzte.
Hitza hartu zuen lehena izan zen Mondragon Goi Eskola Politeknikoko berdintasun taldeko Arantxa Gonzalez de Heredia eta Genero ikuspegia proiektuetan nola txertatu hitzaldia eskaini zuen. Sexua, generoa edota aniztasuna bezalako aldagaiak proiektuetan txertatzeko metodo edota pista batzuk eman zizkien ikasleei proiektuen "bikaintasuna" lortu ahal izateko.
Ikus-entzuleak gazteak izan ziren eta azpimarra jarri zuen Gonzalez de Herediak horretan uste baitu oso garrantzitsua dela "gaztetatik, txikitatik" horren garrantzia azpimarratzea eta hasieratik egiten dituzten proiektuetan aurrez aipatutako aldagai horiek era kontziente batean kontuan hartzea: "Ez dadila izan ezjakintasunagatik genero ikuspegia ez dutela txertatzen".
Ondoren, Euskal Herriko lau enpresatako ordezkariek azaldu zuten genero ikuspegia nola sartzen duten euren proiektuetan.
Erronka ikasleei
Topaketa ikasleei botatako erronka batekin amaitu zen. Ikasleek hitzaldian jasotako irizpide eta hausnarketak kontuan izanik, ikastetxean egin duten proiektu bati generoaren ikuspegiaren egokitzapena txertatu beharko diote. Ostean, egokitzapen guztiak jaso eta bideo labur batean (60’’ gehienez) azalduko dituzte. Epaimahaiak baloratuko ditu jasotako lanak bideo onenari saria emango zaio apirilaren 25ean ospatuko den Neskak IKTetan Nazioarteko egunean.
Bisita gidatuak
Ekitaldi honetaz gain, Mondragon Unibertsitateko laborategietara bisita gidatuak izango dira datorren aste osoan zehar bertako egunerokotasuna ikertzaile eta irakasleen bitartez ezagutuz. Arrasateko Iturripe Campusa ezagutzeko aukera egongo da otsailaren 14an, 10:00etatik 11:30era bitartean.