Otsailetik ekainera arteko egitaraua aurkeztu du Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 30a, 11:23

Emakume migratuen gunea, Emakume Txokoan, 2022an.

Jabetze Eskolako plangintzan egongo diren iraupen luzeko hamaika ikastaroez gain, bi ikastaro labur ere eskainiko dituzte, "trinkoagoak". Izena emateko epea otsailaren 5etik 9ra egongo da zabalik, hemen.

Emakume Txokoak, hogeigarren urteurrena ospatu ostean, lanean jarraitu du eta dagoeneko aurkeztu du otsailetik maiatzera arteko egitaraua. Modu horretan, formazioa eta topagunea ardatz dituen emakumeentzako Jabetze Eskolan, konfiantzazko guneak eskaintzen jarraitu nahi dute, "elkar irakurriz, zainduz eta aktibatuz".

Hainbat gai eta lan-ildo izango dira eskolan hiruhileko honetan: "Emakumeon* autonomia eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko bitartekoak eskuratuko ditugu; osasunari, zaintzari, sormenari, kulturari… lotutako hainbat gai landuko ditugu gure bizitzetako eta inguruneko esparruetan eragiteko, ikuspegi feministatik; finean, hausnarketa feministetan sakondu, eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa landuko ditugu", nabarmendu dute.

Askotariko tailerrak

Besteak beste, aukera egongo da emakume filosofoen ekarpena ezagutzeko, filosofian aditu Marisa Hurtadoren "ikastaro berri interesgarri" batekin. Era berean, gorputz paisaia ere landuko dute, Alba Fernandez dantzariaren "proposamen berritzailearekin".

Emakume Txokotik aipamen berezia egin nahi diote haurren kontrako sexu indarkeriaren inguruan gogoeta proposatzen duen tailerrari. Apirilean egingo duten gune horretan, gaian sakondu ahal izango dute Maitane Urizar Elorzarekin: "Nondik abiatzen da indarkeria mota hau? Zein da gaur egungo egoera Euskal Herrian? Zer egin genezake horrelako egoera batekin topo egiten badugu?", adierazi dute.

Bestalde, Mejilon Tigre kolektiboko kide Ane Garciak hitza eta sormena pizteko tailerra eskainiko du maiatzean.

Gune iraunkorrak ere, martxan

Otsailarekin batera martxan jarriko duten beste ekimen bat Jabetze Eskolako gune iraunkorra da. "Hor parte hartzen duten kideek irakurketa feminista zerrenda interesgarria osatu dute", diote. Datak eta irakurketak iragarrita daude liburuxkan. Era berean, emakume migratuek ere izango dute tailer berri bat, Loratzen izenekoa, Marisol Abreurekin, "haien artean elkartzeko, eta lanketa pertsonala eta kolektiboa egiteko".

Zinema ziklo berria

Egitarau orokorrean, Arantza Santestebanek gidatuko duen zinema ziklo berri bat jarriko dute martxan: Zinema Berbaldi Feministak. "Zinearen bitartez, hausnarketa feministak egingo ditugu hainbat gairen inguruan. Filmak harribitxiak izango dira, denon eskura, doan, Kulturaten areto nagusiko bi saioetan. Adi, hortaz, ziklo horretan eskainiko diren filmei eta horien inguruan izango ditugun aurkezpenei eta solasaldiei".

Martxoaren 8ak, egitarau propioa

Egitarau orokorrean txertatu dute Martxoaren 8ko egitaraua ere. Zerrenda horretako hainbat ekintza, gainera, jakinarazi dituzte. Batetik, emakume baserritarren eta ekoizleen azoka egingo dute martxoaren 9an. "Bestetik, bi liburu aurkezpen ere izango ditugu, eta ekimen horietan aukera izango dugu feminismoaz, literaturaz eta zaintzaren gaiez solas egiteko".

Aurrez, ordea, Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak Arnas betean filma aurkeztuko dute Amaia antzokian, eta hausnartuko dute emakumeek zinemagintzari egindako ekarpenaren inguruan. Udaleko Kultura sailaren laguntza duen ekimena da azken hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak