ALBISTEAK

Lau eguneko egitaraua Inauteriak ospatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 31a, 17:36

2024ko Inauterietako kartela eta egitaraua aurkeztu ditu Arrasateko Udalak eta, besteak beste, mozorro lehiaketa, kale animazioak eta dantzaldiak edota sardinaren hileta izango dira otsailaren 9tik 13ra arte. 21.608 euroko aurrekontua izango dute jaiek eta Udalak garbiketa zerbitzua indartuko du ospakizun egun horietan.

Iaz kuadrilla onenaren saria jaso zuen taldeko ordezkariak, Andoni Arratibel Kultura zinegotzia, Izaro Sanchez kartelaren egilea eta Iñaki Gurrutxaga Harristi batzordeko kidea izan dira Inauterien aurkezpenean. Arratibelek azaldu duenez, lau eguneko egitaraua izango da aurten. Harristi-k nabarmendu du urtez urte indarra hartzen ari den jaia dela Arrasaten. "Ea eguraldiak laguntzen digun eta herria jaian murgiltzen den. Urtetik urtera geroz eta indar gehiago ikusten da eta ea aurten ere hori ikusten dugun".

Otsailaren 9an, egubakoitza, hasiko da 2024ko Inauterien egitaraua, Arrasate Musikaleko ikasleen kontzertuarekin. 18:00etan hasiko dute emanaldia, Amaia antzokian.

Zapatua, otsailak 10, "egun handietako bat" izango da. Biteriko pregoiak emango dio hasiera desfileari, 12:00etan, eta Herriko Plazan amaituko da. Bertan banatuko dituzte mozorro lehiaketaren sariak, guztira bost sari: kuadrilla onenari, karroza onenari, kuadrilla gazte onenari, taberna onenari eta bakarkako mozorro onenari. "Mozorro lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra desfilean parte hartzea izango da", azaldu du Kultura zinegotziak. Epaimahaiari dagokionez, aurreko urtean kuadrilla onenaren saria jaso zuen taldea izango da.

Honako hauek izango dira sariak:

  • Kuadrilla onena: Urdaiazpikoa+plaka+1.000 euro.
  • Karroza onena: Urdaiazpikoa+plaka+500 euro.
  • Kuadrilla gazte onena: Urdaiazpikoa+plaka+300 euro.
  • Taberna onena: Urdaiazpikoa+plaka+300 euro.
  • Bakarkako onena: Garaikurra+Gazta+150 euro.

Kartela, Izaro Sanchezena

Inauterietako kartel lehiaketaren irabazlea, beste urte batez, Izaro Sanchez aretxabaletarra izan da. "Kolore oso biziak erabili ditut, Inauterietako saltsa irudikatzeko. Gainera, Inauteriak guztiok bizi ditugula irudikatzeko, herriko eraikuntza esanguratsuenei begiak jarri dizkiet, herriak berak jaiaz gozatzen duela adierazteko".

2024ko Inauterietako egitaraua

Otsailak 9, egubakoitza
• 18:30 Arrasate Musikalen ikasleen kontzertua, Amaia antzokian.

Otsailak 10, zapatua
• 12:00 Pregoia. Ondoren, desfilea.
• 13:00 Mozorro lehiaketaren sari banaketa, Herriko Plazan.
• 18:00 Arrasate Musikaleko txarangaren kale animazioa.
• 19:30 eta 22:30 Bide Batez taldearekin dantzaldia, plazan.

Otsailak 11, domeka
• 19:30 Esnearen kolorekoa antzezlana, Amaian (Tanttaka).

Otsailak 13, martitzena
• 17:00 Disko festa Biteri plazan, Txatxilipurdirekin.
• 17:00 Azken festa pailazo ikuskizuna, Amaia antzokian (Tomaxen Abenturak).
• 17:30 Samasiku txarangaren animazioa, herriko kaleetan.
• 18:30 Arrasateko Erraldoien eta Kilikien Konpartsaren kalejira.
• 19:30 Disko festa Nemux taldearekin.
• 21:00 Sardinaren hileta. 20:30ean Kulturolatik abiatuko dute desfilea, eta plazan bukatu. Gero, disko festa, Nemux taldearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak