Emakume Txokoa: aitzindari eta, 20 urtez, eredu

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urr. 20a, 11:10

Argazkiak: Arrasateko Emakume Txokoa.

20. urteurrena du aurten Arrasateko Emakume Txokoak, 2003ko apirilean zabaldu baitzituen ateak. Horren harira, erakusketa eta jardunaldi feministak prestatu dituzte.

"Denbora asko pasatu dela dirudi, baina, era berean, oso gertu ditut hasiera hartako oroitzapenak". Maite Barreñaren berbak dira. Emakume Txokoaren ibilbide osoaren testigu izan da, Arrasateko Udaleko Berdintasun Saileko arduradun gisa, eta sorrerako urteak "oso politak" izan zirela dio. "Emakume Txokoa amets kolektibo bat izan zen garai hartan, gerora egi bilakatu zena. Arrasateko Udaleko Berdintasun Sailak harreman estua zuen Arrasateko Mugimendu Feministarekin, eta, hainbat proiekturen artean, emakumeentzako espazio propio bat izatearen ametsa sortu zen. Hasiera batean, galdera arinak egiten genizkien gure buruei, baina gaiari buruz berba gehiago egin ahala, indar handiagoa hartzen joan zen proiektua, gorpuzten. Konturatu ginen gure esku zegoela bide hori jorratzea".

2003an, ez zen ohikoa udaletan berdintasun sailak egotea, "oso udalerri gutxitan zeuden", Barreñaren esanetan. "Era berean, ez zen ohikoa sail horretako teknikariak egotea, ezta udalaren eta herriko mugimendu feministaren arteko harremana estua eta iraunkorra izatea ere", dio. Arrasateren kasuan, faktore horiek guztiak elkartu ziren eta horrek egin zuen posible Emakume Txokoa. "Mugimendu feministaren bultzada nabarmena izan zen. Elkarrizketa sakon bat egon zen orduko Udal Gobernuarekin, eta hark borondatea eta konpromisoa erakutsi zuen proiektua aurrera ateratzeko. Horrekin batera, aurrekontu bat onartu zuten Emakume Txokoa egiteko".

Orduko hartan, gaztetxea egiteko proiektua zegoen Arrasaten, eta eraikinaren goiko aldean Emakume Txokoa egitea bururatu zitzaien. "Hain zuzen, gaztetxeetatik ere hartu genituen ideiak, ikusita nolako sinergiak sortzen ziren gazteen artean", azaldu du Berdintasun Saileko arduradunak.

Autoestima lantzeko tailerra, 2004an.

Kanpoko babes eta erreferente falta

Arrasate mailan oso prozesu kolektiboa eta babes handikoa izan bazen ere, berdintasun politiketan aritzen ziren Udalaz gaindiko erakundeek, Emakundek edota Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez zuten begi onez ikusi proiektua, Barreñak nabarmendu duenez. "Are gehiago, esango nuke erantzun ere ez zigutela egin; ezer gertatuko ez balitz moduan jokatu zuten", dio. "Udalaren konpromisoa erabatekoa izan arren, kanpotik ez genuen inolako babes ekonomiko, politiko zein ideologikorik".

Horrez gain, ez zeukaten inongo erreferenterik, ez Europako hiri handietan eta, are gutxiago, herri mailako proiektuetan. "Hiriburuetan bazeuden bestelako espazio kolektiboak, kultura arlokoak, esaterako, baina herrietan ez genuen gurea bezalako proiekturik topatu. Beraz, amesten genuen hori idazten hasi ginen", adierazi du Barreñak.

Era berean, Ermuan ere antzeko egoeran zeuden. "Arrasateko Mugimendu Feministak harreman estua zuen Ermuko Mugimendu Feministarekin eta Ermuko Berdintasun Saileko teknikari Bego Fernandez eta biok ere lagunak ginen. Bi herrietan ari ziren sortzen proiektuak, eta gai asko elkarbanatu genituen", dio Barreñak. Modu horretan, Euskal Herri mailan aitzindari izan ziren Ermuko Emakumeen Topalekua eta Arrasateko Emakume Txokoa.

Eskalada ikastaroa, 2016an.

Mikromatxismoen inguruko ikastaroa, 2016an.

Ekonomia feminista lantzeko tailerra, 2018an.

Izaera berezia duen gunea

Esther Lizarralde da, hasiera hartatik gaur egunera arte, Emakume Txokoko dinamizatzailea, eta kargu hori hartu izana amets bat izan zela aitortu du. "Master bat egitetik nentorren, berdintasun teknikarien lehenengo promoziotik. Ni ez naiz arrasatearra eta ez nuen ia ezagutzen, baina mugimendu feministatik nentorren, eta proiektu honen berri izan eta hemen lanean hasteko aukera izatea zoragarria izan zen", azpimarratu du. "Proiektu aitzindaria izan zen, anbizio handiarekin egindakoa eta babes feminista indartsu bat zeukana. Horrek eman zion izaera berezi bat Arrasateko Emakume Txokoari".

Esther Lizarralde eta Maite Barreña, Emakume Txokoan, aste honetan.

Jabetze Eskola, 2007tik

2007an sortu zuten Jabetze Eskola, "gune berezitu" gisa. "Formakuntza eta topaketa gune bezala sortu genuen, emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboa sustatzea helburu hartuta, saretzeko eta eragiteko. Diskriminazio egoera bat bizi dugu eta horretaz kontzientziatzeko ere balio du, gai feministen inguruan hausnarketa bultzatzen dugulako", dio Lizarraldek.

Ibilbide horretan, emakume askok prozesu pertsonal eta kolektibo bat garatu dute eta horietako askorentzat "gune seguru" bat da, Lizarralderen arabera. "Haien bizitza pertsonaletan eragin bat izan du, eta ahalduntze hori errealitate bilakatu dela ikusi dugu hainbat emakumerengan. Hau da, paperean jasotzen ditugunak gauzatu egiten dira haien bizitzetan, eta Emakume Txokoak lagundu egiten du prozesu horretan".

Barreñak gaineratu du emakume askok aitortzen dietela Emakume Txokoak bizitza aldatu diela. "Harrigarria da nolako sinergiak eta konplizitateak sortzen diren hemen. Askok esan izan digute Emakume Txokoan aitortu dituzten gauzak ez lituzketela beste inon aitortuko. Urte batzuk atzera eginda, ezagutu izan ditugu emakumeak hona etortzeko gizonari baimena eskatzen ziotenak edota ezkutuan etortzen zirenak. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira".

Lana ari da fruituak ematen

Hogei urteko ibilbidean, "prozesu luze bat" garatzen joan direla dio Lizarraldek, eragile eta herritarrekin elkarlanean. Gaineratu du emakumeei politika publikoak hurbiltzea ahalbidetu duela Emakume Txokoak. "Hemen kontaktua oso zuzena da teknikarion, elkarteen, mugimendu feministaren eta herriko emakumeen artean. Espazio fisikoak berak eta gertutasun horrek eman diote indarra Emakume Txokoari, eta horrek bilakatu du erreferentziazko gune".

Arbolapetan egindako topaketa bat, 2018an.

Emakume migratuen gunea, 2022an.

Era berean, azken urteetako lorpenik handiena, Barreñaren esanetan, zera izan da: "Emakumeonak izatetik guztionak izatera pasa dira gai asko. Lortu dugu zalantzan jartzea garai batean axiomak edo egi borobilak ziren horiek. Duela hogei urte, inork gutxik jartzen zuen zalantzan maskulinitate hegemonikoa, eta, gaur egun, bestelakoa da egoera. Biolentzia matxistari dagokionez, gauza oso gogorrak jasan behar izan ditugu epaileen partetik edota poliziaren partetik, baina erakutsi dugu biolentzia matxista estrukturala dela. Halaber, 2003an, jada aldarrikatzen genuen zaintza ez zela emakumeen kontua bakarrik, eta, gaur egun, greba feminista orokor baten atarian gaude. Erabat onartuta dago zaintzaren ardura kolektiboa eta komunitarioa izan behar dela eta hori feminismoak lortu du. Izan ere, feminismoak norbanakoak eraldatzen ditu, baina baita jendarte osoa ere".

Gaur egun, hiru teknikari ari dira Berdintasun Sailean. "Erakutsi dugu arlo profesionalean ere aktibista izan gaitezkeela. Beste jendarte bat amesten dugulako egiten dugu lan eta gure konpromisoa da Arrasate feministago bat bilakatzea", dio Barreñak; Lizarraldek zera gaineratu du: "Bidearen zati bat egin dugu, baina erronkaz beteriko bide luzea dugu aurretik, ahalduntze kolektiborantz".

Erakusketa eta jardunaldiak

Emakume Txokoak 20 urte! erakusketa egongo da ikusgai Kulturateko klaustroan urriaren 23tik azaroaren 4ra. "Erakutsiko du zenbat gai landu ditugun urte hauetan, zenbat jende eta eragilerekin lan egin dugun, ze eremutan mugitu izan garen eta nondik eragin dugun". Halaber, jardunaldi feministak egingo dituzte, urtemuga borobiltzeko.

'Nahinoranahi' jardunaldiak, egitarau oparoarekin

"Ospatzeko" erabili gura dituzte datorren asteko jardunaldi feministak, baina baita mahai gainean dauden gaien inguruko hausnarketa egin eta etorkizuneko erronkak definitzeko ere. Domeka da izena emateko azken eguna, Arrasate.eus-en.

URRIAK 27, EGUBAKOITZA

  • 09:30 HARRERA Kulturateko areto nagusian.
  • 10:00 MAHAI INGURUA Amestu, pentsatu, sortu. Balore feministak oinarri beste 20!. Irantzu Jauregi Artola eta Ixone Fernandez de Labastida Medina. Kulturateko areto nagusian.
  • 12:00 KAFEA Kulturateko klaustroan.
  • 12:30-14:30 TAILERRAK
    • Feminismo deskoloniala: praktika politiko bat aktibismo feministarako. Luciana Alfaro Lavado. Gaztelaniaz. Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
    • LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurriak. Posible al da hori udalgintzatik?. Laura Muelas de Ayala, Iñigo Etxezarreta Toca. Euskaraz. Kulturateko Loramendi gelan.
  • 15:00 LUNTXA Kulturateko klaustroan.
  • 18:00 TAILERRA Greba feministaruntz! bideo emanaldia; txapak, eta lepoko zapiak egiteko tailerra herriko asanbladaren eskutik. Seber Altubeko karpan.
  • 19:30 EKITALDI FEMINISTA Seber Altubeko karpan.
  • 20:00 TOPA FEMINISTA Nahinoranahi! omenaldia. Karpan.

URRIAK 28, ZAPATUA

  • 09:30 HARRERA Kulturateko areto nagusian.
  • 10:00 MAHAI-INGURUA: Justizia Feminista ehuntzen: erreparazioa, komunitatea, herrikidetza. Laura Macaya Andres, Aurora Iturriotz Lopez eta Justizia Feminista Mintegiko kide bat. Kulturateko areto nagusian.
  • 12:00 KAFEA Kulturateko klaustroan.
  • 12:30-14:30 TAILERRAK
    • Haurtzaroaren kontrako sexu indarkeriaren sekretua hausten. Maitane Urizar Elorza. Euskaraz. Jokin Zaitegi gelan. • Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak: argi-ilunak. Idoia Arraiza Zabalegi eta Aiora Epelde Agirre. Euskaraz. Loramendin.
    • Kalitatezko zaintza jaso eta eskaintzeko eskubidea. Tania Cañas Siriany. Gaztelaniaz. Kulturateko areto nagusian.
  •  15:00 BAZKARI FEMINISTA Seber Altube plazako karpan.
  • 17:00 SOLASALDIA Ba al dago lekurik politikagintzan, feminismotik eragiteko?. Onintza Enbeita Maguregi eta Ainhoa Etxaide Amorrortu. Kulturateko klaustroan.
  • 18:30 KLOWNKLUSIOAK Beatriz Egizabal Ollokiegiren bakarrizketa saioa. Kulturateko klaustroan.
  • 22:00 NAHINORANAHI KONTZERTUA Belen Nevado Mendezen Masa madre bakarrizketa, Alarde Morea eta DJ LatxirOngak. Arrasateko gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak