Antonio Caballero: "Boxeolariak bi kontrario ditu: pisua eta pareko aurkaria"

Xabier Urtzelai 2024ko ots. 2a, 16:13

Antonio Caballero (Arrasate, 1967) da debagoiendarren artean Joko Olinpiarretan parte hartu duen kirolari apurretakoa. Arrasatek eman duen boxeolari nabarmenetakoa, 1988an Seulgo Joko Olinpiarretarako sailkatu zen. Zapatuan Uarkapeko jaialdian omendu zuten.

1988an Seulgo Joko Olinpiarretan parte hartu zuten kirolarien artean bi arrasatear izan ziren. Bedoñako Rafa Axpe plater tiroan lehiatu zen, eta Antonio Caballero boxeoan. Baina Caballerok GOIENAri aitortu dio esperientzia hark ez ziola bereziki zapore gozoa utzi. Gehiago gozatu zuen beste borrokaldi batzuetan. Esaterako, 1986an, Ordizian, Vallecasko potro ezizenez ezaguna zen Poli Diaz handiari aurre egin zionean. 90eko hamarkada hasieran, Expoaren aitzakian, Sevillara joan zen lan bila, eta han bizi da ordutik. Gaur egun, boxeo entrenatzailea da.

Zer iruditu zitzaizun zapatuan Uarkapen egin zuten boxeo jaialdia?

Ikusgarria izan zen; harrituta geratu nintzen. Ixa Rodriguezek eta Sorabox-eko lagunek lan handia egiten dihardute inguruan ostera ere boxeoa sustatzeko. Ez pentsa erraza denik jaialdi batera 500-600 lagun eramatea. Sevillan ez dugu halakorik lortzen.

Arrasateko hainbat boxeolari egon ziren bertan.

Bai, eta txukun ikusi nituen. Egia da amateur mailako boxeolariak direla; Urrutia, esaterako, hasiberria da. Oraindik esperientzia pilatu behar dute, egin gabe daude. Baina ringera igotzeko egin zuten esfortzuari ematen diot balioa; ez da erraza horra igotzea. Yaman, esaterako, badakit MMAko borrokalaria dela, eta, esan didatenez, hor ondo moldatzen da. Gainera, senitarteko urrunak gara, eta harekin berba egiteko tartea ere izan nuen. Gomendioren bat edo beste eman nion. Ikusten da beste borroka arte batetik datorrela, eta akats batzuk egin zituen, normala den moduan. Esan nion benetan gozatzen duen horretan zentratzeko, eta MMA bada, aurrera. Ez naiz kirol jarduera ezberdinak nahastearen aldekoa.

Zapatuan egin zioten omenaldiko une bat. Argazkia: Peru Atxa.

Zuk zeuk boxeoan murgilduta jarraitzen duzu gaur egun.

Bai; Sevillako gimnasio batean egiten dut lan, boxeo entrenatzaile. Lagun batek kickboxing eskolak ematen ditu, eta nik boxeoan jarduten dut. Aurten hiru boxeolari atera ditut, Andaluziako txapeldun izan da bat... Dakidana irakasten saiatzen naiz. Uste dut boxeoak gazteei on handia egiten diela, eta saiatzen gara baliabideak ez dituzten gazteei laguntzen, gimnasioko kuota ordaintzeko kapaz ez direnei ere laguntzen. Beti diot gazteak gimnasioan badaude ez direla kalean noraezean ibiliko. Boxeoa ez da ukabilkadak ematea soilik, errespetuan eta esfortzuan oinarritzen den kirol jarduera da, nahiz eta kanpotik kirol gogorra dirudien. Eta bai, bada. Baina bizitzarako ikasgai asko ematen ditu: diziplina, errespetua, ondokoari laguntzeko kultura...

Gaztetan, zelan hasi zinen boxeoan?

San Andres auzoan jaio nintzen, eta, ondoren, Erguingo auzora joan ginen bizi izatera, Malvinetako etxeetara. Hala, gaztetan inguruko krosetara joaten nintzen korrika egitera, baina 13-14 urterekin Musakolako gimnasioan hasi nintzen boxeoan. Orduan, Jose Grille zen entrenatzailea; Arrasaten boxeoaren alde lan izugarria egin duen gizona da Grille, berba onak baino ez ditut harendako. Gure entrenatzailea baino gehiago izan zen, eta hark irakatsi zigun jakin beharreko guztia. Orduko hartan ez genuen ezer ordaintzen gimnasiora joatearren, eta, gainera, borrokaldietan dirutxo bat irabazten genuen. Sasoi hartan taldetxo bat elkartu ginen, boxeoan ibilbide oparoa izan zuten Santi eta Amaio Galan anaiak... Oso talde giro polita geneukan Musakolako gimnasioan.

Eta amateur mailako borrokaldietan hasi zineten...

Bai; Errenterian egin nuen lehen borrokaldia, 1981ean. Donostian, Ordizian, Arrasaten bertan... Beste lurralde batzuetako jaialdietara ere joaten ginen; oroitzapen onak dauzkat. Gogoan ditut Grillek Arrasaten [Musakolako kiroldegian] antolatu zituen jaialdiak. Guretako plazer hutsa ziren: etxean bertan lehiatzea, etxekoen eta lagunen aurrean... Tira, uste dut gurasoak ez zirela inoiz etorri borrokaldi batera [Barre], baina lagunak bai etortzen ziren.

Caballero, aste barruan Arrasaten. 

Espainiako txapelketetan ere lehiatu zinen.

Bai, hiru urtez. Tenerifen 1984an diploma irabazi nuen, Almerian 1986an brontzezko domina eta 1987an zilarra. Denbora tarte hartan beste hainbat borrokaldi izan nituen. Esaterako, lehen aipatu dudan Poli Diazen kontra egin nuen borroka ondo gogoan daukat. Ordizian jendetza batu zen jaialdi hartan, eta ikuskizun ona eman genuen biok, ikusleak pozik joan ziren etxera, nahiz eta epaileek baliogabeko borrokatzat eman zuten; alegia, berdindu egin genuen.

Espainiako selekzioaren deia iritsi zitzaizun arte...

Soldaduska egiten nenbilen orduan (1987), Loiolako kuartelean, eta hautatzaileak deitu ninduenean baiezkoa eman nuen, bereziki, soldaduskatik alde egiteko. Berez ez zidan grazia handirik egiten selekzioarekin egonaldiak egiteak, baina soldaduskan baino hobeto egongo nintzelakoan esan nuen baietz. Entzunda neukan hautatzailea oso zorrotza zela... Ez pentsa oso konbentzituta joan nintzenik. Baina bi urtez egon nintzen selekzioarekin, Pontevedran, Madrilen... Nazioartean ere borrokak egiten genituen... Urte haietan boxeoan jardun nuen %100. Hala ere, urte gogorrak izan ziren, etxekoengandik urrun...

1988ko Seulgo Joko Olinpiarrak gainean zeuden, eta serio prestatzen hasteko ordua zen...

Hori da; urte hartan nazioartean hainbat borrokaldi egin nituen: Parisen, Venezian, Grezian... Haiek Joko Olinpiarretara sailkatzeko aurretorneoak ziren. Grezian, esaterako, zilarra irabazi nuen eta Espainiako beste bi boxeolariren kontra lehiatu nintzen: Bonifacio Martin Ochaita eta Oscar Vega. Urte hartan Bonifacio eta biok sailkatu ginen Seulerako, eta 1992an Oscar Vega ere Jokoetan izan zen. 

Olinpiar Jokoek ez zizuten zapore onik utzi; zergatik?

Motibo askorengatik. Berez nirea baino bi kategoria arinagoetan lehiatu behar izan nuen, eta horrekin asko sufritu nuen. Nik denbora askoan 54 kiloz azpiko kategorian egin nuen borroka; alegia, luma-pisuan. Seulgo Joko Olinpiarretarako, berez, 51 kiloz azpikoan lehiatu behar nuen; hau da, euli-pisuan. Kontua da, baina, Bonifacio Martin eta biok pisu berean geundela, eta niri eskatu zidaten hurrengo pisura jaistea; alegia, mini euli-pisura. Horrek esan nahi zuen 48 kilo baino gutxiago pisatu behar nuela.

Zelan moldatu zinen pisu horretara iristeko?

Gogoan dut Seulera joateko hegaldia hartu aurretik oraindik ez nuela pisurik ematen. Hegazkinera igo behar nuen unean pisatu egin nintzen, eta 48 kilo eta 300 gramo nituen. Seulen gorriak eta bi ikusi nituen. Hamabost egunez itxaron behar izan nuen han nire borrokaldia iritsi aurretik. Ia jan gabe, deshidratatuta, gauetan lo egiten nuen bitartean izerdia botatzeko plastikoak jartzen nituen gorputzaren bueltan, eta egunean birritan entrenatzen ginen. Ez nuen gozatu, ez.

Ez zenituen beste kirolariak ikusi?

Boxeo kanporaketa batzuk ikusi nituen, eta onena izan zen atletismoan 100 metroko lasterketa ikusi ahal izan nuela. Ben Johnson eta Carl Lewis aurrez aurre ikusi nituen; ondoren, Johnsonek positibo eman zuen eta urrea Lewisi eman zioten... Gogoan dut euren abiadurarekin txundituta geratu nintzela. Gainontzean, entrenatu eta hotelean atseden hartu, ez nuen besterik egin.

Ez dira borrokaldi batera joateko kondizio onenak...

Ez; oso makal joan nintzen. Lehenengo borrokaldian Vietnamgo Dang Hieu boxeolariak kanporatu egin ninduen. Esango nuke borrokaldia kontrolpean izan nuela une oro, baina pare bat esku sartu zizkidan eta une baten lurrera joan nintzen. Ez nuen borrokan jarraitzeko arazorik, baina epaileak borrokaldia geratzea erabaki zuen. Egia esan, momentuan ez nuen erabaki hura ondo ulertu. Baina tira, ez nuen egun ona izan; kirola halakoa da.

Eliteko kirola eta osasuna batzuetan ze urrun dauden...

Gaur egun pentsatzen dudanean garai hartan zelakoak egiten genituen... Anaia guztien artean ni naiz txikiena, eta garbi daukat gaztetan pisua zaintzeko egiten genituen gauzen ondorioa ere badela; ez nintzen behar den moduan hazi. Boxeolariak bi etsai izaten ditu: aurrean izan behar duen kontrarioa eta pisua. Borrokaldi baten aurrean pisua eman behar duzunean, eta pisu hori 48 kilo azpikoa bada... Gaur egun nire ikasleei ez diet elikadura mugarik jartzen; egon daiteke gazteren bat ikusten duzuna gizen samar dagoela, eta horrekin egin daiteke bestelako lanketa bat, baina entrenatze hutsarekin joango dira pisua galtzen eta gorputza egiten. Izan ere, gazteek hazi egin behar dute ondo; aurrerago etorriko dira pisua galtzeko saiakerak, eta horiek ere ondo egin behar dira. Baina ez, ez dute osasunarekin zerikusirik.

Pisaketaren ostean ordu gutxian kiloak errekuperatzen dituztelako.

Nik ikusi dut borrokaldi baterako 10 kilo galdu dituena eta pisaketaren ondoren ordu gutxian 8 kilo errekuperatu dituena. Hori ez da ona, ez.

Seulgo Joko Olinpiarren ondoren eskularruak zintzilikatzea erabaki zenuen; zergatik?

Nik ere neure buruari egin izan diot galdera hori. Arrasatera bueltatu nintzenean, Udaletik lanposturen bat izango nuela agindu zidaten, baina ezerezean geratu zen promes hura. Garbi neukan hurrengo Joko Olinpiarretara joateko ez neukala beste lau urtez boxeoan horren zorrotz jarduteko gogorik. Seulgo hitzordua prestatzeko familiatik urrunduta ibili nintzen, gogor entrenatzen... Nekatu egin nintzen bizimodu harekin. Eta Sevillan Expoa egin behar zutenez, han bazegoen lana. Baina bai, boxeo jaialdietan parte hartzen jarrai nezakeen, eta ez nuen egin, boxeoa utzi nuen. Seulen ondoren beherakada izan nuen; nik uste dut motibazioa galdu nuela. Eta gaztea ere banintzen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak