Santa Ageda abesbatzak bermatuta du etorkizuna. Hain zuzen, hori irudikatzeko prentsa agerraldia egin dute abesbatzako beteranoek eta taldera batu diren gazteek, udal ordezkarien laguntzarekin. Eider Garro, Amaia Agirre eta Leire Etxezarreta izan dira gazteen ordezkariak, eta azken horrek nabarmendu du pozez hartu dutela erreleboa. "Egia da orain arte, kanpotik, urruneko zerbait moduan ikusi izan dugula Santa Ageda abesbatza. Hala ere, iaz hamar bat gazte animatu ginen tradizio hori barrutik ezagutzera, eta oso ondo joan zen eguna. Hori ikusita, aurten deialdia zabaldu dugu eta 30 gazte izango gara. Urteek aurrera egin ahala, erreleboa hartzea komeni da, eta pozik gaude horren parte izateagatik". Gaineratu du funtsezkoa dela herriko ohitura kulturalen jarraipena bermatzea.
Juan Bautista Agirre abesbatzako kide beteranoa ere hunkituta azaldu da: "Abesbatzako kide gehienok adin nagusikoak gara, eta bada garaia gazteek erreleboa hartzeko. Zortez, hirugarren belaunaldiko gazteak etorri zaizkigu, eta talde moduan, gainera. Beraz, etorkizuna bermatuta dagoela esango nuke".
Helburu solidarioekin kantuan
Aspalditik datorren tradizioaren berri eman du Agirrek, eta, era berean, tradizioak berak izandako eboluzioaz ere hitz egin du: "Badirudi, hasiera batean, Santa Ageda egunean bertan, otsailaren 5ean, egiten zela kantu-eskea, eta egunaren amaieran egiten zuten afarirako baliatzen zutela diru kantitate hori. Baina 1955. urte inguruan, parrokiako abesbatzatik abiatutako koruak kantu-eskea egun bat aurreratu, eta bezperan ateratzea erabaki zuen. Gainera, helburu bat jarri zioten kantu-eskeari: egunean bildutako dirua ospitaleak zituen beharrei erantzuteko izango zela".
Gaur egun, oraindik ere, bezperan irteten dira kalera, eta helburu solidarioekin abesten jarraitzen dutela azpimarratu du abesbatzako kideak. "Bildutako diru guztia behartsuenei dohaintzan ematen zaie. Modu horretan, laguntza eta elkartasun ariketa bat izateaz gain, kaleak girotu eta euskal kantuez gozatzeko aukera dugu, eta tradizioa bizirik mantentzen dugu".
Udaletxeko harrera, 14:00etan
Maider Morras Arrasateko alkatea eta Andoni Arratibel Kultura zinegotzia ere pozik eta eskertuta azaldu dira "belaunaldiartekotasunaren transmisio kulturala bermatuko duen" ekimenarekin. "Iaz hamar gazte aritu ziren kantuan eta aurten 30 izango dira, emakumeen presentziarekin, gainera, eta hori oso garrantzitsua da guretzat", azaldu du alkateak. "Hazia jarrita dago, eta jarraipena ematea baino ez da falta. Ea urtez urte geroz eta gazte gehiago batzen diren", gehitu du.
Era berean, ohiturari jarraituta, abeslariei harrera egingo die Udalak. 14:00 inguruan helduko dira udaletxera eta sarrerako eskaileretan egingo dute kantuan. "Aurten, gainera, udaletxeko ateak zabal-zabalik izango ditugu, nahi duen herritarrak bertaratzeko aukera izan dezan. Oso hunkigarria izango da ikustea antzinako ohiturak gaur egungo gazteriarekin nola uztartzen diren", dio Morrasek.
Instagram kontu bat ere badute
Aurten 30 gazte batuko badira ere, gehiago izatea da helburua, eta Etxezarretak nabarmendu du ate guztiak zabalik dituztela. "Ekimen herrikoia da, askotariko herritarrak elkartzen dituena, eta edozein batu daiteke, noski". Hala, gogorarazi dute Instagramen kontu bat ere badutela: @mondrageda.